«Sportwashing» kirol modalitatean espezializatu da Saudi Arabia
Azken bi urteetan Saudi Arabiak 6.000 milioi euro bideratu ditu kirol ekitaldietara, herrialdean egiten diren giza eskubideen urraketak estaltzeko estrategia indartuz. Golf profesionaleko zirkuitua eta futboleko fitxaketen merkatuak, diruaren txin-txin hotsarekin, eraldatzeraino.
Kirol diplomaziak herrialde baten kanpo pertzepzioa alda dezakeela ez da gauza berria, ez eta askotan kirola herrialdearen zuriketarako baliatzen dela ere. Gero eta estrategia erabiliagoa da, “soft power” delakoa muturrera eramanda, beste adiera bat ere ezarri zaiona: “Sportwashing”. Modalitate honetan izarra Saudi Arabia da, “The Guardian” hedabideak egindako ikerketaren arabera.
Saudi Arabiak, gutxienez, 6.300 milioi dolar (5.700 milioi euro) gastatu ditu 2021aren hasieratik kirol-akordioetan, aurreko sei urteetan inbertitutakoaren laukoitza baino gehiago, eta, kritikoen iritziz, giza eskubideen urraketen aferatik arreta desbideratzeko estrategia da. Ideia bat egiteko, 6.300 milioi dolarreko inbertsioa Montenegroko edo Barbados uharteko BPGren parekoa da kasik.
Saudi Arabiako Inbertsio Publikoko Funtsa munduko 10 funts subirano handienetako bat da; 700.000 milioi dolarreko aktiboak ditu. Dirua mugarik gabe erabilita, nazioarteko kirol panoramaren statu quoa aldatu duela ere esan daiteke. Golf profesionaleko zirkuitua goitik behera eraldatu du, PGAri aurre egin eta golf-jokalarien artean ere erabateko banaketa emanda, diruaren txin-txin hotsarekin zenbait jokalari erakarri baitzituen LIV txapelketara. Azkenean, gainera, gerra horretan irabazle atera zen, PGArekin akordioa sinatuta, mila milioi euro tartean zirela.
Futbola, inbertsioan ere errege
Mugimendu entzutetsuenak eta oihartzun handiena daukatenak, nola ez, futbolean egindako inbertsioetatik iritsi dira. Izarrak erakartzeko lanetan buru-belarri ari da, 2022an Cristiano Ronaldo fitxatu zutenetik. Portugaldarraren ondotik, izar eta entrenatzaile ugarik hartu dute bide bera; besteak beste, Real Madrileko Karim Benzemak, Chelseako N 'Golo Kantek, Liverpooleko Roberto Firminok eta Aston Villako entrenatzaile ohi Steven Gerrardek.
Estrategia honekiko kezka, baina, lehenagokoa da. Inbertsio Publikoko Funtsekin (PIF, ingelesezko siglak), 391 milioi dolarren truke, 2021eko urrian Newcastle erosi izanak piztu zuen alarma, bereziki Amnesty International erakundean. Bigarren elastikoaren kolorea Saudi Arabiako selekzioaren antzekoa bilakatzeak agerian utzi zuen «Saudi Arabiako dolarraren boterea eta bere giza eskubideen historia basatia eta odolez blaitua garbitzeko erabakia», Amnesty Internationaleko kide Felix Jakensen ustetan.
«Aurretik, kirol figura eta markek Saudi Arabiarekin konprometitzeko eskaintzak baztertu zituzten ondo dokumentatutako giza eskubideen aurkako abusuak direla eta», esan zuen “Grant Liberty”-k. «Hala ere, jarrera moralean aldaketa kezkagarria egon da; izan ere, orain irabazizko negozioak onartzen dira, urraketak gertatzen ari diren arren».
2018an Jamal Khaxoggi kazetaria hil ondoren, Saudi Arabia oro har baztertua izan zen, eta korporazio garrantzitsu askok beren inbertsioak erretiratu edo geldiarazi zituzten herrialdean.
Baina azken bi urteetan aldaketa bat ikusi da. Joe Bidenek, behin Saudi Arabia hilketagatik «paria» bihurtuko zuela agindu zuenak, hara bidaiatu zuen iaz, eta Mohammed bin Salman printze oinordeko eta buruzagia agurtzean egin zuen keinua (ukabilak elkar kolpatuta) polemikoa izan zen.
Zenbait inbertsio eta eskaintza
Bestalde, Lionel Messi futbolariak 25 milioi dolar jasoko ditu Saudi Arabiako turismo agintaritzaren eskutik, herrialdearen promozioagatik, sare sozialetan luxuzko bidaiak argitaratzea barne. 408 milioi euroko eskaintza jaso zuen Al Hilal taldearen eskutik.
Aurtengo Kluben Munduko Kopa ere hartuko du Saudi Arabiak eta ez da ahaztu behar Espainiako Futbol Federazioarekin duen akordioa Superkopa han jokatzeko.
Aski kritikatua izan zen emakumezkoen Munduko Txapelketa babesteko eginiko eskaintza. Herrialdean bertan emakumeenganako zapalkuntza onartua dagoenean, emakumezkoen kirol ekitaldi bateko babesle nagusia izateak nahiko itxura distopikoa hartzen baitu. Australia eta Zeelanda Berria aurka agertu ziren, bai eta zenbait jokalari ere, eta azkenean FIFAk atzera bota zuen proposamena.
Boxeoan eta motorretan ere inbertsio esanguratsuak egin ditu. Jake Paul boxeolari bihurtutako youtuberra Tommy Furyren aurka borrokatu zen Riad hiriburuan, 3,2 milioi eta 2 milioi dolarren truke, hurrenez hurren. Eta motorrean, McLaren Group Ltd-en 550 milioiko babesletzan inbertitu zuen.