Hegaluzea azkar eta ugari sartu da; bizi-bizi doa kostera
Uda seinalea da hegaluzea tomatearekin, brasan edo marmitakoan jatea. Fresko dastatzeko edo kontserbak egiteko, arrain urdin preziatu honen salmenta pil-pilean da. Kanpaina bertan kudeatzeko kuota partitzea da arrantzaleen aldarria. Arrainketariak, sukaldeko transmisioaren etenak arduratzen ditu.
Hegaluzea eta hegalaburra hagitz ongi bereizten dira euskaraz. Lehena, ‘bonito’, txikiagoa da baina hegal luzea du. Haragi aunitzez samurragoa du eta testura bereziki leuna. Bigarrena, atuna, pieza handiagoa da baina hegal laburrekoa. Koipe gehiago du eta ilunagoa da, gorriagoa. Japonian hain estimatua denez, hemen arrantzatutakoa han saltzen da. 30 eurotik goiti ordaintzen dute kiloa. Guk jaten duguna hegaluzea da, eta hura iritsi baino lehen, bi astez edo, moja izenekoa, atunaren familiakoa.
Hegaluzearena urteko hirugarren arrantza kanpaina handia da. Berdelarena izaten da lehenik, antxoarena gero. Martxo hasieran antxoa pasatzen da hemendik, eta ekainaren erdialdean, antxoa desagertu ahala, hegaluzea hurbiltzen da Kanarietatik. Aurrena Kanarietakoa ailegatzen da gure arraindegietara, hemengoa hasi arte.
Arrantzatzen denaren arabera, sasoia luzeagoa edo laburragoa izaten da. Aurtengoa bizi-bizi doa, eta azkarrago bukatuko dela dirudi, arraina agudo eta ugari sartu baita.
Lehen deskarga handia
Denboraldiko lehen deskarga handia uztailaren 9ko gauean izan zen. Getarian sartu zen gehiena: 300 tona inguru. Hondarribiko portuan bertze 250 tona jaso zituzten, Ondarroan, 40 eta Bermeon, 35. Arrantzaleek diotenez, arrain aunitz dago eta, gainera, kostaldetik nahiko hurbil. Horri esker, flotak gasolio gutxiago xahutu du. Kantauri itsasoko portu gehienetan arrantzatu dute hegaluze asko.Kantabrian 200.000 tonatik goiti eta Asturiasen, 100.000 tona.
Kopuru altuak prezioari eragiten dio, eta errentagarritasunak kezkatzen ditu arrantzaleak. Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariak azaldu digunez, «prezioa eskas samarra da»; kiloa hiru eurotik behera saldu da lonjetan, iaz baino euro bat merkeago batez beste. Enkanteetan erosleek azkar altxa dute eskua, eta hortxe gelditu da prezioa.
Prezioa
Arraindegiek BEZa eta euren marjina gehitu behar diote lonjako prezio horri. Marjina ez da berdina pieza osoa edo xerratan ebakita saltzen bada, garbitzerakoan burua, tripak eta bertze kentzen dizkiotelako eta horiek ere badutelako pisua. Gainera, ez dute erosten duten guztia saltzen, soberakinak izaten dituzte. Hortaz, beti mantendu eta defendatu behar dute beren marjina. Arraindegi bakoitzak jartzen du berea, baina elkarren artean solastatzen dira eta badakite zenbatean dabilen. Berako Amaleunen, kiloko 12,10 euroan dago amuko hegaluzea.
Honek Getariako edo Hondarribiko zigilua darama isatsean, Eusko Labelarena, arrantza aparailu tradizionalak erabili direla ziurtatzen duena. Arraste-arrantzako arraina, sarearekin harrapatua, merkeago saltzen da, baina ingurumeari garestiago ateratzen zaio. Arrainak gehiago sufritzen du, kolpatuago iristen da.
Gipuzkoako 550 arrantzale ari dira lanean kanpaina honetan, 60 itsasontzi ingurutan, Bizkaia eta Asturias bitartean, iparraldera.
Garmendiak aldarrikatu duenez, berdela, txitxarroa eta antxoarena bezala, hegaluzearen kuota ere partituta egon beharko litzateke, «bertan kudeatu ahal izateko, egokiago, errentagarriago». Orain Estatu espainiarrak ezartzen du kuota eta, horren arabera, gehienez 18.805 tona arrantzatzen ahalko dituzte. Uztailaren hasieran kopuru horren %40ra iritsiak ziren dagoeneko. «Martxa honetan kanpaina laburra izango dugu, ezingo delako gehiago hartu».
Freskoan zein kontserban
Bi merkatu daude, «freskorakoa, orain pil-pilean dagoena, eta kontserbena, oso garrantzitsua», esplikatu du Gipuzkoako Kofradien idazkariak. «Hotz katea mozten ez den bitartean egun batzuetan kalitatez mantentzeko aukera ematen du. Hotz kate hori ondo zaintzea da inportanteena», azpimarratu du.
Amaleun arraindegian, hegaluzea xerratan txukun mozten ari da Ixiar Elortza, gero bezeroek potetan sartzeko edo izozteko. «Ontziratzeko lan aunitz egiten dugu. Ohitura hori mantentzen da, gazteen artean ere bai. Erosoa da, garbia. Prezioz ere ongi ateratzen da, 5,90 euro kiloa. 8 eta 11 kilo bitarteko piezak ditugu eta 60 euro inguruan saltzen ditugu».
Sasoiak bereiztea gustatzen zaio, ahal dela bertakoa eskaintzea. Horregatik, hemengo antxoa bukatzean hasten da Amaleunen denboraldi berria, hemengo hegaluzearekin. Salmahaian duena, perrexilarekin polit apaindua, Hondarribikoa da. Buztan bat bakarrik gelditzen zaio. Pieza guztiak agortu dira jada.
Erraztasunak eman
– Ez dago gehiago? Agian hartuko dut –animatu da bezero bat, gure elkarrizketa adituta.
– Bihar goizeko bederatzietan etortzen bazara prest izanen ditut batzuk; ideia bat egiteko, konpromisorik gabe.
Bezero gehienak helduak dira. Elortzak kontatu digunez, guraso izatean itzultzen dira aunitz, haurrei elikadura osasungarri bat eskaini nahi dietelako eta hor sartzen delako arraina. Gazteak ere badira zaintzen direnak eta etortzen direnak. Saltzaileak garbi du erosleari erraztasunak eman behar dizkiola. Adibidez, bizum bidez ordaintzeko aukera.
Afera bitxia gertatzen zaio zenbaitetan: bezeroa ez ikustea. «Generoa ezagutzen duenez telefonoz egiten du eskaria, nik etxean uzten diot eta bizumez ordaintzen dit. Gaur egun ez da behar dendara etortzea. Pandemian aldatu zen hori».
«Txipiroia, ze lana!», kexatzen dira batzuk. «Garbia eraman dezakezu», Ixiarren erantzuna. Animatu egiten ditu. Arrainketariaren iritziz, jendeak osasuna zaindu nahi du, baina lan sobera hartu gabe.
Familia egiturak
Gero eta gehiago saltzen da janari prestatua eta ikusteko dago horrek osasunean zer eragin izanen dituen. «Jendarteak orokorrean aisialdian jartzen du lehentasuna eta badirudi sukaldatzea denbora galtzea dela».
Elortzaren ustez, gutxiago kozinatzeak lotura zuzena du familia egiturekin. «Lehen, baserrietan bizpahiru belaunaldi bizi ziren eta gaur den egunean etxe aunitzetan lau lagun gehienez, hiru, bi edo bat bizi da. Orduan, batentzat sukaldatzea ez da batere motibagarria. Janari prestatuek arrakasta dute bertzeak bertze horregatik, familia ereduak ere aldatzen ari direlako jendartea bera aldatzen ari den heinean».
Etxe aunitzetako transmisioa hautsi egin da. Lehen, belaunaldi ezberdinen igurtzi horretan, ikusiz ikasten zen sukaldean; orain, ordea, bakoitza bere etxean bizi da, «gero eta niago, gero eta indibidualago». Transmisio hori puskatu da, «baina berreskuratzen ahal da», aldarrikatu du arrainketariak. «Saltzaileon lana ere bada. Etxeko lapikoa utzi diot bezero bati, lehen pausoak emateko. Herri ttikia gara, denak ezagunak gara. Lehenbizikoz marmitako bat prestatzera edo kontserbak egitera animatzen denak harrotasun eta poz handiz janen du berak egindakoa».
Guztia lotzen da
16 urte darama Ixiar Elortzak Amaleunen lanean eta heldu den astean izanen diren herriko bestetan aldaketa sumatu du: lehen etxean biltzen zen jendea, baina orain kanpoan jatea da joera. Eguberrietan mantentzen da oraindik etxekoa eta hezurren faltan izaten dira orduan arraindegian.
Gainerakoan, «adibidez, kolagenoa erosten dugu hezurrak botatzen ditugun bitartean. Salda eder batean aprobetxatu ditzakegu hezurrak. Osasunean inbertitzea da. Baina elikagaien industria bertze bide batetik doa».
Inflazioaren ondorioz arrain guttiago jaten dela nabari da. «Ez da elikagai merkea eta ulertzekoa da». Guztia lotzen dela ikusten da azkenean: «Pandemia, gerrak, inflazioa, interneten bulkada, bizuma... Pandemiatik hona sekulako aldaketa gertatu da sukaldean».
Etorkizunera begira, arrainketari bezala gero eta gutxiago sukaldatzeko joerak arduratzen du Elortza, nahiz eta ezagutzen dituen bertze herri batzuen aldean, sorleku duen Segura bertzeren artean, Beran ohitura handia dagoen arraina jateko. Garai batean itsasontzi bateko patroi ibili zirenak edo Ternuara bakailaotara joan zirenak daude beratarren artean, orain 90 urte dituztenak. Hondarribia hurbil izanik, hango jendea ere bizi da eta mantentzen da ohitura hori.
Arrain urdina, zenbat eta txikiagoa hobeki
Arrain zuriak omega 3 koipea du gorputzeko masaren %2an; urdinak, berriz, %5ean. Badira bien tartean daudenak ere, lupia eta dorada kasu. Horiek gorputzeko masaren %3an dute omega 3a. Hegaluzea urdina da, baina handia da, ez da gaztea, eta beruna pilatzen zaio. Horregatik, ez da jatea gomendatzen kasu eta etapa batzuetan, haurdunaldian adibidez. Osasunerako hobeak dira txitxarroa, antxoa eta sardina, gazteak direlako. Izokia ere urdina da eta aunitz aditu dugu bere onurez. Kontuan izan behar dugu, halere, haztegikoa dela, pentsuz elikatua.
Arraina zenbat eta handiagoa, merkurio gehiago izanen du. Industriaren kutsaduratik etor daiteke merkurioa eta itsas hondoan dago, biltegi handietan. Handik fitoplanktonera pasatzen da. Molusku, zefalopodo eta bertze organismo batzuk alga horiez elikatzen dira, eta arrainek organismo horiek jaten dituzte. Era berean, arrain handiagoek arrain txikiagoak irensten dituzte... marrazo, mero eta atun gorrietara iritsi arte. Hegaluzeak merkurio gutxiago du atun gorriak baino, txikiagoa delako eta arrain gutxiago jan dituelako.
Atun gorria hazteko asmoa, getarian
Arraindegiaren alde ona da sasoika saltzen dela. Bezeroa zain egoten da, eta gogoz hartzen ditu berdela, antxoa, hegaluzea... Bi hilabete inguru irauten du denboraldi bakoitzak eta azkenerako berdina janez aspertzen gara, baina polita da esperoan egon eta arraina ailegatzen den momentu hori. Haztegiei esker, badira urte osoan salmahaian ditugun arrainak ere: lupia, dorada, izokia...
Gure platerera ailegatzen diren arrain batzuk itsasokoak dira; bertzeak haztegikoak, pentsuekin elikatuak; eta badira akuikultura edo itsasoko piszinatakoak ere. Hauek itsasoko uretan daude preso eta arrainak jaten dituzte.
Getarian, atun gorriaren hazkuntzarako plataformak paratzeko eskatu dio enpresa pribatu batek, Itsasbalfego S.L.-k, Lakuako Gobernuari. Mediterraneoan badaude halako haztegiak. Getariakoarekin, atun gorriaren kuota kanpora saldu beharrean hemen gelditzea da asmoa.
Hala azaldu zuten iragan apirilean: «Kantauri itsasoan inguratzaileek harrapatzen dituzten atun gorriak gizentzea da helburua». Horretarako, 50 metroko diametroa duten bi kaiola urperatuko lituzkete. Horien bitartez, urtero gehienez 500 tona atun gorri ekoitziko lukete.
Ekoizpen horretara hirugarren urtetik aurrera iritsiko lirateke, lehenengo bi urteak probak egiteko eta beharrezko ekoizpen gaitasuna lortzeko erabiliko lituzkete eta.