NAIZ

Bilboko Konpartsek larunbat honetan ospatuko dute Konpartsakide Eguna

Aste Nagusirako hilabete baino zertxobait gutxiago geratzen den honetan, Bilboko Konpartsek Konpartsakide Eguna ospatuko dute larunbat honetan. Egitarau zabala antolatu dute egun osorako; besteak beste, pintxo txapelketa, bingo musikatua eta erromeria izango dira.

Iaz ere jendez bete zuten Areatza Konpartsek.
Iaz ere jendez bete zuten Areatza Konpartsek. (Bilboko Konpartsak)

Larunbat honetan, uztailak 15, Konpartsakide Eguna antolatu dute Bilboko Konpartsek, «Aste Nagusirako motorren piztea seinalatzen duen eguna», hain zuzen ere. Egitarau oparoa antolatu dute goizeko 11.30etatik hasita.

Urtero bezala, aurten ere Aste Nagusirako hilabete bat baino ez dela geratzen gogoratzera dator Konpartsakide Eguna, 35 egun zehazki. 1983ko uholdeen 40. urteurrena izanik, haren ostean sortutako elkartasun olatua omenduko dute. Horretarako, orduan konpartsakide zen Karmelo Landak bisita gidatua eskainiko du 12.30etik hasita San Anton zubitik abiatu eta Udaletxeko zubira arte, urte horretako Aste Nagusia oroitzeko.

Areatza hartuko dute konpartsakideek eta goizetik hasita ekingo diote pintxo txapelketari. 12.00etan barazki eta sagardo banaketa eta ardo dastaketa antolatu dute eta, ordubete geroago, Gastrotxiki gaztetxoenentzat. 13.30era arte izango dute lehiaketako pintxoak aurkezteko epea eta epaimahaikideek ordubetez deliberatu ostean banatuko dituzte sariak.

Ondoren, 15.00etan konpartsen asteko bazkaria izango dute eta Bingo musikatuarekin alaituko dute bazkalostea. Arratsaldean, Urrats erromeriarekin kantatu eta dantza egiteko aukera izango da 19.00etatik aurrera.