NAIZ

EH Baiko kontseilariek mugako hesiak kentzeko eskatuko dute Pirinio Atlantikoen Kontseiluan

Annie Povedak eta Iker Elizaldek mozio bat defendatuko dute etzi Pauen iraganen den Pirinio Atlantikoen Kontseiluaren bilkuran. Mugako hesiak altxatzeko galdeginen dute Euskal Herria Bairen hautetsiek Etorbidea oinezkoentzako pasabidea berriro itxi dutela-eta aurkezturiko adierazpenean.

Frantses poliziak Prefekturaren aginduz Etorbidearen zubian ezarritako hesien atzean.
Frantses poliziak Prefekturaren aginduz Etorbidearen zubian ezarritako hesien atzean. (Patxi BELTZAIZ)

Annie Povedak eta Iker Elizaldek izenpeturiko mozioa eztabaidagai izanen du uztailaren 7an Pirinio Atlantikoen Departamenduko Kontseiluak Pauen eginen duen bilkuran.

Euskal Herria Baiko bi departamendu kontseilariek mugako hesiak altxatzea galdeginen dute, zehazki Etorbidearen zubia berriro itxi dutela-eta aurkezturiko adierazpenean.

Testuaren hasieran bi hautetsiek nabarmentzen dutenez, «guztiok ikusi ahal izan dugu Frantziako Tourraren zeharkaldiak gure departamentuan izan duen eragin mediatikoa, eta, bereziki, Euskal Herrira igarotzean eragin duen giro herrikoia eta politikoa».

Jarraian azaldu dute mundu osora zabaldu den ekitaldiaren oihartzun handiak ahalbideratu duela, besteak beste, «Hendaiako mugako oztopoak ere kentzea Avenida zubian».

Uztailaren 3an, Tourra Gipuzkoa atzean utzita eta Lapurdira sartu baino oren batzuk lehenago azken bi urte eta erdiz hesituta izan den oinezkoentzako pasabidea zabaldu zuen Hendaiako auzapezak, Kotte Ezenarrok, Prefekturaren onespenarekin.

«Batzuk Gobernuaren graziazko egoera batekin sinetsi edo amets egin zuten baina tartuferia oso erreala zen eta hain galdegina den askatasun horrek ordu batzuk besterik ez zuen iraun» azaldu dute, horren harira, hautetsi abertzaleek.

24 orenen bueltan Irungo eta Hendaiako auzapezak zubiaren irekiera ozpatzetik pasabidea berriz blokeatzeko Prefekturak hartu zuen deliberoa deitoratzera pasatu zuten.

«Mundu osoko kamerak, lasterkariekin batera pasa bezain laster, errealitate errepresiboak berriro hartu duela gaina, era berean festaren amaiera iragarriz», deitoratu dute, zubiarekin gertaturiko joan eta etorriko erabakia aipatuta, EH Baiko kontseilariek.

Haien mozioan «mugako hesiek arriskua dakartela migrazio bidean dauden pertsonentzat eta beraien bizitzak arriskuan ezartzen dituztela» gogoratu ondoren «jendarte zibilak eta pertsona migratzaileei laguntzen dieten elkarteetako kideek errepresio sistema bat jasaten dutela» aipatu dute Povedak eta Elizaldek.

Bi argudio horiekin batera Pirinio Atlantikoen Departamentuko Kontseiluak 2023ko ekainaren 3an Nafarroako Parlamentuan egindako bilkuran Julien Charles prefetari egindako ahozko galdera aintzat hartzen dute EH Baiko ordezkariek, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak ostiralean eginen duen batzorde iraunkorrak hiru eskaera zehatz babestu ditzala eskatuz.

Muga itxieraren etengabeko luzapenekin amaitzeko beharra

Lehenik eta behin, 2021eko urtarrilaz geroztik frantses Estatuak baliaturiko mugak ixteko luzapenaren amaiera galdegiten dute Euskal Herria Baiko ordezlariek.

Iragan apirilean Bruselari jakinarazitako azkeneko komunikazioaren bidez frantses Gobernuak 2023ko urrira bitartean luzatu zuen Schengen Tratatua ez errespetatzeko erabakia.

Bigarren galdera da Hendaia eta Irun lotzen dituen Etorbidearen zubian berrezarritako hesiak behingoz kentzea.

Hain zuzen ostiralean, arratsaldeko 18.00etan, hesiaren bi aldeetan elkartzeko deia egin diete herritarrei Jose Antonio Santano eta Kotte Ezenarro, hurrenez hurren Irungo eta Hendaiako auzapezek, pasabidearen itxiera salatzeko.

Finean, «pertsona migratzaileak laguntzen dituzten herritarren aurkako errepresio istema amaitzeko» galdegiten dute aipaturiko mozioan EH Baiko departamendu kontseilariek.

Mobilizazioa ostegunean Santiago zubian

Gaur jakin denez, hamabost bat eragilek elkartasuna ez dela delitua aldarrikatzeko mobilizazioa eginen dute, uztailaren 6an, Hendaian.

Hain zuzen, Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, Diakite-Etorkinekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bagera, SOS Arrazakeria, Bizi!, LAB, FSU, Solidaires, EH Bai, EELV, NPA eta Mugak Zabalduz Karabana Iruñea dira mobilizazioaren sustatzaileak.

‘Elkartasunak eraiki. Mugak apurtu, zubiak eraiki’ lelopean uztailaren 6an, 18.00etan, Santiago zubian, Hendaian, elkartzeko gonbidapena zabaldu diete herritarrei.