NAIZ

Suteek kontrolik gabe jarraitzen dute Rodasen eta milaka turista ezin dira irlatik atera

Rodasen dauden milaka turistak beren hotelak utzi behar izan dituzte irlan piztu zen sutea dela eta. Suhiltzaileak amatatzen saiatzen ari diren arren, zazpigarren egunez jarraian oraindik kontrolik gabe hedatzen ari da uhartetik. 19.000 lagun ebakuatu dituzte.

Rodas greziar uharteko sutea dela eta, milaka turista irlan atera gabe daude.
Rodas greziar uharteko sutea dela eta, milaka turista irlan atera gabe daude. (Spyros Bakalis | AFP)

Egeoko hego-ekialdean dagoen Rodas greziar uharteko sutea dela eta, milaka turista irlatik atera gabe geratu behar izan dira. Suhiltzaileek astebete daramate irlan zehar hedatzen ari den sutea itzaltzeko ahaleginetan. Hala ere, garrek kontrolik gabe hedatzen jarraitzen dute eta horren ondorioz hainbat eremu hustu egin behar izan dituzte. Orotara, 19.000 pertsonak utzi behar izan dituzte beren etxeak; horietatik 6.000 turistak dira.

Greziako Gobernuak eskainitako datuen arabera, 5.000 hektarea baso erre dira astebetean, baita hainbat etxebizitza eta hotel ere. Bost herri hustu egin behar izan dituzte suhiltzaileek. «Suteekin gerran gaude», adierazi du Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak. Azaldu duenez, 270 suhiltzaile daude lanean, 55 ibilgailu, 8 hegazkin eta 10 zisterna-helikopterorekin.

Gobernuak jakinarazi duenez, hotelak utzi behar izan dituzten turistak kiroldegietan, Udalaren azpiegituretan edo hotelek eskainitako beste eraikinetan daude. Greziar komunikabideek argitaratutako irudietan ikus daitekeenez, turista asko Rodaseko aireportuetan dabiltza, irlatik irten nahian.

Gobernuak zehaztu du igandetik astelehenera 1.489 lagunek Rodasetik Erresuma Batura, Alemaniara eta Italiara joatea lortu dutela. Horretaz gain, easyJet konpainiak jakinarazi du astelehenetik aurrera Erresuma Batuko biztanleek bere herrialdera bueltatzeko aukera izango dutela. Txekiako Gobernuak ere jakinarazi du bere herrialdeko biztanleak Txekiara itzuli ahal izateko hegazkinak bidaliko dituela.

Rodaseko uharteaz gain, Greziako beste eskualde batzuetan ere suteak piztu dira. Korfuko irlan egoera hobetu den arren, 18 herri hustu behar izan dituzte, eta 2.500 lagunek beren etxe eta hotelak utzi behar izan dituzte. Greziar komunikabideen arabera, horietatik 2.000 turistak ziren. Horretaz gain, Eubeako irlan ere 8 herri hustu behar izan dituzte sua dela eta.

Igandean 62 sute piztu zirela jakinarazi zuten suhiltzaileek. Azkene egunotan tenperatura «oso altuak» izaten ari dira Grezian; Gition hirian, Peloponeson, 46,4 gradura iritsi ziren, herrialdean inoiz izandako altuena. Greziako meteorologia zerbitzuak ohartarazi du «muturreko beroak» ostegunera arte jarraituko duela.