Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Donostiarraren arratsalde biribila: garaipen bikoitza «etxeko estropadan»

Donostiarrak astindu ditu VII. eta XV. Bandera Fabrika. Etxean garaile atera da Kaiarriba, emakumezkoetan zein gizonezkoetan estropada dotorea burututa. Sailkapen nagusian, Eusko Label ligan Zierbenak lidertza sendotu du; Euskotren ligan, Arraun Lagunakek bigarren egin eta lidertzan jarraitzen du.

Nerea Perez Donostiarrako patroia bandera astintzen.
Nerea Perez Donostiarrako patroia bandera astintzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiarrak nekez pentsatuko luke lehian zeuden bi banderak inoiz bereganatzea egun berean, bada balentria historiko hau etxean bertan egin du, VII. eta XV. Bandera Fabrika astinduta. Emakumezkoetan, ziabogan asmatu du Nerea Perezek, bai eta poparean ere, dotore arraun eginda. Gizonezkoetan, bigarren txandan lehiatuta lortu dute garaipena. Zierbenak, ligako liderrak eta ohorezko txandako irabazleak, estutu du azken metroetan baina azkenean ezin izan du Kaiarribaren denbora ondu (segundo bat eta 74 ehunenetara geratu da). Azken lau urteetan, gizonezkoen taldea, hirugarren aldiz gailendu da etxeko estropadan.

Igor Makazagak gidatutako eskifaiak sekulako estropada egin du, Urdaibairekin indarrak neurtuz eta tarte zabala irekita. Lehen luzean parekatuta joan dira Donostiako eta Bermeoko ontziak; Zabalaren gizonek aurrea ere hartu dute lehen ziabogatik atera direnean baina bigarren luzean, 9 segundo atera die Kaiarribak –hiru segundoko aldea jan eta beste seiko tartea irekiz–. Hor egon da koska, bai behintzat bigarren txanda nork irabaziko. Lekittarra eta Ondarroa segituan jokoz kanpo geratu direla. Azkenean, Isuntza helmugaratu da hirugarren eta ondarroarrak, ondo sufrituta, laugarren. 

Aldeak handitzen joan dira donostiarrak baina azken luzerako su pixka bat gordeta zeukan Gorka Aranberrik eta olatuak baliatuta, tartea jaten joan da. Azkenerako, baino, motz geratu zaio laugarren luzea eta Donostiarrarengandik bost segundora iritsi da. «Ontzia soltatzen denean aprobetxatu egin behar da eta momentuan momentukoa egiten asmatu dugu», adierazi du Igor Makazagak, aurreko astean Coruñatik minduta iritsi zirela onartuta.

Ohorezko txandan, Zierbenak berretsi du pasa den astekoa ez zela kasualitatea izan eta lidertza sendotu du Donostian bigarren eginda. Bere txanda irabazi bai, baina ezin izan du bandera astindu, nahiz eta Hondarribia, Getaria eta Oriokiko nagusitasuna agerian utzi. Hondarribiarekin ere izan du ika-mika, bigarren luzean, eta bandera urdina erakutsi dio epaileak. Ohorezko txandako bi oilarren arteko lehia –sailkapen nagusiko lehen biena, alegia–, baina, ezerezean geratu da galipoak tarteak handitzen hasi direnean. Azken luzean estutu dute bizkaitarrek, Aitor Lazkanoren patroitzan, jakitun Donostiarraren denbora ontzea gertu zeukatela. Urduritasun handiarekin bizi izan dute azken luzea, bitartean, Kaiarriban baina azkenean bandera etxean geratu da.

Arkaitz Diaz patroia bandera astintzen eta eskifaioko kideak garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Bihar, igandea, Zierbenan lehiatuko dira eta galipoen patroi Lazkanok adierazi du ohore bat dela lidertzan iristea etxeko estropadara, nahiz eta bigarren bandera irabaztea xede zeukaten.

Lehen txandan, bestalde, Cabo nagusitu da, Getaria eta Lekittarrak baino denbora hobea markatuz, eta meritu handiko bosgarren denborarik onena eginda. Kaiku, Ondarroa eta Orioren artean kokatu da azkenean, eta Santurtzi eta Samertolameuk itxi dute XV. Bandera Fabrika estropadako sailkapena.

Ziabogan eta poparean, dotore

Euskotren liga inoiz baino parekatuago izan zitekeela ziotenen argumentua gero eta forma gehiago hartzen doa. Donostiarrak eraman du VII. Bandera Fabrika; etxeko trapua, alegia eta sailkapen nagusia estutu dute. Arraun Lagunakek lidertza mantendu du, bigarren postuan bukatuta, Orioren aurretik, azken 400 metroetan olatu bat ondo baliatu ostean. Amorratuta agertu da, bestalde, Nadeth Agirre Orioko patroia, bigarren estropadan jarraian garaipenetik urrun geratu baitira, oraingoan hirugarren bukatuz. Laugarren izan da Tolosaldea, gogotik sufritu ostean, eta ozta-ozta (40 ehuneneko) ondu dute lehen txandan Hondarribiak eginiko denbora. Areriorik ez dute izan hondarribiarrek eta poparean kasik erlojupekoa bailitzan aritu dira Miren Garmendiaren patroitzan.

Poparean, hain zuzen ere, sinatu du garaipen handia Kaiarribak. Brankan trakets aritu dira, Nerea Perez patroiak ere onartu du hori lantzeko daukatela baina poparean «dakiguna egin dugu». Ziabogan egon da giltzarria, izan ere brankan Arraun Lagunak izan da nagusi, Donostiarrari bi segundo eta Oriori 3 segundoko aldea aterata. Donostiarrak, baina, arriskatu eta estu hartu du itzulia, Lugañeneko ontziari alde dena jan eta poparean, hasiera-hasieratik, eroso arraun eginda.

Ohartzerako bi segundo atera dio Arraun Lagunaki, Coruñako irabazleari, eta errenta areagotzen joan da. Bi ontziko distantzia ere ezarri du Donostiako ontziak eta une batez, Orio kokatu da bigarren, Lugañenekoari puntu bat jateko asmo tinkoz. Azken 400 metroan, baina, Andrea Astudilloren gidaritzapean olatua baliatu du Arraun Lagunakek eta azkenerako, Donostiarratik lau segundora helmugaratu da.

Hirugarren izan da Orio eta sailkapen nagusian laugarren jarraitzen du. Hirugarren postuan dira Tolosaldekoak, Donostiako estropada eremuan asko sufritu ostean. Bigarren izan ziren Coruñan baina Kontxako badian luze egin zaie estropada, lehendabiziko luzean segituan geratu baita atzean. Hala, nekez, baina azkenean lehen txandako irabazle Hondarribiaren aurretik bukatu dute tolosarrek.

«Berdintasuna sekulakoa da. Begira, Tolosaldeak bigarren egin zuen pasa den astean eta uste dut bost ontzi oso parekatuta gaudela», onartu du Nerea Perezek, etxeko bandera irabazita pozez zoratzen zegoela. Gainera, errekor berria ezarri dute, 10.44.90 minutuan burutu baitute estropada, aurreko marka baino 14 segundo azkarrago (10.59).

Eusko label liga, XV. Bandera Fabrika

1. Donostiarra 20:10.42

2. Zierbena 20:12.16

3. Urdaibai 20:15.90

4. Hondarribia 20:20.14

5. Cabo 20:32.62

6. Lekittarra 20:32.86

7. Getaria 20:35.54

8. Kaiku 20:41.06

9. Ondarroa 20:43.78

10. Orio 20:46.28

11. Santurtzi 21:12.46

12. Samertolameu 21:22.16

Eusko label liga, sailkapen nagusia

1. Zierbena, 23 puntu

2. Hondarribia, 20 puntu

3. Donostiarra, 18 puntu

4. Urdaibai, 18 puntu

5. Getaria, 16 puntu

6. Lekittarra, 12 puntu

7. Orio, 12 puntu

8. Cabo, 11 puntu

9. Ondarroa, 11 puntu

10. Kaiku, 7 puntu

11. Samertolameu, 5 puntu

12. Santurtzi, 3 puntu

Euskotren liga, VII. Bandera Fabrika

1. Donostiarra 10:44.90

2. Arraun Lagunak 10:48.89

3. Orio 10:54.10

4. Tolosaldea 11:12.46

5. Hondarribia 11:12:86

6. Hibaika 11:25.96

7. Cabo 11:30.80

8. Tiran 11:50.24

Euskotren liga, sailkapen nagusia

1. Arraun Lagunak, 15 puntu

2. Donostiarra, 14 puntu

3. Tolosaldea, 12 puntu

4. Orio, 11 puntu

5. Hondarribia, 8 puntu

6. Hibaika, 5 puntu

7. Cabo, 5 puntu

8. Tiran, 2 puntu