Alavesek aukeratu du entrenatzailea hurrengo denboraldirako: Andrea Estebanek hartuko du Iñigo Juaristiren lekua –2024ko denboraldi amaierara arte zuen kontratua–. Estebanek sasoi baterako sinatu du, eta erronka zaila du aurrean: Gasteizko taldea Lehen Mailara igotzea. Asteazken honetan jakinarazi du klub babazorroak aulkian egin duen aldaketa.
Estebanek, gaztea izanagatik, ez du esperientzia askorik taldeak zuzentzen. 2021-2022ko denboraldian Valentziarekin egin zuen debuta Lehen Mailan. Urte eta erdi egon zen talde hartan, joan den urtarrilera arte; kargutik bota baitzuten bost partida jarraian galdu ostean. Aurretik Valentziako Autonomia Erkidegoko 15 urtez azpiko selekzioan aritu zen entrenatzaile moduan.
Aulkian denbora askorik egon ez den arren, jokalari moduan badu eskarmentua. Valentzian eta Levanten jokatu zuen, eta belauneko bost ebakuntza egin behar izan zituen. 2019an hartu zuen erretiroa jokalari moduan, eta geroztik, entrenatzaile lanetan aritu da. Lau urte eskaseko ibilbidea du.
Klubak Iñigo Juaristik egindako lana eskertu du. Bizkaitarrak Mikel Cresporen lekua hartu zuen pasa den sasoi hasieran, azaroan, hain zuzen ere, eta azkenean, ez du lortu helburu nagusia: Lehen Mailari eustea, alegia.