Van Vleutenek ez du aurkaririk eta hirugarren garaipena lortu du Alassioko gailurrean

Herbeheretarrak Italiako Giroko zazpigarren etapa irabazi du, eta atzetik iritsi dira Juliette Labous (DSM) eta Gaia Realini (Trek). Azken horiek koska bat igo dute sailkapen orokorrean, Veronica Ewersen (Education) kaltetan. Ane Santestebanek (Jayco) denbora galdu du, eta hamargarren postuan da.

Van Vleuten eta Lippert Movistarreko txirrindulariak Giroko zazpigarren etapako tropel buruan.
Van Vleuten eta Lippert Movistarreko txirrindulariak Giroko zazpigarren etapako tropel buruan. (@Movistar_Team)

Annemiek van Vleuten (Movistar) aldarte ezin hobean da, eta atzo bezala, gaur ere erakutsi du sailkapen orokorrean ez duela aurkaririk. Horrez gain, txirrindulari azkarra ere bada. Salita mendatearen gailurrera iristeko 1,5 kilometro falta zirenean jo du erasoa, eta Labousek eta Realinik bakarrik eutsi diote herbeheretarrak ezarri duen erritmoari. Niamh Fisher-Black (Sd Worx) ere ahalegindu da, baina atzerago geratu da. Mavi Garcia (Liv Racing) Espainiako txapelduna zihoan lasterketa buruan, eta gailurrera iristerako harrapatu dute gaurko etapan podiumera igo diren hirurek.

Orduan jokatu du azkar Van Vleutenek. Etapa amaitzeko hamar kilometroren faltan Labousen eta Realiniren esku utzi du lasterketa, gerizpean geratuz. Izan ere, Movistarreko txirrindulariak bazekien frantziarrak eta italiarrak sailkapen orokorrean postu bat igotzeko aukera paregabea zutela, ikusita Veronica Ewers (Education) bigarren sailkatua atzean geratu dela.

Helmugara iritsi aurreko lan zikina Labousek eta Realinik egin dute, haien intereserako, eta Van Vleutenek errematatu du, 1,7 kilometroren faltan. Frantziarra iritsi da bigarren hamahiru segundora, eta italiarrak bete du etapako podiumeko azkeneko koska. Hogei segundora iritsi da. Ane Santestebanek (Jayco) denbora galdu du etapan, eta bi postu atzerago kokatu da sailkapen orokorrean. Orain hamargarrena da (+9.12ra)

Italiako Giroko zazpigarren etapan tropelak 109,1 kilometro korritu ditu Albengatik Alassiora. SD Worx taldeak eman du lasterketa hasi baino lehenagoko albistea: Lorena Wiebesek (SD Worx) Giroa utzi du Tourra prestatzeko. Harez gain, Elena Cecchini (SD Worx) taldekidea ere ez da atera gaurko etapan.

Hasiera lasaia izan dute txirrindulariek, Elena Pirrone (CGS) italiarra mugitzen hasi den arte. Bakarrik egin ditu zenbait kilometro, baina tropelak 48 kilometroren faltan harrapatu du, Il Vigneton mendatean. Malda horretan ez da mugimendurik egon, denak batera joan dira. Fem van Empelek (Jumbo Visma) lehena pasatu da gailurreko pankarpetik puntuak biltzeko. Zortzi bildu ditu eta 24 ditu guztira. Oso urrun du Van Vleuten: 52 ditu herbeheretarrak.

Zuhaitza astindu nahian

Tontorretik beherako bidean lehena mugitzen Anouska Koster (Uno X) izan da. Herbehereetako txapeldunak minutu bateko aldea egitea lortu du, baina Movistarrek kate motzean lotu nahi izan du, eta tiraka jarri da tartea murriztu nahian. Azken-aurreko mendatea igotzen hasi direnean harrapatu dute Koster.

Hamabost kilometro zituzten aurretik txirrindulariek: Salita bigarren mailako mendatea eta Alassio hirugarren mailakoa bestea. Realiniren taldekideak hasi dira tiraka, haren erasoa prestatu nahian. Demi Volleringekin (SD Worx) batera, Italiako txirrindulari gaztea izan zen Van Vleuteni atzean uzteko gai izan den bakarrenetako bat. Realinik Espainiako Vueltako seigarren etapa irabazi zuen itzalean utzita herbeheretarra, eta Lagos de Covadongan ere berdina egin zuen. Hori bai, etapa hori Volleringek eraman zuen. Gutxik esan dezakete hori. Gaur, ordea, ezin izan du balentria hura errepikatu.

Trek tiraka ari zela zuhaitza astintzen lehena Fisher-Black (SD Worx) izan da. Wiebesek lasterketa utzi ostean berak eraman du esprinterraren maillot berdea. Zeelandaberritarraren erasoak ez du jarraipenik izan, eta Realinik hartu du ardura, podiumeko koskara igotzeko asmoz. Hurrena erasoa jotzen Mavi Garcia (Liv Racing) Espainiako txapelduna izan da, eta aldea handitzea lortu du. Bosgarrena zen sailkapen nagusian eta erritmo ona mantendu du. Espainiarrak denbora tarte batez eutsi dio 25 segundoko aldeari, eta Van Vleutenek burua hotz mantendu du, tartea ixteko ardura aurkariengan utziz.

Salitako tontorrera iristeko 1,5 kilometroren faltan bota du erasoa herbeheretarrak, eta bere gurpilari itsatsi dira Labous eta Realini. Hirukoteak Garcia berehala harrapatu du eta lasterketaren buruan jarri dira. Hortik aurrera, Van Vleutenek besteen gain utzi du ardura, eta bukaeran etaparen bila joan da oparirik egin gabe.

Bihar atseden eguna izango dute, Sardinian korrituko dituzten azken bi etapen aurretik.

Sailkapen nagusia

1. Van Vleuten: 18:06:11
2. Labous: +3.56ra
3. Realini: +4.25ra
4. Ewers: +5.35ra
5. Magnaldi: +5.37ra
6. Ludwig: +6.16ra
7. Garcia: +6.25ra
8. Fisher-Black: +6:58ra
9. Persico: +7.01ra
10. Santesteban: +9.12ra.