NAIZ

«Inoizko erronka gehien» duen denboraldiari aurre egiteko martxan jarri da Bera Bera

Superkopa berrituan –Portugalgo bi talde onenekin– eta Kopako azken fasean anfitrioia izango da Bera Bera eta «inoizko erronka gehien» duena urtetzat jo dute aurtengoa. Bi aurpegi berri izango dira taldean: Lyndie Tchaptchet eta Carmen Arroyorenak. Jon Begiristain izango da bigarren teknikaria.

Bera Berak asteazken honetan abiatu du denboraldi-aurrea.
Bera Berak asteazken honetan abiatu du denboraldi-aurrea. (@BALONMABERABERA)

Lehen taldeko 13 jokalari eta bigarren taldeko hirurekin hasi du asteazken honetan denboraldi-aurrea Bera Berak. Iazko helburu berdinekin baina «erronka are handiagoekin» ekin du lehendabiziko lan saioa. Ohi bezala, Estatu mailan, titulu guztien borrokan ibiltzea du xede talde donostiarrak eta European League txapelketan multzoen fasera sartzea –hala berretsi du Alba Menendez kapitainak prentsa agerraldian–. Baina, aurten, Superkopa berritua eta Kopako azken fasean anfitrioiak izango direnez, ardura ere areagotu zaio klub gipuzkoarrari.

Dena dela, zarauztarrak onartu du oraindik ere lehendabiziko eguna dutela gaurkoa eta Superkopa, lehendabiziko txapelketa, oso urrun ikusten dutela baina, noski, «gogotsu» daudela.

Iazko sasoian, Superkopako eta Kopako garaikurrak altxa zituzten donostiarrek eta ligan, formatu berrituan, arantzatxoa geratu zitzaien. «Ligako talderik erregularrena nahi dugu izan eta play-offetan txapeldun atera nahi dugu, noski», adierazi du.

Dena dela, helburu nagusitzat Europa dauka kapitainak: «Orain dela bost denboraldi multzoen fasera iritsi ginen eta hori errepikatzea nahi dugu. Arerioa oso talde indartsua da baina tira, gogoa daukagu eta ahal dugun guztia emango dugu pistan».

Iazkoa berdintzen edo hobetzen saiatzeko, bi fitxaketa egin ditu Bera Berak, talde utzi duten Cristina Polonio, Paula Arcos eta Sara Gilen partez.

Lyndie Tchapchet, pibote nafarra, eta Carmen Arroyo, Ciudad Realeko albokoa dira talde donostiarreko aurpegi berriak. Eta Imanol Alvarez entrenatzailearen iritziz, «iaz baino talde hobea» daukate: «Oso gazteak dira baina oso jokalari onak dira, jokalari garrantzitsuak izango dira. Beraiek sinetsi behar dute etorri direla jokatzeko, irabazteko».

Menendezek legez, ermuarrak ere txapelketa guztietan finalera iristea du helburua, dena borrokatzea, alegia. Iazko ligako kanporaketak gogoratzean, uste du Kopa irabazi ostean «hustuta» sentitu zirela eta horrek asko eragin ziela.

Taldeko egituraren jarraipena

Bestalde, Imanol Alvarez teknikariaren bigarrena Jon Begiristain izango da. Halaber, Eider Tapia pibote irundarra, Naroa Zabala atezaina eta Elene Vazquez Bera Berako seniorrean arituko dira.

Menendez, Arrojeria eta Etxeberriaz gain beteranoak diren Emma Boada eta Mariane Fernandes bezalako jokalariei jarraipena eman dio Bera Berak. Horrez gain, Alice Fernandes Silva, Laura Hernandez eta Malena Cavoren kasuan laugarren sasoia burutuko dute Donostian; hirugarrena izan da Maddi Aalla eta June Loidirentzat eta bigarrena Gavilan eta Anne Erauskinen kasuan. Urtarrilean iritsi ondoren, bigarren denboraldia izango da Marie Louisentzat eta, bi etapetan banatuta, laugarrena Elke Karstenentzat.

Gainera, abonatuen kanpaina martxan jarri du Bera Berak. Uztailaren 31era arte, iazko prezioetan eskuratu ahal izango da abonua; hau da, ligako 12 partida ikusteko, helduek 79 euro ordaindu beharko dute (gazteek eta jubilatuek, 45 €). Horrez gain, Europa, playoffa, Superkopa eta Kopa ikusteko beherapenak egingo dira.