Jon Ormazabal

Mikel Urrutikoetxek Bilbon izango du udako lehen aukera

Aste Nagusiko torneoak 30 urte beteko ditu eta bi finalerdi jokatuko dira: Urrutikoetxea-Imaz / Larrazabal-Mariezkurrena eta Elordi-Zabaleta / Altuna III.a-Rezusta. Finala abuztuaren 27rako dago iragarria.

Bizkaia pilotalekuan egin dute torneoaren aurkezpena.
Bizkaia pilotalekuan egin dute torneoaren aurkezpena. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Uda parteko lehen ferietan eta, batez ere, asteburu honetan hasiko den Mastersetik kanpo utzi eta gero, «etxeko» torneoan, aurten 30 urte beteko dituen Aste Nagusiko txapelketan emango dio Baikok sasoi honetako lehen aukera Mikel Urrutikoetxeari, enpresako palmaresik handiena duen pilotariari. Abuztuaren 24an Baikoko adarreko finalerdia jokatuko du, Albisuk lagunduta, Larrazabal-Mariezkurrenaren aurka eta egun bat beranduago Aspeko finalerdia jokatuko dute Elordi-Zabaletak eta Altuna III.a-Rezustak. Finala abuztuaren 27rako dago iragarria.

Bistakoa da Bilboko enpresak Larrazabalen alde egindako apustu sendoak –orain arte aukera izan duen guztietan titular gisa jarri du amurrioar gaztea– beteranoaren jokatzeko aukerak murriztu dituela eta Zaratamokoak kiroltasunez hartu ditu Baikoren erabakiak. «Azkenean enpresak hartutako erabakiak dira; ni, egia esan, gustura ari naiz jokatzen, batez ere binaka, konfiantzaz ikusten dut nire burua eta nirean kontzentratu beharra daukat, gauzak ahalik eta hobekien egin eta azkenean bestea ez dago nire esku», azaldu du.

Azken urte luzeetan enpresaren fijoetako bat izan eta gero, egoera berria da Mikel Urrutikoetxearentzat eta fisikoki ondo dagoela berretsi arren, onartu du animikoki «denetarik dagoela. Gorabeherak daude, baina aurrera jarraitu beharra dago eta nirea ematen saiatu», gaineratu du.

Txanpon beraren beste aldean dago Iker Larrazabal eta gustura agertu da enpresa ematen ari zaion konfiantzarekin. Lehen aproban, sanferminetan, denetarik izan du aurrelari arabarrak, torneo oso ona jokatu ostean, finalean, Jokin Altunaren aurka hasiberriaren bidesaria ordaindu behar izan zuen eta. «Bertigorik ez dago, azkenean pilotari guztiek amesten duguna da maila honetara heltzea eta ahalik eta hobekien egitea. Azkenean urduritasun apur bat izaten da onenen aurka ari zarelako, baina nik uste ondo egin dezakedala».

Victor Estebanen agurra

Ohi bezala, Bilboko feria Bizkaia torneoaren finalarekin hasiko da, abuztuaren 22an, Sollube (Salaberia, Altuna-Martija eta Elezkano) eta Anboto (Peña, Artola-Albisu eta Alberdi II.a) taldeen arteko demarekin. Aspekoen artean aldaketa bat izan da, Elezkanok hartuko baitu abuztuaren 10ean pilota profesionala utziko duen Victor Estebanen lekua. Errioxarrak asteazken honetan emango du Ezkarain bere agurreko jaialdiaren berri.