NAIZ

Loiolako kuartelen akordioa goraipatu du EAJk, plana auzitan dagoela ahantzita

Loiolako kuartelen inguruan lortutako akordioa etxebizitza politika on baten adibide dela adierazi du Aitor Esteban hautagai jeltzaleak, baina ez du erran EAEko Auzitegi Nagusiak kuartel horiek babestutako ondarea direla ebatzi zuela. Udalak helegitea jarri zuen, baina oraindik ez dago erabakirik.

Loiolako zelaigunean 1.500 etxebizitza eginen dituztela-eta pozik agertu dira jeltzaleak, baina ez da gauza segurua, hirigintza plan hori kolokan jarri baitu EAEko Auzitegi Nagusiak.
Loiolako zelaigunean 1.500 etxebizitza eginen dituztela-eta pozik agertu dira jeltzaleak, baina ez da gauza segurua, hirigintza plan hori kolokan jarri baitu EAEko Auzitegi Nagusiak. (EAJ)

Urumearen ertzean, Loiolako kuartelen inguruan egin du ekitaldia larunbat honetan EAJk. Aitor Esteban Madrilgo Kongresuko bozeramaile jeltzaleak eta Maribel Vaquero Gipuzkoako zerrendaburuak zelaigune horretan 1.500 etxebizitzatik gora eraikiko direla agindu dute, EAJk 2020ko Aurrekontuetan lortutako akordio bati esker. Ez dute xehetasun bat aipatu, ordea: orain dela urtebete EAEko Auzitegi Nagusiak, Voxen helegite bat aintzat hartuta, kuartel horiek babestutako ondare direla ebatzi zuen, eta kolokan jarri zuen hirigintza plana. Donostiako Udalak helegitea jarri zuen, baina erabakiaren zain daude oraindik.

Jeltzaleek bultzatzen duten etxebizitza politikaren adibidetzat jarri dute auzitan dagoen Loiolako ituna. «Gaur egun ez du inongo zentzurik hiri erdian kuartel bat izateak, eta donostiarrek etxebizitzak behar dituzte, espazio militarraren ordez zibilak behar ditugu», aldarrikatu du Estebanek.

Joan den azaroan, Eneko Goia Donostiako alkateak ezohiko prentsaurreko batean iragarri zuen Defentsa Ministerio espainiarrarekin akordio bat lortu zutela Loiolako kuartelen inguruan. 73,3 milioi euroko prezioa jarri zuten 17 hektarea eta erdiko lursaila, kuartelak dauden lekua, Donostiako Udalaren esku gelditzeko.

«Negoziaketa gogorra izan zen, ondo dakigu hori Goia alkateak eta biok, baina gu ur tantaren zigorra bezalakoak gara euskal hiritargoaren bizimodua hobetzeaz ari garenean», adierazi du Bizkaiko zerrendaburuak. «Hau zen hiriaren puzzlean falta zen zatia».

Goia, sinadura atzeratzen ari delako kezkatuta

Aste honetan bertan Goiak presa sartu dio Pedro Sanchezen Gobernuari, oraindik kuartelen salerosketa ez dagoelako itxita. Hauteskundeak baino lehenago egin dezala eskatu dio. Asteartean emandako prentsaurreko batean, kazetariek salerosketa honen sinaduraren atzerapenaz galdetu zioten alkateari, 2022 amaierarako edo 2023 hasierarako iragarri baitzuen.

Goiak erantzun zuen Defentsa ministroak, Margarita Roblesek, erran diela «ohiko tramitazioarekin» ari direla baina ez diela zehaztu noiz bukatuko duten. Erantsi du Udalak eman behar zituen pausoak emanak dituela eta Sanchezen Gobernuak ere egin beharreko lan batzuk egin dituela, «lursailen desafektazioa» adibidez. Halere, hilabete batzuk pasatu dira, eta sinadura atzeratzen ari dela eta kezkatuta azaldu zen Goia.

Sanchezen eta EH Bilduren legearen aurka

Gobernu espainolak onartutako etxebizitza legearen eta babestu zuten indarren aurka egin du Estebanek, EH Bilduri erreferentzia eginez. «Hauxe da gure egiteko modua, eta horrek bereizten gaitu zalaparta handiz lege bat onartu izana diotenengandik. Lege horrek, alokairuen prezioa jaitsi ez eta, errealitatean, bilatzen denaren kontrako efektua eragiten du Donostia bezalako hirietan, non etxebizitzen heren bat merkatutik desagertu den», gaitzetsi du.

«Etxebizitza legeak, gainera, eskuduntzak inbaditzen ditu, eta ez da EAJk esaten duelako; Junts, PdeCat, CUP eta BNG alderdiek ere esan zuten, beraiek ere ez baitzuten araua babestu. Bilduk eta ERCk baino ez zuten egin», azpimarratu du.