Jon Ormazabal

Jokin Altuna prest da errebantxa usaineko sanferminetako finala jokatzeko

Amezketarra ostegun honetan izan da Oier Oregi bere konfiantzazko fisioterapeutaren kontsultan eta honen onesperarekin, ostiralean Larrazabal-Mariezkurrenaren aurka jokatzeko moduan izango da.

Duen partida pilaketarekin, indarrak ondo neurtu beharko ditu Jokin Altunak.
Duen partida pilaketarekin, indarrak ondo neurtu beharko ditu Jokin Altunak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Buruz Buruko errebantxa jokatzeari uko egin eta ordu gutxitara bi berri on jaso ditu Jokin Altunak. Alde batetik, bart gauean Ezkurdia-Zabaleta enpresa kideek lortutako garaipenarekin San Fermin torneoko finalerako sailkatu dira amezketarra eta Rezusta eta, bestetik, hori baino garrantzitsuagoa dena, Oier Oregi bere konfiantzazko fisioterapeutak, bere bizkarraldea ondo aztertu eta gero, final hori jokatzeko baimena eman dio.

«Oierrek esan dit ez dagoela inolako arazorik finala jokatzeko, eskuak ere egin ditut eta ondo aurkitu naiz eta bihar munduko ilusio guztiarekin joango gara final polit hori jokatzera. Badakigu final oso gogorra daukagula baina Beñatek eta nik badakigu gurea ematen badugu aukerak izango ditugula», azaldu du Aspeko aurrelariak.

Izan ere, astelehen gauean jokatutako partida justu xamar amaitu zuen Jokin Altunak eta eskuin bizkarraldean zuntz haustura bat izateko aukera handia izan zitekeela eta, datorren asteartean Aitor Elordiren aurka jokatu behar zuen partida bertan behera uztea erabaki zuten pilotari eta enpresak. Binaka jokatzeko, ordea, ez ei da arriskurik eta amezketarra bihar Labriten izango da, Beñat Rezusta lagun, Iruñeko torneoko finala jokatzeko.

Iazko ia final bera

Eta Buruz Buruko finalaren errebantxarik gabe, iazko arantza kentzeko aukera izango dute Aspeko gipuzkoarrek, aurtengo sanferminetako finalak iazkoaren antz handia du eta. Iaz Artola-Mariezkurrena suertatu ziren garaile, finalean 22-16 gailenduta eta aurtengoan aldaketa bakarra Iker Larrazabal gaztea izango da.

Baikoko bikoteak jokatutako bi partidak irabazi ditu eta Jon Mariezkurrena orain arte erakutsitako maila errepikatzeko gai bada, asko izango dute irabazia. Iaz udako pilotaria izan zen Berriozarrekoa eta aurten ere bide beretik ekin dio. Ikusteke dago Beñat Rezustak nola eutsiko dion nafarraren sasoiari, astelehenean Zabaletaren aurka emandako mailari eusteko gai bada, Aspekoen aukerak asko igoko dira.