Urdaibai estreinatu da 2023ko denboraldian banderei dagokionez eta gainera, indar erakustaldi paregabea eskainita. Bigarren luzean, poparean, sekulako nagusitasuna erakutsi zuten Gorka Aranberriren patroitzan eta arerioek ihes egiten utzi beste erremediorik ez zuten ikusi. Bigarren geratu zen Hondarribia, ‘Bou Bizkaiatik’ 18 segundora iritsi zen. Euskotren liga legez, Eusko Label ligan ere gauzak estu-estu daude eta sailkapen nagusia begiratzea besterik ez dago: Zierbena, bere etxean bosgarren izanda, eta ‘Ama Guadalupekoa’ daude buruan, 31 punturekin eta hirugarren da Urdaibai, XL. Bandera Petronorren irabazlea, 30ekin. Koska bat beherago dago Getaria, hiru estropadetan maila txukuna emanda nahiko erregular dabilena, 23 punturekin.
Gorka Aranberrik argi utzi nahi izan du beraiek «zalantzarik ez» dutela izan aurreko estropadetan, baizik eta «zalantzan jarri nahi izan gaituzte». «Lana ondo egiten dugunean badakigu azkar ibiltzen. Txandan arerio indartsuak ditugu baina gure areriorik handiena gure burua dela esango nuke», azpimarratu du zarauztarrak.
«Arraunkerarik onena» igande honetan bilatu izanarekin pozik agertu da Aranberri eta ez dago zalantzarik gustora aritu direla, ziaboga hartu eta hasierako metroetan zegoen zikintasuna igarota, tarteak zabaltzen joan dira. Hondarribia izan da azkarrena lehendabiziko luzean baina poparean bederatzi segundoko tartea zabaldu du ‘Bou Bizkaiak’ eta ordurako, harrapatzea lan nekeza bilakatu da. Hala, irabazi ezin denean bigarren bukatzen ere jakin egin behar denez, ‘Ama Guadalupekoaren’ xedea horixe izan da, denbora gehiegirik ez galtzea eta hala, sailkapenaren bururako lehian egotea.
Zierbenarekin batera –bere etxean bosgarren egin du– lidertzan dira hondarribiarrak, 31 punturekin. Caboren estropada izan da nabarmentzekoa, Donostian erakutsitako itxura onari jarraipena emanaz. Hala, bigarren txanda irabazi ez ezik, hirugarren denbora onena egin du eta arerio zuzenak izan zitezkeenekiko aldea handitzea ahalbidetu dio ontzi galiziarrari, bai eta Kaikuri ere, laugarren egin baitu.
Donostiarra dago txanponaren beste aldean, azkenaurreko tokian bukatuta. Larunbateko garaipenaren ostean, asko sufritu dute ohorezko txandan, Urdaibaik jarritako erritmoa ezin jarraituta eta bigarren ziabogarako jokoz kanpo geratuta (Urdaibaitik 22 segundora).
Oriok, bestalde, ezin izan dio buelta eman Donostian jasandako kolpeari eta lehen txandako lau ontzietatik azkarrena izan den arren, 7. postuarekin konformatu behar izan du, Santurtzi eta Lekittarraren aurretik. Isuntzak txakalaldia eduki du azken luzean eta ozta-ozta hobetu du Samertolameuren denbora.
Ontzirik makalena Ondarroakoa izan da eta Santurtzik zein Samertolameuk aldea jan diote sailkapen nagusian.
XL. Bandera Petronor
1. Urdaibai 20:14.20
2. Hondarribia 20:32.28
3. Cabo 20:37.66
4. Kaiku 20:41.64
5. Zierbena 20:43.24
6. Getaria 20:43.42
7. Orio 20:44.88
8. Santurtzi 20:47.32
9. Lekittarra 20:47.66
10. Samertolameu 20:48.32
11. Donostiarra 20:54.70
12. Ondarroa 20:56.42
Sailkapen nagusia
1. Zierbena, 31 puntu
2. Hondarribia, 31 puntu
3. Urdaibai, 30 puntu
4. Getaria, 23 puntu
5. Cabo, 21 puntu
6. Donostiarra, 20 puntu
7. Orio, 18 puntu
8. Lekittarra, 16 puntu
9. Kaiku, 16 puntu
10. Ondarroa, 12 puntu
11. Santurtzi, 8 puntu
12. Samertolameu, 8 puntu