Naroa Apaolaza

Txingorraz beteriko «pintxo-potea», ezohiko ondorioekin Gasteizko hainbat txokotan

Kazkabarraz beteriko ilunabarra izan zen Gasteizen ostegunean. Jendea tabernatan, etxeetan edo edozein aterpetan babestu zen «golf piloten tamainako» txingorra eta geroko zaparradaren ondorioz. «Ezohiko ekaitzak» ondorio larriak izan ditu eraikinetan, ibilgailuetan, zuhaitzetan eta pertsonengan ere.

Osteguneko txingorrak ondorio larriak ekarri ditu Gasteizen.
Osteguneko txingorrak ondorio larriak ekarri ditu Gasteizen. (Europa Press)

Kristal-hautsiak, auto mailatuak, ura etxe eta tabernatan; hori izan da atzoko «ezohiko zaparradak» utzitako panorama. Arratsaldeko zortziak aldera txingor  ekaitza hasi zen; batez ere Gasteizko Alde Zaharrean. Ostegunero bezala, kalean zebilen jendea momentu batetik bestera edozein txokotan babestu behar izan zen. Gasteizko bizilagun askok 2009an izandako txingorra gogora ekarri dute.

Hiriko Alde Zaharreko kaleak izan dira kalte gehien jasan dituztenak. Aiztogile, Zapatari eta Hedegile kaleko etxe eta tabernentzako gaurkoa «egun latza» izan da. Goizean goiz atari eta beheko pisuko lonjetatik ura ateratzen aritu dira eraikinen jabeak; baita ekaitzean zehar eroritako hostoak kentzen ere.

Hainbat etxeetako kristalak ere hautsi zituen txingorrak. «Sabai leihoak, leihoak, teilatuko erretenak, dena zapuztuta geratu da», adierazi du Alde Zaharreko bizilagun batek. Gainera, kazkabarraren ondorengo zaparradaren ondorioz, eraikinak urez gainezka daudela adierazi du bizilagunak.

Kalean aterperik gabe zeuden ibilgailuek ere kalte larriak izan dituzte. Autoetako kristalak zapuztu zituen eta nabariak dira hainbat ibilgailuetan utzitako mailatuak. Hori dela eta, hiriburuko auto tailerrak gainezka aritu dira ostiralean, bizilagun askoren kalteak konpontzen.

Zenbait bizilagun, ospitalera

Kazkabarrak aterperik gabe ere harrapatu ziten hainbat gasteiztar. Zenbait bizilagun ospitalera eraman behar izan zituzten txingorren kolpeak eragindako kalteengatik. Kazkabarrak zuen tamaina nabarmendu dute askok; «golf piloten» tamaina, alegia. Gainera, ekaitzak jendearen urduritasuna areagotu zuen, eta udalak jakinarazi du dei ugari egon zirela «izu-atakeak direla eta».

Zuhaitzetik eroritako hosto berdek txingorra estali zuten zaparradaren ondoren. Gasteizko kaleetako zuhaitzen hostoak erortzean, kaleetako estolderia estali eta errepidean baltsa ugari sorraraztea eragin zuen, trafikoa are gehiago motelduz.

Gainera, txingorrarekin hainbat txori hil ziren; Aranako parkean, adibidez, ostiral goiz honetan topatu dituzte.

 

Ostiral eguerdian Maider Etxebarriak, Gasteizko alkateak; eta Iñaki Guturbaik, segurtasun kontseilariak, kazkabarrak sortutako ondorioen inguruko balorazioa  eskaini dute. Bertan, ekaitzean zehar emandako «erantzunaz» eta gaurko eguneko egoeraz aritu dira.

«Momentu honetan gure helburu nagusia eroritako hostoak kentzea da, hiriko estolderia oztopatzen baitute», adierazi du Etxebarriak. Horretarako, Gasteizeko kaleen garbiketaz arduratzen den enpresetako langileek bere eguneko lana moldatu behar izan dute. Ostiralean ekortzeko makinak zuhaitzetatik eroritako hostoak kentzera bidali dituztela adierazi du bertako langileak.

Horretaz gain, Guturbaik ostegunean izandako kalteen errepasoa egin du eta nabarmendu du egoera «normaltasunerako bidean» dagoela. «Momentuz hainbat arazo konpondu dira, eta horretan lehentasuna jartzen gabiltza», adierazi du segurtasun kontseilariak. Alkateak «pazientzia» eskatu du, eta arazoak lehenbailehen konpontzen saiatuko direla adierazi du.

Ostiral honetan urduritasuna da nagusi gasteiztarren artean, arratsaldean ere ekaitzak aurreikusten baitira. Hala ere, Etxebarriak azpimarratu du osteguneko ekaitza «ohiz-kanpokoa» izan zela eta gertatuz gero, horretarako baliabideak «prest» dituztela.