Maite Ubiria

«Kontent gara espainiar poliziak Baionako bestetan izan ditugulako gure ondoan»

Baionako bestetan hainbat irudi bolo-bolo ibili dira sare sozialetan. Haietako batean, hainbat espainiar polizia uniformez agertzen ziren, bestazalez inguraturik, Pannecau karrikaren bueltan. Suprefeturak azalpenak eman dizkio NAIZi aurten lehen aldiz izan den dispositibo horri buruz.

Espainiar poliziak, Baionako besta eremuan.
Espainiar poliziak, Baionako besta eremuan. (WhatsApp bidez zabaldutako irudia)

Baionako Bestetan hainbat irudi bolo-bolo ibili dira sare sozialetan. Horietako batean espainiar poliziak besta eremuan agertzen ziren, bestazaleen zaintza lanetan.

Hainbat txiolarik mezuak argitaratu zituzten berehala, hala nola ‘Berria’-ko Ekhi Erremundegik.

Adimen artifizialaren garaian prebentzio guztiak gutxi direnez 2023ko bestetako bilana aurkezteko agerraldia baliatu du NAIzek horren gainean informazioa jasotzeko.

Prentsaurrekoan izan den frantziar Poliziaren bozeramaileari galdetuta, lehenik eta behin, informazioa baieztatu du: «Hala da, espainiar poliziak gure ondoan izan ditugu».

Muntaia baztertuta, beraz.

Zer egitera etorri ziren Lapurdiko hiriburura espainiar poliziak? «Baionako bestetan espainiar herritar asko izaten dira eta guretzat laguntza handia da bertatik heldutako agenteak hemen izatea; gainera jendeak atseginez hartu zituen, agertzen zituztela». Hala erantzun dio galderari frantses Poliziaren bozeramaileak.

Espainiar poliziaren presentzia zer koadro legaletan oinarritzen da? Bi Estatuen arteko mugaz gaindiko polizia patruila amankomuna horien barne kokatu daiteke?

«Bada denbora bat eratu zela europar komisaria eta baita bi Estatuen arteko poliziek egiten dituzten patruila amankomun horiek», berretsi du frantses Poliziaren bozeramaileak.

Europar komisariako lau kide

Orotara, lau izan dira Bidasoaren hegoaldetik heldutako espainiar poliziak.

«Gehienbat haurren eguna kari, ostegunean, gure dispositiboa indartzera etorri dira», zehaztu dute bestetako bilana egiteko agerraldian.

Nolabait, udan zehar Lapurdiko kostako hainbat herritan ohikoa bilakatu den irudia –frantziar eta espainiar Estatuetako polizien bikoteak itsas etorbideetan edo hiri karriketan joan-etorriak egiten oinez, lasai asko kalakan– Baionako hiriburura ekarri dute aurten.

«Lehen urtea izan da, bai, baina nire ustez ondoko urteotarako beraiekin kontatzea gauza ona litzatekeela guretzako, eta, bide batez, esan nahi diegu espainiar Poliziaren lagun horiei eskertzen dugula haien laguntza», adierazi du amaieran frantziar Poliziaren ordezkariak.