NAIZ

Bestetan jasotako jipoiarengatik hil den Patrice gogoan, Baionak «aski» esan dio indarkeriari

Jendetza elkartu da ostiral honetan Baionako herriko etxearen atarian, bestetan jipoitu zuten 46 urteko Patriceren heriotza gaitzetsi eta indarkeria mota oro salatzeko, tartean jaietan izan diren lau bortxaketak.

«Indarkeria mota ororen» aurkako elkarretaratzea, Baionako Askatasun plazan.
«Indarkeria mota ororen» aurkako elkarretaratzea, Baionako Askatasun plazan. (Guillaume FAUVEAU)

«Aski!». Hitz horrekin laburbildu dute Baionan besten harira izan diren indarkeria mota ororen aurreko haserrea eta gaitzespena. Herriko etxearen aitzinean elkartu diren ehunka lagunek bereziki gogoan izan dute Patrice, bestetan jaso zuen jipoiaren ondorioz zendu den 46 urteko gizonezkoa. Etxera itzultzen ari zela, atarian txiza egiten ari zirenei kargu hartu zien eta bortizki egin zioten eraso, zauri larriak eraginez. Hainbat egun eman zituen koma egoeran, ostegun honetan haren heriotzaren berri eman zuten arte.

Gertakari latz honen arduradunak «aurkituak eta epaituak» izan daitezen eskatu dute mobilizazioan, eta horretarako Poliziak argitaratu duen erretratua zabaltzeko deia egin dute.

«Krimen» honek eta salatu diren bost bortxaketek jaiak «zikindu» dituztela nabarmendu dute Baionako peñek, ostalariek, talde feministek eta hiriko beste zenbait eragilek deitutako elkarretaratzean.

Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza, Jean-Rene Etchegaray, elkarretaratzean izan da. (Guillaume FAUVEAU)

Hala, «indarkeria mota orori» gaitzespena adierazi diote Baionako Askatasun plazan elkartutakoek. Han izan da ere Jean-Rene Etchegaray, Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza.

Patriceren heriotzaren ondotik, Baionako Fiskaltzak jakinarazi du «hilketagatik» auzi bat abian dela eta ikerketak aurrera jarraitzen duela, instrukzioko epailearen agindupean. Gorpuari autopsia bat ere egin diezaiotela agindu du.