Azken-aurreko postuan trainerua ez hondoratzeko ahalegin betean

Kaiku da bederatzigarren sailkatua, eta gora begira baino, behera begira jarri da. Ondarroa da hurrena; asteburu borobila egin du puntu uzta ederra zakuratuta. Santurtzi 11. postuan hondoratuta dago, etxeko estropadan jazotakoagatik. Hiru taldeetako arraunlari banarekin hitz egin du NAIZek.

'Sotera' traineruko arraunlariak Orioko estropadan.
'Sotera' traineruko arraunlariak Orioko estropadan. (Jon URBE | FOKU)

Eusko Label Ligan lehia bizia dago azken-aurreko postuan ez hondoratzeko, hor bukatzen duenak mailari eusteko kanporaketak jokatuko baititu. Denboraldi erdia osatuta, hiru traineru daude lehia horretan: Kaiku, Ondarroa eta Santurtzi.

Sestaoko traineruak hartu die aurrea gainerakoei: bederatzigarren postuan da 39 punturekin. Jose Luis Kortaren taldea gora begira baino, behera begira jarri da, bigarren txandako maila mantentzea «ezinezkoa» baita, Zunbeltz Perez (Santurtzi, 1994) Kaikuko arraunlariaren ustetan. Beraz, hasierako helburua alde batera utzi, eta lehen txanda irabaztea dute xede.

Salas: «Bat-batean gertatzen zaizu guri gertatu zitzaiguna igandean, eta zortzi puntuko aldea ateratzen dizue. Orain Ondarroa eta gure artean dago lehia»

Ondarroa da hurrena. Hamargarren postuan da 35 punturekin. Kaiku baino lau gutxiago. Pasa den asteburua «borobila» izan zen "Antiguako Ama"-rentzat, Asier Irueta (Ondarroa, 1989) arraunlariaren hitzetan. Getxon merituzko zortzigarren postua egin zuten, eta Santurtzin bigarren txandatik bederatzigarren amaitu zuten. Puntu uzta ederra lortu zuten aurkari zuzenei begira: Santurtzirekiko aldea lautik zortzira handitu du, eta Kaikuri lau jan dizkio; zortzitik laura pasata.

Asier Irueta Ondarroako arraunlaria ababorretik bosgarrena, Orioko estropadan. (Jon URBE | FOKU)

Santurtzik izan zuen, alde handiz, asteburu kaskarrena. Batez ere, etxeko estropadan. Lehen ziabogan aurrekalaria uretara joan zen, eta bat gutxiagorekin arraun egin behar izan zuten. Lander Salas (Santurtzi, 1996) ‘Sotera’-ko arraunlariak adierazi du ikusita «zer egoeratan» zeuden «nahiko ondo» egin zutela. Azken-aurreko postuan daude 27 punturekin.

Lehia «estua», «berdintasun handikoa» eta «zalantzaz beterikoa»

Hiru traineruen arteko lehia «estua» izaten ari dela adierazi du Irueta Ondarroako arraunlariak, baina nabarmendu du bai beheko postuetan, bai erdikoetan, «puntu aldetik oso urruti egon arren, berdintasuna handia» dela.

Salas Santurtziko arraunlariak «zalantzaz beteriko» lehia dela azpimarratu du: «Bat-batean gertatzen zaizu guri gertatu zitzaiguna igandean, eta zortzi puntuko aldea ateratzen dizute. Orain Ondarroa eta gure artean dago lehia». Ez du berdina pentsatzen Perezek, adierazi baitu lehen lehia Santurtzi eta Ondarroaren artean zegoela eta orain Ondarroa eta haien artean dagoela.

Kaikukoek ekin zioten ligari gaizkien, kontuan hartuta xede zutela helburua bigarren txandan egotea. Perez Kaikuko arraunlariaren esanetan, «batean kale, bestean bale» egin dute.

«Badakigu ez garela duela hamabost urteko Kaiku, baina jakin behar dugu gure txanda irabazi behar dugula. Igande batzuetan sartu gara bigarren txandan, baina ikusi dugu bai Cabo bai Orio koska bat gorago daudela. Ezinezkoa da haien maila mantentzea. Lehen txandan arraun egin dugunean, adibidez, Castron, sekulako estropada egin genuen. Gure xedea Lekittarra harrapatzea zen –zortzigarren sailkatua–, baina orain hamabi puntura daude. Oso gaizki egin beharko dute gu zortzigarren postuan jartzeko. Ondarroa gure atzean dago, eta begira zer asteburu egin duen Getxon eta Santurtzin», esan du Kaikuko arraunlariak.

Perez: «Badakigu ez garela duela hamabost urteko Kaiku, baina jakin behar dugu gure txanda irabazi behar dugula»

Santurtzik azkenaldian nahi baino foku gehiago erakarri ditu: batetik, Castroko estropada bukatzean patroiak eta arraunlari batek izan zuten istiluagatik; eta bestetik, Santurtziko azken estropadan aurrekalaria uretara joan eta bat gutxiagorekin egin zutelako arraun. ‘Sotera’-ko arraunlariak adierazi du «etxeko estropadan gertatutakoa gogorragoa» izan dela, «borrokarena baino».

«Momentuko berotua izan zen: hitz egin genuen, konpondu genuen eta hurrengo egunean ezer gertatu ez balitz bezala, denak batera arraun egitera eta astea aurrera ateratzera joan ginen. Larunbatean Getxon ikusi zen, ahal zen neurrian, puntu bat gehiago eman genuela. Azken luzean huts egin genuen, eta puntu bat galdu genuen Ondarroarekiko. Bat eginda gaude», nabarmendu du Salasek.

Santurtziko arraunlariak balorazio «positiboa» egin du orain artekoaz. Haren ustez, ontzia «ondo doa» eta «ondo joan nahi du», baina haien «esku ez dauden faktoreengatik», ez doa nahiko zuketen bezala. «Ez dugu batere zorterik izan. Estropada guztietan kanpoko kaleak egokitu zaizkigu, azken estropadan izan ezik, Santurtzikoan. Lehiatzeko gai gara, eta borrokatzen jarraituko dugu. Ez gaude hondoratuta».

Korta, «urduri»

Ondarroako arraunlaria zorrotz mintzatu da orain arte jokatu dituzten estropaden inguruan, eta aitortu arren hasieran espero zuten lekuan daudela, «irregularrak» izan direla adierazi du eta puntu «dezente galdu dituztela».

«Berdintasuna handia da, eta despisteren bat edo estropada txar bat nahikoa da zure aurkari zuzenekiko puntu asko galtzeko. Ikusita aurtengo egoera: multzo motza dugula, baja asko izan ditugula, eta talde eraberritua garela, borroka honetan egotea espero genuen», nabarmendu du Iruetak.

Ondarroa ez bezala, Sestaoko taldearentzat «gorabehera handiko» denboraldia izaten ari da. Perez Kaikuko arraunlariak azaldu du harrobiko hainbat gazte batu direla taldera, eta haien lehen urtea izanik Eusko Label Ligan, «normala» dela maila «pixka bat baxuagoa izatea»: «Liga honetako arraunlariak betikoak dira, eta maila handia dute. Zaila da hamabost arraunlari gaztek beste taldeen aurka egitea».

Kaikuko trainerua Sestaoko estropadan. (Oscar Matxin EDESA | FOKU)

Kezka bat dute Kaikuko arraunlariek itsasoko estropadetan, «handicap bat» dira haientzat, Perezek adierazi duenez: «Errioan entrenatzen dugu eta gero itsasoan pixka bat gehiago kostatzen zaigu arraunketa ona eta blokekoa izatea».

Zer egin hori hobetzeko? Duten «konfiantza mantendu», eta falta zaizkien entrenamenduetan eta estropadetan «lasaitasunez joatea» eta haien «lana egitea». Izan ere, Kaikuko arraunlariak esan du entrenamenduetakoa ez dutela islatzen estropadetan.

Eta, zer esaten die Jose Luis Korta entrenatzaileak? Hau adierazi du Perezek: «Oso erraz jartzen da urduri eta esaten du dena aldatuko duela. Popan arraun egiten dutenak brankan jarriko dituela, eta patroia brankara eramango duela. Urduri dago. Ez da normala Kaiku bat, berarekin, postu horretan egotea».

Gaur Hondarribian (18.15) eta bihar Lekeition (12.15)

Hondarribian izango dute estropada gaur, eta bihar Lekeition. Irueta Ondarroako arraunlariak «gustuko» ditu bi estropada eremuak. Hala ere, adierazi du baldintzen arabera, «eragin handia» dutela kaleek.

Bide beretik, Salas Santurtziko arraunlariak azpimarratu du «loteria bat» dela: «Askotan gertatzen da lehen kalea txarra zela, eta gero ona egin duzula. Edo alderantziz. Gure helburua Ondarroa atzean uztea da, eta Kaiku ere atzean uzten badugu, hobeto, eta bigarren txandako norbait sartzen badugu, are hobeto».

Irueta: «Despisteren bat edo estropada txar bat nahikoa da zure aurkari zuzenekiko puntu asko galtzeko»

Itsasoan direnez bi estropadak, Kaikurentzat «zailak» izango dira, Perez arraunlariaren esanetan. Lekeitioko estropada eremua «aldatzen» ari dela adierazi du Kaikukoak: «Azken urteetan, batzuetan lehen kalea oso ona izan da, eta laugarrena txarra. Eta azken estropadetan ez da gauza bera izan. Zorte-kontua ere bada». Haien helburua txanda irabaztea izango da.

Ondarroako klubak 50 urte bete ditu aurten. Kaikukoak, aldiz, mendeurrena. Nola amaitzea nahi dute liga? Ondarroako eta Kaikuko arraunlariek Kontxa izan dute hizpide. Iruetak adierazi du Donostian «estropada on bat» egin nahi dutela. Perezek, berriz, azpimarratu du Kontxarako sailkatu nahi dutela.

Lander Salas Santurtziko arraunlaria ababorretik seigarrena Getxoko estropadan. (Oscar Matxin EDESA | FOKU)

Ondarroako arraunlariak gaineratu du «ahalik hoberen» amaitu nahi dutela, eta, etorkizunari begira, nabarmendu du badaudela «nahiko gazte» eta hortik «tiratu behar» dutela.

Kaikuko arraunlariak, bere aldetik, adierazi du liga amaierako oparirik onena litzatekeela denboraldiko azken bi estropadetan arraun egitea, Bermeokoan eta Sestakoan, bere etxean, alegia. Hori bai, Perezek adierazi du ikusita nola doazen ligan, oparirik onena dela Eusko Label Ligan egotea hurrengo urtean.