NAIZ

Txaro Arrazola artista izango da aurtengo Gasteizko jaietako pregoilaria

Aurten Txaro Arrazola diziplina anitzeko artista gasteiztarrari dagokio Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera ematea eta pregoia irakurriko du datorren abuztuaren 2an, bere konprimiso sozialari esker. Bereziki margolaritzan aritu da eta EHUko Arte Ederren Fakultatean irakaslea da.

Txaro Arrazola, bere artelanetako birekin, Gasteizen eskainitako erakusteta batean.
Txaro Arrazola, bere artelanetako birekin, Gasteizen eskainitako erakusteta batean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Bere ibilbide zabala eta konpromiso soziala eskertzeko aukeratu du Txaro Arrazola Gasteizko Udaleko Kultura Sailak aurtengo Andre Maria Zuriaren jaien pregoia irakurtzeko. Abuztuaren 2an izango da, datorren asteazkenean, eta ondoren Sorotan Beleren kontzertuak eta Udal Musika Bandaren ohiko emanaldiak girotuko dute Plaza Berria.

Batez ere margolari bezala egiten du lan Arrazolak, diziplina arteko artista den arren, ikus-entzunezkoen, argazkilaritzaren eta eskulturaren arloetan aritzen da eta. Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Arabako Arte Lehiaketan lehen saria eskuratu zuen. 1989an antolatu zuen Araba Aretoan bere lehen erakusketa indibiduala.

Hurrengo urteetan hainbat beka eskuratu zituen New Yorken bere prestakuntzarekin aurrera jarraitzeko. Ondoren, Euskal Herrira itzuli zen artea eta Leioako Arte Ederren Fakultatean egiten zuen irakasle lana bateratzeko. Analisiko, Pinturako, Kolorearen eta Proiektuen Laborategiko eskolak eman izan ditu.

Konpromiso soziala

2003tik bere lan artistikoak sistema ekonomikoaren krisian, ingurumenaren hondamendiak gogor pairatu dituzten txirotasun endemikoko zonaldeetako aldaketa klimatikoan eta errefuxiatuen egoeran, besteak beste, oinarritu dira.

«Oso balio sendoko eta kausa sozialekin, bizileku duen munduarekin, oso konprometituta dagoen emakumea da. Artearen bidez, Arrazola hobea eta arduratsuagoa den gizartea eraikitzeko ekarpena egiteko desioa adierazten saiatzen da», adierazi du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.

Bere lanak hainbat tokitan egon dira ikusgai, hala nola Gasteizko Montehermoson, Bilboko Vanguardia arte galerian -besteak beste, Esther Ferrer, Marisa Gonzalez eta Begoña Zubero artistekin batera-, Pedro Modesto Campos Fundazioan Tenerifen, Kunstarkaden Munichen edo Donostiako Arteko galerian.

Diaz de Corcuerak gaineratu duenez, ibilbide zabal eta sendo horri esker, New Yorkeraino eta galeria handietaraino iritsi da artista gasteiztarra. Horrela, bada, zinegotziak hiritarrak animatu ditu abuztuaren 2an Andre Maria Zuriaren jaietarako dei horrekin bat egitera.