NAIZ

Ibrahima Baldek atzerritarren nortasun-txartela eta erresidentzia baimena eskuratu ditu

Bost urtez zain egon ondoren, atzerritarren nortasun-txartela eskuratu du Ibrahima Baldek eta urtebeterako erresidentzia baimena eman dio Espainiak. Jada bere bizitzaren inguruan erabakiak hartu ahal izango ditu Ibrahimak, «odisea burokratiko eta juridiko luze» baten ostean.

Amets Arzallus eta Ibrahima Balde, ‘Miñan’ liburuaren egileak.
Amets Arzallus eta Ibrahima Balde, ‘Miñan’ liburuaren egileak. (Marisol Ramirez | FOKU)

Ibrahima Baldek 1.825 egun daramatza espainiar Estatuan, bost urte asilo-eskaeraren zain. Bost urte legalki bizitzeko paperaren zain egon ostean, atzerritarren nortasun-txartela eta urtebeterako erresidentzia baimena lortu duela kontatu du Blackie Books argitaletxeak.

Orain artean, paperik gabe bizitzeak eragindakoa ekarri dute gogora: «Lan kontratu bat ezin sinatzea, ezin mugitzea, eskubiderik ez izatea eta erabakirik ezin hartua dakar egoera horrek. Azken batean, etorkizun ez izatea, itxarotea zen egin zezakeen bakarra». Orain, egoera guztiz aldatu zaio Ibrahimari, «odisea burokratiko eta juridikoa» gainditu behar izan ditu horretarako ordea, paperez, notarioz eta informazio nahasiz betetakoa izan dela kontatu du argitaletxeak, eta batez ere, «kostu psikologikoaz gain, ekonomikoki ere oso garestia».

Duela aste gutxi lortu zuen baimena Ibrahimak, eta noizbait amestu zituenak egin ahal izango ditu: «Kontratua sinatuko du urteetan praktikak egiten ibili den autoen tailerrean, Hendaiara bidaiatu dezake Amets nahi duen guztietan ikustera. Eta batez ere, Ginea Konakryra itzuli daiteke ama eta arrebak bisitatzera; bost urte luzeren ondoren. Ez daki bertan geratuko den edo Espainiara itzuliko den, baina horrenbestetan eskatutakoa betetzear da: Ibrahimak bere bizitzaren inguruko erabakiak har ditzake».

Erresidentzia baimenarekin amaitzen den istorio bakoitzaren atzean, ordea, tragedian amaitzen diren milaka daudela salatu du Blackie Booksek. Ibrahimaren historia «salbuespena» ez izatea nahiko luketela adierazi dute eta «inoiz gehiago inor itsasoan desagertu behar ez izatea».

‘Miñan’
Amets Arzallusen hitzek bere istorioa kontatuta egin zen ezaguna Ibrahima Balde. Irungo Harrera Sarean ezagutu zuen Amets Ibrahimak eta elkarrizketa horietatik abiatuz ‘Miñan’ liburua idatzi zuen, konakryarraren bizitzaren kronika osatuz. Liburuari esker, herritar askorengana iritsi da Ibrahimaren eta beste milaka migratzaileen errealitatea, nahiz eta idazleak liburua argitaratu ostean NAIZi adierazi Ibrahimak «lotsaz bizi duela bere zauria jendearen eskuetan egotea».

Francisco Aita Santuak ere Ibrahima Balde eta Amets Arzallusen historia «drama migratorioaren» adibidetzat jarri zuen, Maltan ikusitakoa Arzallusen liburuan kontatzen denarekin konparatuz.