NAIZ

Bi emakume taldean bortxatu eta kalera biluzik ateratzera behartu dituzte Indian

Sare sozialetako bideo batek haserrea piztu du Indian: gizon talde bat erakusten du, biluzik dauden bi emakume inguratzen. Aurretik, bortxatu egin zituzten. Eraso honen oinarrian, genero indarkeriaz gain, gatazka etniko bat dago.

Manipurren piztu den indarkeria etniko eta genero indarkeriaren kontrako protesta Indian.
Manipurren piztu den indarkeria etniko eta genero indarkeriaren kontrako protesta Indian. (Sam PANTHAKY | AFP)

Gizon talde batek bi emakume bortxatu zituen Indiako Manipur eskualdean eta, atzetik, kalean biluzik ibiltzera behartu zituen. Poliziaren arabera, maiatzean izan zen erasoa, baina orain azaleratu da, sare sozialetan zabaldu den bideo baten bitartez. Irudiek haserrea eragin dute herrialdean.

«Nazioari ziurtatzen diot errudunak ez direla libratuko. Legeak bere indar guztiarekin erantzungo du, eta eta Manipurreko alaba hauei gertatu zaiena ez dugu inoiz ahaztuko», esan du ostegun honetan Indiako lehen ministroak, Narendra Modik.

Meitei eta Kuki komunitateak

Genero indarkeria kasu honek etnian oinarritutako gatazka bat ere du atzean du. Modik kritika ugari jaso ditu azkenaldian, maiatzaren hasieran etnia komunitateen artean lehertu zen gatazkaren gainean isiltasuna mantendu duelako. Gatazka hasi zenetik 140 pertsona baino gehiago hil dira, gehienak Kuki komunitate gutxituko kideak.

Manipurgo estatuan hainbat komunitate bizi dira. Meitei komunitatea da nagusi bailaran eta Kuki komunitateak kontrolatzen ditu mendiak. Edo horrela izan da orain arte. Izan ere, auzitegi batek ‘tribu’ izaera aitortu zion Meitei komunitateari eta, horren bitartez, mendietara zabaltzeko eta gobernu-postuetara iristeko aukera zabaldu zien. Kukiek mendialdea mantendu nahi dute eta protestan atera ziren maiatzaren 3an. Geroztik, gatazkan bizi da lurralde hau.

Bi aldeek armak lapurtu dituzte eta gerrari ekin zioten. Herrixkak erre dituzte eta, gatazkaren eraginez, 60.000 pertsona inguruk alde egin behar izan dute beraien etxeetatik. Milaka agente militar hedatu dira Estatuan egoera kontrolatzeko asmoz, baina ez dute lortu.

Poliziaren arabera, erasoa jasan zuten emakumeak Kuki komunitateko kideak dira; erasotzaileak, berriz, Meitei komunitatekoak.

«Lotsagarria da bi emakume kuki biluzik erakusten dituen bideo bihozgabe bat behar izatea munduaren kontzientzia astintzeko», adierazi du Golan Nulak ekintzaile kukiak.