NAIZ

Urduñako hilerrian identifikatutako 36ko bost biktimen gorpuzkiak jaso dituzte senideek

1936ko gerrako biktimetako bost gorpuzki identifikatu eta beren senideei emateko ekitaldia egin dute larunbat honetan Urduñako hilerrian. Nerea Melgosa Lakuako Gobernuko Justizia sailburuak memoria, biktimen duintasuna eta justizia soziala aldarrikatu ditu.

95 urteko Pedro del Amo, bere aitaren gorpuzkiak dituen kutxarekiin.
95 urteko Pedro del Amo, bere aitaren gorpuzkiak dituen kutxarekiin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urduñako hilerrian 1936an faxisten aurka borrokatu zutenen gorpuzkiak topatu zituzten 2014 eta 2022 bitartean; guztira 71 pertsonaren gorpuzkiak desobiratu bazituzten ere, bost identifikatzea lortu zuten, eta larunbat goiz honetan Urduñako hilerrian egindako ekitaldian haien gorpuzkiak beren senideei eman dizkiete. Guztiak Urduñako espetxe frankistan hildakoak dira, 1937-1941 bitartean kontzentrazio esparru eta presondegia izan zen garaian.

Fructuoso Llorens Tolesano, Alfonso Tena Prieto, Manuel eta Salvador del Amo Jimenez anaiak eta Alejandro Gomez Hidalgo dira identifikatutakoak; guztiak Badajozekoak, Gomez Hidalgo izan ezik, hau Toledokoa baitzen. Ekitaldian familia bakoitzeko bi kidek jaso dituzte senitartekoen gorpuzkiak, dagozkien desobiratze txostenak eta Iñigo Arregiren ‘Duintasuna’ eskulturaren erreplika. Ohorezko aurreskuak eman dio amaiera une nagusiari, eta ekitaldia ‘Agur Jaunuak’ doinuarekin eta lore eskaintzarekin amaitu da.

Aurreskua dantzatu diete senideei, gorpuzkiak gordetzen dituzten kutxak eskuetan zituztela. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hurbildutako agintarien ordezkaritza zabalaz gain, senideek ere hartu dute hitza ekitaldian. Azpimarratzekoa da Del Amo familiaren bilaketa; izan ere, 2014ean Urduñan lehen gorpuak hobitik atera zituztela jakin zutenetik bi anaiak bilatzen aritu dira: Manuel eta Salvador del Amo. Gaur, Pedro 95 urteko semeak berreskuratu ditu azkenean etxekoen gorpuzkiak. Bere DNAren bidez identifikatu dute haren aita, eta beste hiru seme-alaben DNAk balio izan dute bere osabaren identifikazioa burutzeko.

Gainontzeko beste lau gorpuzkietatik hiruren identifikazioak beren seme-alaben DNAri esker egin dira, eta ekitaldian Gogora Institutuak jakinarazi du identifikazio gehiago lortzeko lanean jarraitzen dutela. Horretarako, 50 familia baino gehiagoren laginak hartzen eta DNA erkatzea kudeatzen ari dira, gainerako 66 desobiratuak identifikatzeko.  

Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan bost pertsona horiek identifikatu eta hobitik atera izana «auzolanaren adibide» bat da. Azpimarratu du herriak «konpromiso irmoa» duela eskubide eta askatasunei balioa emateko: «Bat gatoz herri honen memoria historiko eta demokratikoari balioa ematearekin, baita askatasuna, demokrazia eta justizia sozialari ere; hauen alde bizitza eman baitzuten milaka eta milaka gizon-emakumek ultraeskuinaren, totalitarismoaren, errepresioaren eta diktaduraren aurkako borrokan. Oroimenak, biktimen duintasunak eta justiziak guztion ondare izan beharko luke».

Horretarako, Gasteizko Parlamentuak onartutako Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko Legea jarri du mahai gainean; «tresna berri eta indartsua» izango da Melgosaren hitzetan. Sailburuaren arabera, legea babesten duten herritar zein alderdiak bat datoz «egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeen nazioarteko zuzenbide humanitarioaren printzipioekin».

Iker Santocildes Urduñako alkateak ere hartu du hitza eta kontzentrazio esparruko eta espetxeko biktimen oroimena eta duintasuna berreskuratzeko udalerriak izan duen inplikazioa nabarmendu du.

Ordezkaritza zabala

Bertaratutakoen artean izan dira, senide, Lakuako eta Aranzadiko ordezkari eta herriko alkateaz gain Urduñako udalbatza osoa; Jon Hernandez, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea eta Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kidea; Nerea Ahedo, EAJko senataria; Iker Casanova eta Arantzi Sarasola Bizkaiko Batzar Nagusietako kideak; Miriam Baeta, EHUko Biomic laborategi genetikoko teknikaria; Joseba Egiguren Urduñako kontzentrazio esparru eta espetxearen ikertzailea; Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Euskal Prospekzio Taldeko kideak, Urduñako desobiratzeez arduratu direnak, eta Intxorta 1937 eta Urduña 1936 memoria elkarteetako kideak.  

Urduñako kontzentrazio esparrua eta espetxe frankista

Identifikatutako bost biktimak 1941ean hil ziren, Urduñako Espetxe Zentralean. Aurretik, 1937tik 1939ra, leku hori, Aita Jesuiten ikastetxea, kontzentrazio esparrua izan zen. Presoak baldintza ankerretan bizi ziren: pilaketa, umiliazioak, gosea, hotza, gaixotasunak, esklabotza baldintzak... eta heriotza.

Gerraren ondoren eta 1941 arte, barruti hau Espetxe Zentral bihurtu zen. Presoen profila ere aldatu egin zen, identifikatutako biktimen kasuan ikus daitekeenez, jada ez ziren gerrako borrokalariak bakarrik, adin guztietako herritarrak baizik, sindikalistak, nekazariak, politikariak edo Francoren erregimenaren etsaitzat jotzen zen edozein pertsona izateagatik preso hartuak.

Ia 4.000 gizon igaro ziren Urduñako espetxetik. Erregistroen arabera, 4 urteko aldi horretan (1937-1941) 225 pertsona hil ziren. Gehienak extremadurarrak ziren (127) eta Gaztela-Mantxatik (41), Andaluziatik (28) edo Kataluniatik (18) etorritako presoak ere nabarmentzen dira.