Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo
Entrevue
Gorka Izagirre
Movistar Taldeko Txirrindularia

«Helburua garbia da, horretan gabiltza, saiatzen, ikutu dugu, baina ez da lortu»

Ormaiztegitarra protagonista izan zen igandean, eta dena eman zuen, Matteo Jorgensonek hain hurbil izan zuen etapa irabazi ahal izateko. Enric Mas galdu ondoren, hasieran lur jota ziren taldean eta buelta eman diote orain duten helburu bakarra gauzatzeko. Ez zuen ulertu kaliforniarraren taktika.

Gorka Izagirre, Puy de Dômeko helmugan ihesaldian lan asko egin ondoren.
Gorka Izagirre, Puy de Dômeko helmugan ihesaldian lan asko egin ondoren. (GETTY SPORT/MOVISTAR TEAM)

Gorka Izagirrek igandeko etaparen ondoren autokritika egin du NAIZentzat eta ez dator bat Matteo Jorgenson hain urrutitik bakarrik joatearekin Puy de Domen irabazteko.

Oso gutxi falta izan zaio Jorgensoni garaipena lortzeko…

Helburua garaipena zen eta ez da lortu. Hau horrela da eta beste batean saiatu beharko gara berriro. Agian, taktikoki, jakinda gero horrelako mendate gogorra zegoela, bakarrik joatea ez zen modurik onena. Hau Tourra da. Behin, joan denean, ondo zihoala esaten zuen, baina agian hobe zen taldetxo batekin hastea mendatea, arrazoi handiagoarekin halako hanka onak zituela, hori garbi utzi duelako. Kilometro askoan joan da bakarrik.

Gainera, momentu batean bederatzi segundora egon dira Powless, De la Cruz Mohoric eta Burgaudeau, agian komenigarria zen horiekin elkartzea bera, gutxiago zirelako Puy Domen irabazteko...

Ni atzeko taldean nindoan, Woodsekin eta Lutsenkorekin, eta bakarrik gelditu naizenez, autorik gabe, ez nekien aurrean nola zebilen lasterketa. Beharbada, hori taktikoki modu on bat izan zitekeen, baina ez da horrela izan.

Zu eraso gehienetara ateratzen egon zara; hanka onak zenituen adierazle…

Bai, ondo nenbilen, atzo Alexi laguntzen aritu nintzen eta desgaste handiko etapa izan zen. Baina gaur ere, behin Matteo aurretik joan denean, hori tokatzen zitzaidan, lasterketa blokeatzea Matteok ahal zuen distantzia handiena ateratzeko; horretan aritu naiz.

«Campenaerts horrelakoa da, askotan ez dakizu zergatia. Baina bai, bera izan da tira eta tira joan dena»

Jorgensonek beste era batean joka zezakeen, baina atzean ikusi duzu Campenaertsek egin duena ez dela normala…

Campenaerts horrelakoa da, askotan ez dakizu zergatia edo egiten dituen gauza batzuk zergatik egiten dituen. Baina bai, bera izan da tira eta tira joan dena. Ez dakit laguna izango duen Michael Woods edo zerbait hitz eginda edukiko zuten. Ez da oso inteligentea izan bere partetik.

Zuk ez dituzu elkarren artean hitz egiten ikusi, ezta?

Bien artean justu ez. Badakit erasoak izan aurretik Mohoric eta bien artean hizketaldiak egon direla, eta gero Uno-Xekoekin, eta bagenekien jada azkar hasiko zirela erasoak; alde horretan, bai, adi egon gara.

Oso zaila da horrelako momentuetan erabakiak hartzea eta ihesaldi bat kudeatzea?

Hori da. Kudeaketa hori ez da erraza izaten. Esan dugu ‘zuk bat eta hurrengoan nik’, baina ikusi da lasterketan batek jotzen zuela, gero besteak, eta martxa horretan pixka bat taldekidearekiko lagunkoi jokatu  behar dugu. Uste dut biok hori egin dugula, baina desberdina da erasoetara ateratzea edo norberak jotzea. Gaurko etapa erasoetara atera eta taldetxo bat sortzeko aproposagoa zela uste dut. Baina bueno…

«Tourra oso gogorra izaten ari da. Euskal Herriko etapak oso gogorrak izan ziren eta ez da Tour hasiera normal bat izan»

Donostian lur jota zinen; gaur, ez. Gutxienez beste era batera ikusten zaituztegu…

Tourra oso gogorra izaten ari da. Euskal Herriko etapak oso gogorrak izan ziren eta ez da Tour hasiera normal bat izan. Atseden eguna, nire ustez, ongi etorria izango da.

Baina buelta eman diozue eta jada etaparen bila zoazte denak, moral handiagoarekin.

Bai, helburua garbia da. Horretan gabiltza, saiatzen eta gaur, hortxe, ikutu dugula esan liteke, baina ez da lortu.

Nola ikusten duzu pelotoitik lasterketa Pogacar eta Vingegaarden artean? Bazirudien Pirinioetako bigarren egunean daniarrak sailkapen nagusia erabakita utz zezakeela eta orain kontrakoa, esloveniarra hobeto dagoela.

Jumbo taldearen aldetik ere ikusi da gaur estrategia aldatu egin dutela; ez dugu ikusi Van Aert erasokor. Taldeak ere, logika bat erabiliz, ihesaldiari bidea eman dio minutu asko utziz; aurrekoan Tourmaleteko etapan zaplazteko ona jaso zutela uste dut, eta horren erakusle da Puy de Domekoa, ikasi dute. Hala ere, segundo batzuk galdu ditu Vingegaardek, baina normala da. Ez zena normala aurrekoetan ikusten genuen jokabide hori zen. Ikusiko dugu hurrengo egunetan zer gertatzen den.