NAIZ

Mater ontzia Bizkai eta Gipuzkoan barna ibiliko da uztailean ‘Zero Zabor Uretan’ kanpainarekin

Mater ontziak ‘Zero zabor uretan’ kanpaina abiatu du bosgarren urtez. Kanpainaren bidez itsasoan dauden hondakinei buruz hausnartu eta hori konpontzeko irtenbideak bilatu nahi dituzte jendearekin batera. Horretarako, uztailean hainbat portutatik igaroko da Mater.

‘Zero Zabor Uretan’ kanpainaren barnean, Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetatik igaroko da Mater ontzia.
‘Zero Zabor Uretan’ kanpainaren barnean, Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetatik igaroko da Mater ontzia. (Mater | Europa Press)

Mater izeneko ontzi-museoa Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait portutatik pasatuko da uztail osoan, ‘Zero Zabor Uretan’ kanpainaren barnean. Igarotzen den herrietan komunitatearen parte-hartzea sustatuko dute, itsasoan pilatzen diren hondakinen inguruan «hausnartzeko eta irtenbideak proposatzeko».

Kanpainaren bosgarren edizio honetan hainbat eragile batu dira: Lakuako Gobernuko Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saila, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak eta Libera proiektua martxan jarri duten SEO Birdlife eta Ecoembes elkarteak, besteak beste, herritarrak itsasoko hondakinen inguruko arazoaz kontzientziatzeko.

Uztailaren 28ra arte luzatuko da kanpaina; hain zuzen ere, plastikoaren kutsaduraren aurkako nazioarteko hilabetea da uztaila. Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi portutan geldituko da: Bilbo, Portugalete, Bermeo, Ondarroa, Pasaia, Getaria, Mutriku eta Hondarribian. Bertan adin tarte guztietarako ekintzak eta espazioak eskainiko dituzte.

Kanpainak bi protagonista ditu: ‘Zabor’, ezkutuko arazoa, eta ‘Bio’, itsasoaren distira. Bi pertsonaia hauen irudikapenaren bitartez, itsasoko kutsadurak dakarren arazoaz hausnartzeko eta sentsibilizatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Ekimenaren antolatzaileek tokiko erakunde eta instituzioekin lan egiteak duen garrantzia azpimarratu dute. Esan dutenez, tokian tokiko eragileak inplikatzea eta haiekin sinergiak lortzea garrantzitsua da, herriz herri dauden arazoen bitartez irtenbide orokor batera iristeko.