Munduko txapelketa batean beloarekin jokatzen duen lehendabiziko futbolaria izango da Nouhaila Benzina marokoarra. Australia eta Zeelanda Berrian jokatzen ari den Munduko Kopako beste mugarri historiko bat izango da honakoa, Maroko eta Alemaniaren arteko partidan emango dena (astelehen honetan, 10.30ean), H multzoko lehen jardunaldian. «Izar marokoarra izango da txapelketan beloarekin parte hartuko duen lehen jokalaria», baieztatu du FIFAk, Twitter bidez, ekintza honi garrantzia emanez.
Bere selekzioaren entrenamenduetan eta FIFAren argazki ofizialetan hijab-arekin agertzen den jokalari bakarra da Benzina. Duela gutxi, Al Jazeera hedabideari eskainitako adierazpenetan adierazi zuen «harro» dagoela bere herrialdea munduko jokalekurik onenean ordezkatzeaz. «Aspaldidanik daramat hijab-a, eta oso pozik nago berarekin», esan zuen.
25 urteko atzelari indartsuak Marokoko Royal Army Football Club (FAR) taldean jokatzen du, eta 2018an sartu zen Marokoko selekzio nazionalean. Benzinak Kenitra AC taldean hasi zuen bere ibilbidea, Marokoko bigarren B mailako klub batean, eta CAFen Emakumezkoen Txapeldunen Ligaren inaugurazio ekitaldia jokatu zuen Kenian, 2021eko abuztuaren 24tik irailaren 7ra.
Maroko izan zen Wafcon (Afrikako Nazioen Kopa, euskaraz) txapelketa kontinentaleko finalean parte hartu zuen Ipar Afrikako eta Arabiako lehen herrialdea, Nigeria mendean hartuta, eta, horrela, Munduko Txapelketarako txartela lortuta.
Estreinako aldiz lehiatuko duen Munduko txapelketa honetan final zortzirenak ditu helburu bai Benzinak bai eta Marokok ere. Alemania, Kolonbia eta Hego Korea ditu arerio multzoen fasean eta talde alemaniarra beste guztien gainetik badago ere, bigarren postu horretarako borroka estua aurreikusten da. Lehen jardunaldian Alemaniari aurre egiteko aukera txiki samarra daukala pentsa daiteke baina Jamaicak Frantzia nola eutsi duen kontuan hartuta eta lehia gehienak gol batengatik erabaki direla ikusita, ez da ezer baztertu behar.
FIFAren debekua 7 urtez
Beloarekin lehiatuko den aurreneko jokalaria izango da Benzina, honen erabilera debekatu egin baitzuen FIFAk 2007tik 2014ra bitartean, «segurtasunerako arriskutsua» zela iritzita. Gero debekua kendu eta Munduko txapelketa hasi baino egun batzuk lehenago, FIFA berak baieztatu zuen Benzinak beloarekin jokatuko duela, Munduko Kopa batean mugarria ezarriz.
نُهيلة بنزينة ستصنع التاريخ في كأس العالم FIFA للسيدات أستراليا ونيوزيلندا 2023
— كأس العالم FIFA (@fifaworldcup_ar) July 13, 2023
نجمة المغرب ستكون أول لاعبة تشارك في منافسات البطولة مرتدية حجاب الرأس ♀️@EnMaroc pic.twitter.com/SNXearbbHP
Herrialde eta federazio askok –tartean Frantziakoak– oraindik debekatzen diete beren jokalariei hijab-a erabiltzea. Hijab-a burua estaltzen duen beloa da.