Kartak mahai gainean
Ongi dago alderdi bakoitzak zer nahi duen azaltzea. Ezinbestekoa da nork bere helburu politikoak publiko egitea. Merkatura tomate bila zoazenean, garrantzitsua da tomate bat erosten duzula ziurtatzea. Berdina bozkatzeko orduan, zer babesten ari zaren jakiteak badauka bere pisua. Baina gehiengo absolutuak desagertu diren garaiotan, bakoitzak zer nahi duen bezain garrantzitsua izan daiteke norekin nahi duen jakitea. Entsalada bat egiteko osagaien bila joan, eta etxera iristean poltsan tripakiak topatzea gertatu daiteke eta. Edo alderdi abertzale bat bozkatu eta alkatetza bat eskuin espainiarrari ematen bukatzea.
Galdera airean da: EAJk babes bera lortu izanen luke Durangon edo Bastidan, besteak beste, PPrekin hartu-emanetan sartuko zela aldez aurretik esan izan balu? Erantzuna ez dugu inoiz jakinen, baina galdera zilegia da.
Maiatzeko hauteskundeak pasa dira, eta uztailaren 23ari begira gaude dagoeneko, zeharka bada ere. Baina galdera are pertinenteagoa da orain, euskal alderdiei dagokienez behintzat. Madrilen nor babesteko prest dago bakoitza?
Jelkideek euri bozkatzearen erabilgarritasuna dute aldarri kanpaina honetan. Arrazoia ematea baino ez dagokigu, eta esker ona, hain mezu argigarria eskaintzeagatik: jakina boto erabilgarriena dela, Madrilen boterera ezkerra zein eskuina eramateko balio baitu EAJ bozkatzeak. Hortxe gakoa, eta hortxe galdera, aukera biak izanda, ez lukete azaldu behar zeinen alde eginen duten?
EH Bilduren kasuan galderak ez du biderik, bere botoak eskuinari aurre egiteko erabiliko dituela adierazi baitu alderdiak. Madrilgo gobernabilitatean sartzeak ezker independentistari ireki dion joko-zelai zabala berriz murrizteko desioa nabarmena da, ordea, Sabin Etxean, eta hori lortzeko bide zuzenena da Monkloan Alberto Nuñez Feijoo instalatzea. Tentazioa ez da txikia. Horregatik, galdera inoiz baino beharrezkoagoa da, eta hautesleak merezi du erantzun bat: euren botoak erabakigarriak badira Feijoo edo Sanchez presidente izendatzeko, zein izanen da EAJren hautua?