Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Etxeranzko hiru ate edo giltzarrapo bera

Oztopoak oztopo eta apurka-apurka izan bada ere, bi lorpen handi ekarri dituzte azken bi urteek presoen auzia bideratzeko: sakabanaketaren amaiera eta espetxe arloko eskumena. Aurrerakoa kolokan da, ordea, Moncloarako lehia estutik hasita.

Martuteneko espetxearen aurrean, salbuspen neurrien kontra.
Martuteneko espetxearen aurrean, salbuspen neurrien kontra. (Andoni Canellada | Foku)

Uztailaren 23ko emaitzak arlo askotan izango du eragina, eta Euskal Herriak berezko duen arazo baterako guztiz erabakiorra gerta daiteke. Presoen auzia da, jakina. Urte askotako korapiloa askatzen hasi da azken legealdi espainiarrean, EPPKk sortutako lur zoru berriaren gainean (lege bidea jorratzeko prestutasuna), gizarte bultzada eraginkorra dela medio (urtez urte manifestazio erraldoiena da oraindik ere urtarrilean presoen alde egiten dena) eta EH Bilduren posizio determinanteari esker neurri handi batean. Baina asko falta da etxerako bidea bururaino eramateko.

Espetxeetako giltza Estatuen eskuetan dela, U23an gailentzen den gehiengoak markatuko du bidea: orain artekotik aurrera egiteko tartea egon bada, baina gauden tokian gelditu edota atzerago egitea gerta liteke, eskuin eta eskuin mutur espainiarrak nagusitu ezkero.

Non gaude une honetan? Salbuespen politikaren balizko amaieraren hasieran, esan genezake. Bi zutabe dituen agertoki berri bat sortu da, asko kostata: sakabanaketaren bukaera (aurtengo martxoan gauzatua, 34 urtetako aro lazgarri bat itxiz) eta Lakuako Gobernuak espetxe arloko eskumena hartu izana (2021. urteko urrian burutua, Estatutua onartu zenetik 42 urte pasata).

Bi zehaztapen garrantzitsu egin behar dira hasteko, uztailaren 23koa zirt edo zart ekar dezakeen eguna izango baita gai honi dagokionean, baina ez txuri edo beltz. Izan ere, Pedro Sanchezen Gobernuak ez du auzi hau konpontzeko borondate irmorik azaldu, ez eta gutxiagorik ere. Euskal Herriko aro berriak, batetik, eta bere Gobernua egonkortzeko beharrek, bestetik, eragin dute.

Horretarako, bere agintaldiaren hasierara eta bukaerara begiratu behar zaizkie. Egia da 2018ko ekainean zentsura-mozio baten bidez Mariano Rajoyren tokia hartu ostean eman zuen lehen elkarrizketan espetxe politika eraldatzeko asmoa agertu zuela hitzez, baina hori islatzen zuten lehenengo ekintzak ikusteko urtebete itxaron behar izan zituzten euskal presoek eta prozesuak ez zuen 2021-22 urteetara arte erritmo adierazgarririk hartu.

Azken boladan ere agerian gelditu da PSOEko buruaren nahi eza (edo nahi eta ezina): sakabanaketa amaitu ondoren etxeratzeak arintzea zatekeen paradigma aldaketaren jarraipen logikoa, hirugarren gradu eta baldintzapeko askatasunen aplikazio arruntaren bidez, baina ez da gertatu. Hauteskundeen ondoren eta lehenago hain zuhur jokatu izanak argi uzten du esparru honetan –beste askotan bezala– Sanchez oraindik espainiar eskuinaren gatibu izan badela.

Egungo oztopoak auzitegietatik datoz gehienbat (Auzitegi Nazionaletik, alegia) eta zalantzazkoa da hor Sanchezek duen eragina. Hirugarren graduen kontra behin eta berriro helegiteak aurkezten ari den Fiskaltza, esaterako, espainiar presidentearen esanetara jokatu du edo berak esandakoari muzin eginez? Honela laburbiltzen zuen egoera Onintza Ostolaza abokatuak GARAri emandako elkarrizketa batean: «Ez nuke esango gaur egun Fiskaltza Gobernuaren erabakien menpe denik, jada ez du lehenengo egitura jerarkikorik, eta honezaz gain zenbait lobby dago Fiskaltzaren barruan, auzitegietan...»

Gobernuburuak Fiskaltza kontrolatzen ez badu, are gutxiago Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala edota atearen zirrikitua guztiz estua bilakatu duen Entzutegi Nazionaleko Zigor arloko Aretoak, bistan denez.

Lege aldaketak, ordea, Kongresu eta Senatuan sortzen diren gehiengoen eskuetan baino ez dira, eta hemen hiru aukera egingarri agertzen da, aurreko legegintzaldian jorratu ez zirenak. Erraz samarra liteke, esaterako, Europako erizpideen kontrako iruzur garbia eginez 2014an PPk asmatu zuen trikimailua bertan behera uztea. Presoek Europako beste Estatu batzuetan betetako kartzelaldiak (euskal presoen kasuan frantziarrean) kontuan hartzeko erabakia espainiar legealdian txertatu behar zuenean, edukiz hustu zuen Senatuan, atzeko atetik eta ia oharkabean pasa zen zuzenketa baten bitartez.

7/2014 delako legetik tranpa hori ezabatuta, 50 preso inguru kalean lirateke, Etxeraten datuen arabera. Aldaketa hau Gobernuaren asmoak biltzen zituen egutegi batean azaldu zen legealdiaren une batean, baina laster desagertu zen.

Beste anomalia nabari bat 5/2003 legeak sortutakoa da, Jose Maria Aznarren garaitik honaino heldu dena. Orduan erabaki zen euskal presoei zegozkien erabaki guztiak Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentral baten menpe uztea, non eta Entzutegi Nazionalaren barruan. Bertan joku-zelaia markatuta dago, jakina. Datu adierazgarri bat eman zuen Behatokiak bere azken txostenean, pasa den otsailean: Lakuak onartutako gradu progresio gehienen aurka ari da egiten Fiskaltza, auziak honela Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentral horretara bideratuz, baina gainerako presoen kasuetan %75ean ez du gauza bera egiten.

Azken helegite hauek tokiko Zaintza Epaitegietara doaz, ez Madrilera. Euskal preso politikoenak ere bertan aztertzen ziren, Euskal Herrian, 2003ko lege hori ezarri arte. Espetxe eskumena orain EAEren esku izateak oraindik «bitxiagoa» egiten du Zaintza Epaitegia 500 kilometrotara egotea. Eta kopururik ematea atal honetan zaila den arren, argi da baimenak izateko, hirugarren graduak eskuratzeko, baldintzapeko askatasuna lortzeko, edota gaixorik diren presoak etxera eramateko zailtasun gutxiago jarriko lituztekela Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko epaitegiek, ANk erantsitako oztopoak alboraturik.

7/2003 legearen inguruko eztabaida ere noizbait abiatu beharko da Estatu espainolean. Izan ere, Aznarrek talka armatuaren une gogorrenetako batean asmatutakoak ez du Europan parekorik. 40 urtez bete beharreko kartzealdiak ezartzeaz gain, hirugarren gradua lortzeko 32 urte ezartzen ditu, eta baldintzapeko askatasunerako 35. Bistan da inguruko zenbait herrialdetan diren bizi arteko zigorrak baino gogorragoa dela, azken hauetan 15 edo 20 urte pasata espetxealdi egoera berraztertzen baita.

70 inguru dira lege horrekin zigortatutako euskal presoak, gaur egun kalera ateratzeko inolako ortzimugarik gabe, nazioarteko estatusetan aipatzen den «itxaropenerako eskubidea» ebatsita. Eta 2003. urtetik hona 20 urte igaro dira; beste Estatuetan bizi arteko kondena haiek berraztertuta eta berraztertzen egongo ziren epean, Madrilen lege hori berraztertzeko garaia izan beharko litzateke.

Ateak irekitzeko segitzeko bidea bada, beraz. Beti ere, esan beharrik ez da, orain artekoaren antzeko gehiengo bat berresten bada. Eskuinak iraulia lortu ezkero, blokeo egoerak indartuko direla erraz iragar daiteke, eta batek daki hasieran aipatutako bi zutabe horiei (Euskalherriratzea eta eskumena) eraso egiteko tentazioa ez ote den hauspotuko...



EREDU BERRIA LAKUAN, BAINA GARATZEKO ASKO ORAINDIK

Urkullu Gobernuak espetxe arloko kumena hartu izanak eredu berria ekarri du Zaballan, Basauri eta Martutenen itxita dauden presoentzako, baina ez du hainbeste eraginik izan EPPKkoei dagokienean. Azken datuak, ekainean Gasteizko Legebitzarrean Justizia sailak emanak, adierazgarriak dira: altua da onartutako hirugarren graduen kopurua, 774 kasu, baina horietatik 36 baino ez dagozkie preso politikoei, Madrildik zenbait hedabidek eta elkartek mesede tratua irudikatu nahi izan duten arren.

Lehenengo balantzeak oraindik okerragoak ziren, egia esanda. Eskumena hartu osteko lehenengo sei hilabeteetan 250 progresio onartu zituen Beatriz Artolazabal buru zuen sailak, eta horietatik zortzi baino ez ziren esparru honetakoak. Orain Nerea Melgosa sailburu berriaren esku dago azken erabakia, beti ere espetxeetako Tratamendu Batzordeen proposamenak jaso ondoren eta hauei kasu eginez.

Kopuru orokorra ikusita, eredu berri hau ezaugarritzen lagundu duen Jaime Tapiaren helburua egingarria dela antzeman daiteke. Berak adierazi zuenez, Estatu espainolean presoen %25 dago hirugarren graduan baina EAEn kopuru hori %40ra igo liteke, bergizarteratzeari begira ona delako eta horretarako baldintzak betetzen direlako.

EPPKko presoei dagokienez, ordea, urruti dago orain %40ko kopuru hori. Sarek eta Etxeratek emandako datuen arabera, 110 presok dute baldintzapeko askatasuna edota hirugarren gradua behintzat lortzeko eskubidea, baina 36 baino ez ditu onartu Lakuak, eta hauen artean badira bi aldiz onetsi diren progresioak (presoen kopurua txikiagoa da, beraz).

Hasiera-hasieratik Auzitegi Nazionalarekin talka saihesteko erizpidea ezarri zuen Tapiak. Gauzak honela, Fiskaltzaren helegiteen bidez erabaki horiek bertan behera gelditzen direnean, ez da Lakuaren partetik adierazpenik izaten, eta asko jota hirugarren gradua onartzen da berriz, prozesua hasieratik berrabiatuz.

Hainbeste urtez atzeratutako eskumena galtzeko arriskua ikusten al du Lakuak? Ez dirudi horretarako tartea luketenik PPk eta Voxek Madrilen gehiengoa lortu ezkero, transferentzia legez eta txukun egin baitzen. Baina adierazpen kezkagarria utzi zuen EAJko presidente Andoni Ortuzarrek aurreko hilabetean, erasoaldi hori abiatuko balitz aurre egiteko borondatea zalantzen jartzen baitu. Eskumen hori ez zegoela bere alderdia eta Gobernu espainolaren artean adostutako egutegian sartuta esan zuen Ortuzarrek, nolabait EH Bilduk lortutako kontua izan zela zeharka adieraztera emanez.