Zabaleta-Gaminde, gazteak indartsu San Fermin Torneoan

Goiuri Zabaleta, 14 urteko aurrelaria, eta Enara Gaminde, 16 urteko atzelaria, dira Emakume Master Cup-ek antolatutako San Fermin Torneoko txapeldunak. Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses 17-22 menderatu dituzte eguerdian Labrit pilotalekuan jokatu den final gogorrean.

Gaminde, ezkerrean, eta Zabaleta, eskubian, txapelak jantzita garaipena ospatzen.
Gaminde, ezkerrean, eta Zabaleta, eskubian, txapelak jantzita garaipena ospatzen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gazteak indartsu etortzea izaten da kirol baten osasunerako albisterik onena, eta alde horretatik lasai egon daitezke esku pilota munduan, neska gazteak sekulako maila erakusten ari direlako txapelketa joan eta txapelketa etorri. Azkeneko adibidea gaur eguerdian eman dute Goiuri Zabaleta 14 urteko aurrelariak eta Enara Gaminde 16 urteko atzelariak, San Fermin Torneoko finalean Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses 17-22 menderatuta.

Olatz Arrizabalaga tartean den bakoitzean gertatzen den moduan, gorriak ziren hasiera batean txapela janzteko faborito. Baina lehen bizpahiru tantoak jokatzerako argi geratu da finala gogorra izan zitekeela. Aurrean Olatzek konfiantza gehiago ematen zuen arren –Zabaletari kosta egin zaio partidan sartzea–, atzean Enara Gamindek nahiko argi dominatzen zuen piloteoa, bikote bakoitzari garaipenean sinisteko arrazoiak emanez.

Hori bai, hasiera horretan abantailak ia beti gorrien aldekoak izan dira. Ohikoa den bezala, Olatz Arrizabalaga jokoan asko sartzen eta errematean erasokor ibili da. Benetan aipagarriak gernikarrak 6-3an jo duen gantxo aparta eta 8-3koa nola sinatu duen pilota txokoan goxo utzita. Uxue Oses ere bikain ari zen defentsan.

Baina une batez neurketa apurtzeko arriskua ere ikusi den arren, urdinek ez dute amore eman eta gai izan dira markagailua 10-9 parekatzeko. Faktore asko batu dira horretarako: Arrizabalagak huts egindako bizpahiru erremate, Zabaletak sakez egindako pare bat tanto...

Finala gogortzen joan da

Kontua da finala apurka-apurka gogortzen joan dela, eta frontoian egiten zuen beroak ere ez zuen laguntza arnasari buelta ematen. Une batean ematen zuen Enara Gaminde izango zela pott egingo zuena. Aurkariek pilota asko atzeratu dute neurketaren fase horretan eta atzelari laukiztarrak hiru pilota galdu ditu jarraian (13-9).

Ikuskizunarentzat zorionez, orduan Goiuri Zabaleta agertu da aurreko koadroetan finala bere alde bideratzen hasteko. Bere-berea duen errematerako trebetasunarekin hiru tanto ikusgarri sinatu ditu leitzarrak: 13-10ekoa atzera jota, eta 13-11koa zein 13-12koa dejadarekin.

Goiuri Zabaletak sekulako erakustaldia eman du neurketaren bigarren erdian (Iñigo URIZ / FOKU)

Ez da kasualitatea. Uxue Osesek jokoan galdu duen lehen pilota ere orduan iritsi da, 14-13an, eta amaieran lau izan ditu galdutakoak, nekeak eta beroak faktura pasa dutenaren seinale. Hala ere, gorriek azken abantaila bat izan dute, 17-14koan, Oñatiko atzelariaren eta Arrizabalagaren tanto eder banarekin tartean.

Baina hortxe geratu dira, urdinek azken zortzi tantoak jarraian egin baitituzte. Zabaletak azken txanpan bere bertsiorik onena erakutsi duen bitartean –azkenean 10 izan ditu jokoan eginak eta beste 3 sakez–, Arrizabalagak eta Osesek behera egin dute nabarmen.

Hori bakarrik ez, aurrelari gernikarra une batean zorabiatu ere egin da eta atseden batean pilotalekutik irten behar izan du haize apur bat hartzera. Partida amaieran esan duenez ez da ezer larria izan, baina une oso txarrak pasa omen ditu azken tanto horietan.

Azkenean, urdinak 17-22 garaile eta sekulako poza bikote gaztearentzat. «Hau sekulakoa da. Hasieran kosta egin zait partidan sartzea, baina gero hobeto sentitu naiz. Beraiek huts batzuk egin dituzte eta horrek ere lagundu digu. Ospatu beharko da», aitortu du Goiuri Zabaleta nafarrak neurketa amaieran.