Arnaitz Gorriti

Iker Larrazabalen izarrak Zabaletaren laguntzarik gabe ere distira egiten du (17-22)

Elizondoko Baztan pilotalekuko ikusleen txalo zaparradak atera ditu Amurrioko aurrelariaren jokoak. Hala ere, 22ra iristeko lan handia egin behar izan du bere atzelariarekin batera, azkenera arte ez Elordik ezta Albisuk ere ez dutelako amorerik eman.

Iker Larrazabal bikain aritu da Elizondon.
Iker Larrazabal bikain aritu da Elizondon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Jose Javier Zabaletaren ondoan jokatu eta distira egitea lortzen bada, hor bada pilotaria. Aurtengo uda erabakigarria ari da izaten Iker Larrazabalen bizitza profesionalean. Elizondoko Baztan pilotalekuan Caixabank Masterseko puntua eraman dute astearte honetan arabarrak eta nafarrak, azkenera arte etsi gabe jokatu duten Aitor Elordi eta Jon Ander Albisu menpean hartu ostean. Eta Zabaletaren joak aldea markatu baldin badu, Larrazabalek talentuak, hankasartzeak hankasartze, ondo merezitako txalo zaparradak atera dizkie Baztan pilotalekuko ikusleei.

Hasierako tantoetan Larrazabalek berak egin ditu eta berak galdu ditu guztiak, baina aurrelari gaztea asentatzeaz bat, urdinek airean irabaziko zutela tankera hartu du Elizondoko demak. Hasteko, Zabaletak bizkarra nahi beste erakusten dio Albisuri eta Larrazabalek, berriz, errematatzaile abila baino ondotxo gehiago ere badela erakutsi dio Elordiri. Airez zein botez, Amurrioko aurrelariak berak zuloak ireki eta tantoak amaitu baititu markagailua 2-8 jarri arte.

Partidaren zorionerako, neurketa ez da hor hautsi. Batetik, Larrazabalek bere gaztetasunari loturiko kale pare bat egin ditu, eta horrez gain, Elordik ere aurreko koadroetan moldatzen badakiela erakutsi diolako arabarrari. Mallabiko aurrelaria asteotan partidak bata besteraren atzetik ari da jokatzen eta egia esan, tarteka lana pilatzen ari zaiola dirudi, baina Elizondon ere lanari ez diola beldurrik erakutsi du.

Hala, gorriek 8na berdintzea lortu dute, zabalean moztuta Albisuk berak egindako tanto zoragarri baten ostean. Tarteka gainera, ataundarrak bizkarra ere erakutsi dio Zabaletari eta Elordiren ekimenari esker, partida biziberritzea lortu dute, nahiz eta aurretik behin ere ezin jarri gorriak.

Pilotarekin asmatu

Urdinek hasieran ateratako pilota asko gastatu da. Izan ere, erramintako partidak ere hartzen dituen pilotalekua da Elizondokoa; alperrik ez ditu 12 koadro pasatxo, eta zorua eta frontisa ere ohiko pilotalekuena baino lakarragoa du, itxura denez.

Hala, pilotak bizitasuna galtzera Larrazabalen erremateek ere eraginkortasuna galdu dute. Ondorioz, nahiz eta Zabaletaren joari aurre egin behar, asko ibili behar izan duen Albisuk batik bat, Elordik eta Albisuk 14-15era arte partidan aukera guztiekin mantentzea erdietsi dute.

Baina behin pilota biziago bat atera dutenez geroztik, urdinek berriz ere aldea hartu ahal izan dute: 14-19 lehenengo eta 15-21 gero. Elordik eta Albisuk, lanerako dauudela erakutsiz, azken estutu bat eman diete urdinei, baina hutsik egiteko tarterik gabe, Mallabiko aurrelariari txapapera erori zaion pilotakada batek eman dio errematea neurketari. Orotara, Larrazabalek 11 tanto amaitu ditu, eta goiko mailan lekua egiten ari dela erakutsi ere, garaipenaz haratago. Noski, Zabaleta atzean badago, dena da errazagoa, baina bere merituak hantxe geratu dira.

FITXA TEKNIKOA

ELORDI-ALBISU 17

LARRAZABAL-ZABALETA 22

Iraupena: 69.57 Minutu. Pilotakadak: 691. Sakez: 0 Elordik eta 0 Larrazabalek. Egindakoak: 8 Elordik eta 1 Albisuk; 11 Larrazabalek eta 3 Zabaletak. Galdutakoak: 2 Elordik eta 5 Albisuk; 7 Larrazabalek eta 2 Zabaletak. Markagailua: 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 2-8, 3-8, 8-8, 8-9, 8-11, 9-11, 10-11, 10-12; 10-13, 11-13, 11-14, 12-14, 12-15, 14-15, 14-16, 14-18; 14-19, 15-19, 15-20, 15-21, 16-21, 17-21, 17-22. Gorabeherak: Caixabank Masterseko jardunaldiko neurketa Elizondoko Baztan pilotalekuan, giro politean. Dirua 100-80 urdinen alde. Aurreneko sakea, urdin.