Entrevue
Miren Garmendia
Hondarribiko patroia

«Egunaren eta baldintzen arabera iruditzen zait edonork irabaz dezakeela bandera bat»

Hondarribia bosgarren da Euskotren Ligan. Miren Garmendia (Hernani, 1999) taldeko patroiak adierazi du «asko hobetu» dutela itsasoan, eta «gozatzen» ari direla. Asteburu honetan jokatuko dituzte ligako 7. eta 8. jardunaldiak. Larunbatean Getxon (17.30ean), eta igandean Santurtzin (11.25ean).

Miren Garmendia patroia Hondarribiko arraun klubean.
Miren Garmendia patroia Hondarribiko arraun klubean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hondarribiko Arraun Elkartean arraunlariak gutxika-gutxika sartzen ari dira entrenamendu saioa egiteko. 18.00etan etorri da Miren Garmendia Hondarribiko patroia, beste bi arraunlarirekin batera. Taldekideak zuzenean klubeko gimnasiora joan dira, uretara sartu baino lehenagoko lan saioa egiteko. Garmendiak, ordea, aurretik egin du lan hori –elkarrizketagatik–, eta NAIZekin egoteko tartea hartu du. Klubeko instalakuntzen ondoan taberna bat dago, eta han dago Iker Cortes Hondarribiko entrenatzailea. «Miren patroi ona da», adierazi du Cortesek. Garmendiak barre egin du.

'Ama Guadalupeko' trainerua bosgarren da Euskotren Ligan, 22 punturekin. Aurretik lau puntura du Donostiarra, eta, atzetik, zazpi puntura du Hibaika, seigarren sailkatua. Orain artekoaz balorazio «oso positiboa» egin du Hondarribiko patroiak. Denboraldiko bi helburuak betetzen ari dira: kanporaketak saihestea, alegia, seigarren postua saihestea, eta ohorezko txandan sartzea. Azken xede hori, azken bi estropadetan lortu dute.

Pasa den asteburuan ez zenuten jardunaldirik izan. Atsedena onerako izan al da?

Alde batetik ez zaigu asko gustatu; behin dinamikan sartzen zarenean, astebururo lehiatzen, pixka bat arraroa egin zaigu. Baina, bestalde, oso ondo entrenatu dugu. Aste ona izan da, eta ondo etorri zaigu mentalki eta lanean jarraitzeko.

Asko estutu zaituzte Iker Cortes entrenatzaileak?

Bai, egia esan aste honetan asko estutu gaituzte, baina bueno.

Asteburu honetan denboraldiaren erdira iritsiko zarete. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Oso positiboa. Bi helburu ditugu liga honetarako: bat da kanporaketak saihestea, seigarren postu hori saihestea, eta bestea da ohorezko txandara sartzea. Oraingoz bosgarren postua mantentzen dugu eta ohorezko txandan ere ibili gara igande batean. Beraz, alde horretatik, oso pozik.

Zein izan da egin duzuen estropadarik onena?

Ni oso gustura geratu nintzen Donostiako estropadarekin. Nahiko gogorra izan zen, baina oso ondo joan zen. Eta, gero ere, itsasoan izan diren guztietan gustura geratu gara. Aurten iruditzen zait asko hobetu dugula itsasoan eta gozatzen hasi garela; bai poparean bai brankaz, itsaso mugituarekin. Coruñan, adibidez.

Azken bi estropadetan laugarren geratu zarete, beste hiruretan bosgarren. Azkenekoan Donostiarra kanporatua izan zela kontuan hartuta. Taldea goraka doa?

Bai, hori aurtengo gauza politena da. Negutik sekulako familia sortu dugu, eta horrek egin du oso dinamika positibo batean sartzea, eta oso maila altuan entrenatzea. Azkenean bagenekien presio handia genuela zortziko liga honetarako, eta negutik uste dut denok gehiago estutu dugula. Urtez urte oso maila ona ematen ari gara.

Orioko azken estropadan Donostiarra kanporatua izan zela-eta, Nerea Perez Donostiarrako patroia orain dela hiru urte Hondarribian izan zen, ezagutuko zenuten elkar.

Bai, pena bat da despiste batengatik estropada ez jokatzea. Baina mentalki oso indartsuak dira, eta uste dut buelta oso azkar emango diotela, eta berriz ere estutuko dutela.

«Batzuetan Tolosaldearekin ibiltzen garen bezala, ehunekoengatik, eta oso gertu, atzetik ere oso gertu ditugu»


Liga hasi baino lehen aurreikus zitekeen Tolosaldea eta zuek ibiliko zinetela laugarren postuaren lehian. Oraingoz, behintzat, Tolosaldea hirugarren sailkatua da. Nola ikusten duzu lehia hori?

Bai, oso-oso indartsu hasi dira, eta ez genuen espero. Iruditzen zait oso lan ona egin dutela neguan, sekulako pausoa eman dutelako eta maila altua ematen ari direlako. Ematen du gu baino pauso bat aurrerago daudela, baina hortxe ibiltzen gara askotan ehunekoengatik. Hortxe dugu borroka.

Orio, Arraun eta Donostiarra gainerakoak baino koska bat gorago daude? Zein ikusten duzu faborito?

Hasieratik parekotasun handia dago. Ikusten da bai Orio eta bai Arraun Lagunak pauso bat aurretik daudela, baina egunaren eta baldintzen arabera iruditzen zait edonork irabaz dezakeela bandera bat.

Esan duzu kanporaketak ekiditea dela helburuetako bat. Galiziarrak kenduta, Hibaika zapzi puntuetara duzue.

Bai, Hibaika oso gertu dugu. Batzuetan Tolosaldearekin ibiltzen garen bezala, ehunekoengatik, eta oso gertu, atzetik ere oso gertu ditugu. Alde batetik, hori ere ondo dago, guk gehiago estutzen dugulako, baina ezin gara erlaxatu. Hibaika aurten ere oso maila ona ematen ari da, eta oso gertu ditugu.

Iker Cortesek pare bat arraunlari aldatzen ditu estropada bakoitzean; baina, oro har, blokea mantentzearen aldekoa da.

Bai, bloke bat ondo doanean horrekin jarraitzen dugu. Aurten nahiko justu gaude, baina horrek ere eragin du bloke on bat mantentzea eta multzoa asko lantzea. Orduan, positiboa da.

Larunbat honetan Getxon izango duzue estropada eta ohorezko txandan egingo duzue arraun. Igandean Santurtzin. Nolako estropadak espero dituzue?

Getxon pixka bat itsasoa emana dago. Polita izaten da estropada. Mugimendu pixka batekin ea estropada ona egiten dugun. Bestalde, Santurtzin kaleen zorte faktore horrek asko eragiten du. Ea zorte pixka bat dugun.



Nadeth Agirrerekin batera, patroi onenaren sarian lehen postuan zaude. Garrantzia ematen diezu halakoei?

Oso sari polita iruditzen zait. 2021ean ere irabazi genuen, eta ilusioa egiten dizu. Azkenean barkura igotzen zara, neskak ere pozik daude, eta izen-abizenak izan arren, denei esker irabazten den sari bat da. Orduan, ilusio handia egiten digu.

Hiru urte daramatzazu Hondarribian. Lehen Hernanin egon zinen. Gustura zaude hemen?

Bai, oso gustura nago. Egia esan Hondarribia beti erreferente moduan izan dudan kluba da. Gozamena da herritik joatea eta ikustea jendeak zer afizio polita duen, eta nola gerturatzen diren eta animoak ematen dizkizuten. Oso gauza polita da. Hondarribia beti izan da tradizio handia izan duen klub bat. Asteburuetan etortzen zara hona, eta ikusten duzu jende guztia kamisetarekin, eta babes hori... Egun txarretan asko eskertzen da.

Gizonezkoen antzera, harrobia akuilu dutela, emakumeek ere filosofia berari eusten diozue?

Bai, kluba beti saiatzen da harrobiko jendea ondo zaintzen, ondo entrenatzen eta maila ona dutenean salto hori ematen, etxeko traineruari jarraipena emateko. Azkenean denbora gehiago behar da, baina iruditzen zait filosofia on batekin, eta horrela jarraituz gero, emaitzak iritsiko dira talde honetara.

Iaz ETEn egon zineten, eta aurten zortzi ontziko Euskotren Ligara igo zarete. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Zortziko liga bat egitea beharrezko iritzi bat zela uste dut. Ikusi da sekulako maila ematen ari garela, eta sekulako jokoa dagoela. Beharrezkoa zen zerbait da.