NAIZ

76 eta 80 urte bitarteko pertsonek jaso dezakete zoster herpesaren aurkako txertoa Osakidetzan

Lakuako Gobernuaren Osasun Sailak 76 eta 90 urte bitarteko pertsonei zabaldu die zoster herpesaren aurkako txertaketa-kanpaina. Hitzordua eska dezakete osasun-zentroetan edo Osasun Kontseiluaren telefonora deituta.

76 eta 80 urte bitarteko taldeari zabaldu zaio txertaketa-kanpaina. (Gorka RUBIO/FOKU)
76 eta 80 urte bitarteko taldeari zabaldu zaio txertaketa-kanpaina. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lakuako Gobernuaren Osasun Sailak jakinarazi du zoster herpesaren aurkako txertoa jartzeko programa zabaldu egingo zaiela 76 eta 80 urte bitarteko pertsonei.

«Zoster herpesa, berez, iraganean barizela izan duen edozein pertsonak gara dezakeen gaixotasun bat da. Infekzio biral hori hainbat urtez egon daiteke gorputzean ezkutuan, eta, batzuetan, zoster herpes moduan berraktiba daiteke. Zoster herpesak min handia eta larruazaleko erupzioak eragiten ditu gorputzaren alde batean, zerrenda edo adabaki moduan», adierazi du ohar batean.

Hala, eta EAEko Txertaketen Aholku Batzordearen gomendioei jarraituz, Osasun Sailak txertaketa-programa bat jarri zuen abian zoster herpesaren aurka babesteko. Txertaketa-programa hori edozein adinetako arrisku-populazioarekin hasi zen, eta, gero, 65 urteko pertsonei zabaldu zitzaien.

Orain, 76 eta 80 urte bitarteko taldeari zabaldu zaio, adin-tarte horretan kasu gehiago izaten baita. «Pixkanaka-pixkanaka, 65 eta 76 urte bitarteko pertsonak ere sartuko dira programan, populazio zaurgarriena osorik estali arte», gaineratu du Osasun Sailak.

Azaldu duenez, Osakidetzako profesionalei dagoeneko eman zaie programa horren berri; izatez, programak herritarrentzako informazioa, prestakuntza eta oroigarriak barne hartzen ditu.

Osasun Sailak aditzera eman du txertaketa-programak garrantzi handikoak direla herritarren osasuna eta ongizatea babestu eta hobetzeko. Eta zoster herpesaren kasuan, gogoratu du txertoa hartzea gomendatzen zaien pertsonek hitzordua eska dezaketela osasun-zentroetan edo Osasun Kontseiluaren telefonora deituta: 900203050.