Maria Solana Diputatuen Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak oraindik itxirik dirauten Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren arteko pasabideak irekitzeko eskatu du, itxierak bizilagun askoren egunerokoan «modu ezkorrean» eragiten duela azpimarratuz.
Elizondon egin den Baztandarren Biltzarraren ospakizunean adierazi duenez, Gobernu espainolak gai hau «modu serioan» hartu beharko luke, baita Parisekin konponbide bat adostu ere. «Beharrezkoa da pasabide hauen itxiera birpentsatzea eta mugako hesiak kentzeko jarrerara itzultzea, hori baitago Europako izpirituaren baitan».
Maria Solanak gogorarazi duenez, «Nafarroan, Ana Ollo buru duen Herritarrekiko Harremanetarako Departamentutik muga itxieraren aferaren jarraipen hurbila egin da hasieratik, arazo honi konponbidea emateko bultzatu diren ekintza guztiak izenpetuz eta horien alde eginez, Nafarroako Gobernua mugaz gaindiko lankidetzarako foro ezberdinetan ordezkaturik baitago, eta kaltetutako tokiko eragile eta erakundeekin lankidetza estuan aritu da gainera».
Hori dela eta, Geroa Baiko hautagaiak defendatu du beharrezkoa dela pasabide horiek irekitzeko eskatzen jarraitzea, eta gogorarazi du «mugaz haraindiko espazioko eragileek erabat partekatzen duten aldarrikapena dela, inplikatuta baitaude eta jakitun baitira beharrezkoa dela mugaz gaindiko herritar erabat integratuen eraketan sakontzen jarraitzea».