Jon Ormazabal

Altuna eta Rezustak ez dute euren azken hitza esan sanferminetan (22-14)

Partidaren lehen erdia oso orekatua izan den bitartean (10-11) Zabaleta oso nekatu baten aurka, gipuzkoarren sendotasunak eta distirak aise eraman dute lehia euren aldera. Azken tantoan irrist eginda, Joseba Ezkurdiak min hartu zuen sahiets inguruan.

Igandekoa ahaztu eta sekulako partida jokatu du Beñat Rezustak.
Igandekoa ahaztu eta sekulako partida jokatu du Beñat Rezustak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Larunbatean euren mailatik aparte egon ziren eta halakoak oso garesti ordaintzen dira normalean halako torneo motzetan, baina Jokin Altunak eta Beñat Rezustak ez dute euren azken hitza esan sanferminetako torneoan, Ezkurdia-Zabaletari 22-14 gailenduta, finalean egoteko aukera guztiak bizirik mantentzen dituztelako. Puntu batekin eta +4eko tanto aldearekin, Jaka-Aranguren asteazkenean ia irabaztera behartzen dituzte eta bikote nafarrak 22-10 irabazi beharko liekete Baikokoei aurrera egiteko. Hori, Joseba Ezkurdiak jokatzerik badu, ze partidako azken tantoan, Altunak moztutako pilota bat erantzutera joan denan irrist egin eta min hartu baitu saihets aldean. Partida amaituta mediku probak egitera joan da, oso kezkaturik, arbizuarra.

Partidari dagokionean, feriako hirugarrenak bi zati oso desberdin izan ditu, orekatua eta lehiatua lehen erdia eta urdinen aldera erabat eroria bigarrena. Atsedenalditik bueltan, bikote nafarrak nabarmen egin du behera fisikoki, bero handia egin du Labriten, eta gipuzkoarren sendotasunak –bien artean hiru pilota baino ez dituzte galdu– eta distirak –biek sekulako tantoak amaitu dituzte– erabat eraman dute partida euren aldera. Larunbatean euren buruekin haserre eta kezkaturik etxeratu baziren, gaurkoan oso bestelako itxura eman dute amezketarrak eta, batez ere, bergararrak. Atzelariak partida borobila jokatu du, fresko, hasieran Zabaletari eutsiz eta tantoak amaitzeko sekulako erraztasuna erakutsiz.

Goitik behera

Partidaren hasieratik, izenez harago, partidak txapelketako lehia baten antza hartu du, gogortasun eta kalitatez. Lau pilotariak, bakoitza berean, maila bikainean aritu dira lehen pilotakadatik eta lehen erdia orekatua bezain ikusgarria suertatu da, kantxan egin duen beroa handia izan den arren.

Atzean, Zabaletari agian jarraikortasun apur bat falta izan zaio, baina epelak eman dizkio, baina Beñat Rezustak ederki eutsi dio, igandean baino askoz freskoago. Erasoan laurek utzi dituzte edozein laburpenetan sartzeko moduko tantoak –bi atzelariak ere bikain aritu dira errematean– eta partidaren lehen erdia oso gustagarria izan da Labrit beste behin goraino bete duten pilotazaleentzat. Lan erdietara tanto bakarraren aldearekin heldu dira aurretik gipuzkoarrak (10-11) 334 pilotakada gurutzatu ostean.

Aldageletatik bueltan, ordea, partidak oso bestelako bidea hartu du, hein handi batean nafarrek fisikoki behera egin dutelako nabarmen. Normalean agintzera ohituta, pilotak gastatu direnean Ezkurdia-Zabaletak ezin izan diote ordura arteko jokoari eusterik izan eta partidatik joan dira. Urdinek, euren aldetik, berera jarraitu dute eta asteazkeneko partidaren emaitzaren zain geratu dira, finalean egongo diren jakiteko.

PARTIDAKO FITXA:

Ezkurdia-Zabaleta: 14

Altuna III.a-Rezusta: 22

Pilotakadak: 603. Iraupena: 69,48 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-3, 5-3, 5-6, 7-6, 7-9, 10-9, 10-18, 12-18, 12-19, 13-19, 13-21, 14-21, 14-22. Sakeak: 0 Ezkurdiak eta 1 Altuna III.ak. Egindakoak: 7 Ezkurdiak, 4 Zabaletak, 11 Altuna III.ak eta 4 Rezustak. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak, 4 Zabaletak, 1 Altuna III.ak eta 2 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Iruñeko Labriten, sarrera guztiak amaituta. Bero handia kantxan.