NAIZ

Aldaik eta Arrizabalagak jokatuko dute emakumezkoen nazioarteko lehen txapela Boisen

Dimakoak 22-15 irabazi dio Nora Mendizabali lehen finalerdian eta Olatz Arrizabalagak pixka bat alde handiagoarekin gailendu zaio Andrea Capellani (22-12).

Boisen aritu diren pilotariak bertako antolatzaileetako batzuekin.
Boisen aritu diren pilotariak bertako antolatzaileetako batzuekin. (EMC)

Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga, Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai funtsezko pertsonaiak izan dira emakumezkoen esku pilotak azken urteotan izan duen garapen izugarrian eta kirol honen eta euren historia pertsonaleko kapitulu berri bateko protagonistak izango dira, bi bizkaitarrek jokatuko baitute lau eta erdiko «Nazioarteko Basque Country Txapelketaren» lehen finala. Boiseko euskal komunitate zabalaren harrera goxoarekin, emakumeen esku pilotak bere ortzi-muga zabaldu du Atlantikoaz beste aldera jokatutako lehen emakumezkoen esku pilota partidekin eta urteetan oinarri sendo bat finkatzeko egindako lanaren ondoren, erronka berri baten lehen urratsak eman ditu, nazioartekotzearena.

Jet-lagarekin arazo handirik gabe, Estatu Batuetan jokatutako lehen bi partidak gainera nahikoa orekatu eta ikusgarriak suertatu dira, hori bai, azkenerako, bi bizkaitarren esperientzia eta tantoak amaitzeko trebezia erabakigarriak izan dira euren partidak aurrera ateratzeko orduan. Lehen finalerdian, Amaia Aldaik 22-15 irabazi dio Nora Mendizabali eta Olatz Arrizabalaga pixka bat alde handiagoarekin gailendu zaio Andrea Capellani (22-12).

Finala Euskal Herriko igandeko 0.00etan jokatuko da, arratsaldeko 16.00ak bertako ordutegian, eta zita historiko hau Boiseko Pilota Eskolaren Facebook orrialdean ikusgai izango da.