Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevue
Ramon Erostarbe
Tolosaldeako entrenatzailea

«Arraunlariek ikusi dute gauzak ondo eginda hor goian egoteko aukerak ditugula»

Tolosaldeako trainerua bigarren geratu da Coruñan, eta lortutakoak garaipen zaporea du. Ohorezko txandan egon nahi dute, Ramon Erostarbe (San Pedro, Pasaia, 1966) entrenatzailearen hitzetan. Pasa den larunbatean Galizian gertatutakoaz ere aritu da: lehen estropada bertan behera geratu zen.

Ramon Erostarbe Tolosaldeako entrenatzailea San Pedroko arraun elkartean, Pasaian.
Ramon Erostarbe Tolosaldeako entrenatzailea San Pedroko arraun elkartean, Pasaian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Pasai San Pedron jarri du hitzordua Ramon Erostarbek. Tolosan itsasorik ez denez, bertan entrenatzen dute. Irribarrea aurpegian du Tolosaldeako entrenatzaileak: pasa den igandean bigarren egin zuten Euskotren Ligako lehen estropadan. «Jarri guapo!» bota dio arraunlari batek Erostarberi, argazkirako posatzen ari zenean. Ekarrizketa egin bitartean, batek baino gehiagok agurtu du Tolosaldeako entrenatzailea. Herrian ezaguna dela ematen du; patroi izandakoa da.

Bigarren urtea du Tolosaldeako entrenatzaile gisa, eta traineruak ere bigarrena egingo du Euskotren Ligan. Entrenatzailearen ustetan, «urte batean pilatutako esperientzia sumatzen da». Aurten, iazko tentsio eta urduritasunak atzean utzita, arraunlariak «gehiago disfrutatzen eta dena ematen» ari dira. Orio, Arraun Lagunak eta Donostiarra traineruen artean muturra sartzeraino? Beste galdera batzuen artean, horri ere erantzun dio Erostarbek. Asteburu honetan larunbatean (17.30ean) Donostian izango dute estropada, eta igandean (11.25ean) Zierbenan.

Pasa den larunbateko estropada ez zenuten jokatu uretaratzeko arazoak zirela eta. Arriskutsua zegoen eremua? Ba al zegoen beste planik?

Larunbatean trainerua uretaratzeko oso gaizki zegoen, eta nik esan nuen ezin ginela horrela atera. Gainera, saiatu ginen trainerurik gabe uretaratzen, eta urak eraman egiten gintuen. Ontzia uretaratzeko oso gaizki zegoen; arraun egiteko, aldiz, ez. Baina arazoa zen ez genuela lekurik trainerua uretaratzeko, eta arriskua zegoela mutil zein neskentzako. Ez ziren uretaratzeko baldintza hoberenak eta normalenak.

B planik ez egotea? Guztiz zentzugabea iruditzen zait, are gehiago horrelako liga batean. B plan bat egon behar da, eta beste urte batzuetarako aurtengotik ikasi behar dute. Beste aukeraren bat bilatu behar da. Matadero hondartzan arrapala bat dago beherantz egiten duena eta kala bat duena. Coruñako portuan ere egin daiteke. Portutik estropadak jokatzen diren eremura zer egongo dira hogei bat minutu?

Hemen ere baditugu halakoak. Orion, adibidez, klubetik estropada eremura hamar-hamabost minutu daude. Zarautzen ere Getariatik uretaratzen gara... Alternatibak behar dira. Ezin dena egin da Galiziara joan, sekulako bidaia egin, eta horrelako egun batean liga honetan B planik ez egotea. Uretaratzeko istripuak egon zitezkeen.

Igandean jokatu zenuten estropada, eta bigarren egin zenuten. Nola joan zen bueltako bidaia?

Bueltako bidaia polita izan zen, pozik etorri ginen. Baina baita nekatuta ere. Bidaia luzea zen, eta nahiz eta ezetz ematen duen, arraun egin ostean akituta zaude. Hala ere, ez du zerikusirik estropadan bigarren eginda bueltatzeak edo zortzigarren eginda bueltatzearekin. Alde horretatik bidaia polita eta alaia izan zen.

Lehen txandako eta estropadako bigarren denborarik onena egin zenuten. Postu horrek garaipen zaporea du?

Bai, izugarria izan zen. Ez duzu espero, hori delako errealitatea: hankak lurrean izan behar ditugu, eta jakin nolako taldea dugun. Multzo nahiko estua izan dugu, orain moldatzen aritu gara, azterketak-eta izan dituztelako. Ezin izan dugu ontzia behar bezala osatu orain dela bi astera arte, eta pixkanaka joan behar dugu. Bigarren postuan geratzea emaitza oso ona da egon ziren baldintzak ikusita. Bide horretatik jarraitu behar dugu: ohorezko txandan geratu eta pixkanaka eduki behar dugun maila hartu.

Patroi lanetan Izaro Lestayo aritu zen. Beste arrazoi batzuen artean, horrelako egunetarako fitxatu duzue getariarra?

Bai, horrelako estropadetan oso garrantzitsua da patroia. Maialen [Amondarain] oso ondo ari da, baina oso gaztea da eta eskarmentua eta indar gehiago hartu behar du. Aurten Izarorekin [Lestayo] askoz ere berme gehiago ditugu, batez ere itsasoko estropadetan. Iaz hori falta zitzaigun. Ontzia oso ondo menperatzen du, eta berme bat da. Oso fitxaketa ona da.

Nola ikusi zenituen arraunlariak?

Oso ondo ikusi nituen, finkatuago. Iazko hasierako hiru estropadekin alderatuta, zeinetan denak urduri baitzeuden, ez du zerikusirik. Egin behar zutena egitera atera ziren: arraun egitera. Une oro esan nien disfrutatzera, arraun egitera, direna izatera eta neguan egindako guztia praktikan jartzera joan behar zutela. Egia esan, nahiko ondo egin zuten, eta ikusi zuten gauzak ondo eginda hor goian egoteko aukerak ditugula, beste guztiekin borrokan. Iaz geunden bezala: Orio eta Arraun Lagunak gu baino aurrerago zeuden, baina Donostiarrarekin lehia estua izan genuen: larunbatean batek irabazten zuen, igandean besteak. Horrela ibili ginen azken estropadara arte. Aurten Donostiarra denak baino puntu bat gorago hasi da, eta orain indarrak berdintzen ari dira pixka bat. Ea zer geratzen den hemendik aurrera.

Ondo hasi eta bukatu zenuten estropada. Agian ziabogan izan zen estropadan egin zenuten akats bakarra?

Egia da ziaboga ez genuela ondo egin, ezta abiatzea ere. Baldintzak oso txarrak ziren: laugarren kaletik gindoazen, eta haizeak asko jotzen zuen, ababor aldera eramaten gintuen. Bigarren minututik aurrera ziaboga egiteko oso zaila zegoen. Brankakoak ezin izan zuen arrauna ondo hartu olatua ondo eteteko, eta biran pixka bat ireki ginen. Baina azken luzea oso ona izan zen; beraz, bata bestearengatik.

«Ezin dena egin da Galiziara joan eta sekulako bidaia egin; eta liga honetan B planik ez egotea horrelako egun batean»

Lestayok EITBko kameren aurrean adierazi zuen arraunlariei esan ziela: «Orain hasten da liga neskak: sinistu». Gehiago sinistu behar al du Tolosaldeak?

Bai, pixka bat gehiago sinetsi behar dute. Hemen denek entrenatzen dute, denak berdinak gara eta urak bakoitza bere lekuan jartzen du. Estropadaz estropada joan behar dugu; egun batean ondo eta beste batean oso gaizki. Nik beti esaten diet haiengan konfiantza izan behar dutela.

Helburua da hiru oilarren artean muturra sartzea?

[Barreak] Helburua txanda horretan egotea da, eta kito.

Barrez ari zara... Hori gehiegitxo esatea da?

Bai.

Zortzi ontzi egoteak eragiten du, besteak beste, txanda batetik bestera baldintza diferenteak izatea eta puntuetan alde handiagoa ateratzea. Lehen estropadan, ikuskizuna ez da falta izan.

Zortzi izanda, estropada batetik bestera sailkapena asko aldatzen da, eta horregatik, kontu handia eduki behar da beti. Lehen estropadan bigarren geratu gara, baina larunbatean badakigu zazpigarren edo zortzigarren gera gaitezkeela. Edozer gerta daiteke. Mutiletan iaz gertatu zen bezala. Hondarribia lehena zihoan, estropada batean hanka sartu zuen, eta horregatik liga galdu zuen, eta Urdaibaik irabazi.

Egunez egun eta estropadaz estropada joatea oso garrantzitsua da. Oriok orain lau puntura du liderra, baina agian larunbatean irabazi egingo du, Arraun Lagunak bosgarren geratuko da eta gu seigarren. Hori da zortzi izateak duen handicap-a. Alde batetik ona da, eta beste alde batetik, ikusi beharko da nola funtzionatzen duen emakumezkoetan.

Asteburu honetan beste bi bandera jokoan. Lanean jarraitu behar da, ezta?

Bai, noski. Egunerokoan lanean jarraitu behar dugu. Larunbatean estropada bat izango da, eta igandean beste bat, guztiz desberdina. Argi daukagu dena ematen badugu goian egon gaitezkeela, baina erakutsi egin behar da.

Taldeak bigarren urtea egingo du Euskotren ligan. Sumatzen da urte bateko eskarmentua dutela?

Bai, pasa den igandean haien aurpegiak ikustea besterik ez zegoen. Gogoratzen naiz iazko lehen estropadan, Bilbokoan, zer nolako tentsioa eta urduritasuna zuten. Euskotren ligan geundela konturatzerako, asko kostatu zitzaien. Aurten beste modu batera ekin diogu; gehiago disfrutatuz, dena emanez, eta iazko ontzietatik ahalik eta gertuen egoten saiatuz.

Aurten zortzi arraunlari joan dira; kanpotik lau etorri eta gero etxekoekin osatu duzue trainerua. Harrobia akuilu duzue Tolosaldean?

Bai, harrobia oso garrantzitsua da, eta horrekin lan egitea gustatzen zait. Aurten bateletan lanean aritu naiz, eta emaitza oso onak izan ditugu. Horren guztiaren gauzarik zailena da harrobikoek arraunean jarraitzea. Iaz utzi zuten gehienak harrobikoak izan ziren eta zartada handia da, baina gaur egun hau da dagoena. Azkenean, bat ezin duzu behartu arraunean jarraitzera; gauza asko daude, lan asko, ikasketak... Kirola oso sakrifikatua da udan, duten adinarekin lagunekin ere egon nahi dute... Baina harrobitik tira egin behar da bai ala bai.

Patxi Francesekin etorri zinen klubera eta orain barruraino sartuta zaude. Gazte mailako koordinatzailea ere bazara.

Iazko denboraldia amaitu ostean zuzendaritzak proposatu zidan klubeko koordinatzailea izatea. Gehien bat denek arraunkera berdina izan dezaten. Izan ere, behetik datozen neskak gora badoaz eta trainerura iristen badira eta ni ontzi horretan banago, denek arraunkera bera izan behar dute. Nire betebeharra zen ontzi guztietan neurri berdinak ezartzea, eta denek modu berean arraun egitea. Horrez gain, klubean dauden entrenatzaileen koordinatzailea naiz.