NAIZ

Alegazioak aurkeztu dituzte Ganekogortako instalazio eoliko eta fotovoltaikoen aurka

Ganekogortako mendigunean parke eolikoak eta instalazio fotovoltaikoak jartzea jasotzen du Lurralde Plan Sektorialak. Alonsotegiko, Arrankudiaga-Zolloko eta Arrigorriagako udalek alegazioak aurkeztu dituzte. Diotenez, lurraren kaltetan «elektrikoen interesak» babestuko dituelako.

Ganekogortako mendigunean jarri nahi dituzte instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak.
Ganekogortako mendigunean jarri nahi dituzte instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Alonsotegiko Udalak, Arrankudiaga-Zolloko eta Arrigorriagako Udalekin batera, Ganekogortako mendigunean eta inguruan parke eolikoak eta instalazio fotovoltaikoak jartzearen aurkako alegazioak aurkeztu dituzte.

Joan den ostiralean, uztailaren 21ean, aurkeztutako alegazioak osoko bilkuraren erabakiaren bidez atera ziren aurrera, EH Bilduren aldeko botoarekin eta EAJren abstentzioarekin.

EH Bilduk gobernatzen duen udalak ohar batean azaldu duenez, 2023ko maiatzaren 10ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako proiektuak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren onarpena bere baitan hartzen du.

Unai Arregi Gardoki Alonsotegiko alkateak azaldu duenez, hiru udalerriek batera aurkeztutako alegazioek «Ganekogortako mendigunean elektrikoen interesen aurrean babes berezia emateko bidearen hasiera baino ez dira».

Adierazi duenez, «lurraldearen okupazioa eta lurzoruaren artifizializazioa» da proiektu honetan aipatu beharreko «inpaktu esanguratsuenetako» bat.

EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren arabera instalazio eoliko horien garapenak «ingurumenean eraldaketa nabarmena» eragingo du, «garatzeko azalera handia behar duen aprobetxamendu mota bat delako», udalak zehaztu duenez.

Alegazioetan hainbat urraketa salatzen dira, hala nola defentsarako eskubidea prozeduran, 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeengatik alegazioak aurkezteko epea murriztea eta administrazio publikoek ingurumenari buruzko informazioa ez argitaratzea.

Gainera, udalen eta alderdi politikoen iritziak «aintzat ez hartzea» ere aipatzen da, «ordezkatzen dituzten herritarrenganako arretarik eza» ere kontuan hartuta.