NAIZ
Entrevue
Gabi Mouesca
IKko militante ohia

«Gure kultura militantearen arabera ekintzak baino helburuak azaltzen genituen»

«Lehen aldia da hau publikoki kontatzen dudala» adierazi du. Popo Larre desagertu zenetik 40 urte bete direnean 1983ko agorrilaren 7an Jendarmeriari aurre egin zioten Iparretarrak taldeko kideren artean zegoela aitortu du Gabi Mouescak.

Gabi Mouesca.
Gabi Mouesca. (Andoni CANELLADA)

Orain dela 40 urte desagertu zen Popo Larreren laguna zen Gabi Mouesca. Oihana Daguerre eta Ximun Larre kazetariek 'Mediabask' hedabidean osatu duten podcasta kari oran arte publiko ez zen informazioa baieztatu du: 1983ko agorrilaren 7an Landetan Jendarmeriako patruilari aurre egin zion Iparretarrak taldeko kideren artean bera ere bazela aitortu du 1984tik 2001era presondegian izan zen Mouescak.

Hau da hitzez hitz podcast egin duten ni kazetarien eta preso ohiaren arteko solasaldia.

Non zinen 1983ko agorrilaren 7an Popo Larre desagertu zenean?

Tiroketan parte hartu zuen militanteen taldeko kidea izan nintzen. Lehen aldia da ene bizitzan horri buruz publikoki mintzatzen naizela. Ez nuen horri buruz azalpenik eskaini auzitegietan gure kultura militantearen baitan kontua ez zelako ekintzen gaineko gure posizioa azaltzea baizik eta gure helburuen eta konpromisioaren berri ematea.

«Oihana aldera egin zuen Popok, bakarrik, atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzen dut!»

 

Nola igaro ziren gauzak?

Igande bat zen, arratsalde hondarrean. Iparretarrak taldeko militante baten atxiloketaren berri izan ondoren, segurtasunarengatik, geunden tokitik [Leon herriko kanpina, Landetan] alde egitea deliberatu genuen. Ateratzerakoan, Jendarmeriako 4L bat ikusi genuen. Gure atzetik heldu ziren (...) Bagenekien irratia zutela, beraz ezin genuen denbora sobera eman errepidean gure kotxearekin. Gelditu ginen eta aurre egin genien. Hitz batzuk elkar gurutzatu genituen. Patruilako arduradunak amore ematea agindu zigun. Beraiek bi ziren, gu lau. Nagusitasun numerikoa gure alde zen. Aitzina egitea deliberatu genuen. Erantzun genien ez genuela amore emateko asmorik. Atzera jo zuten, pinuen atzean babes bila. Tiratzeari ekin zioten, eta guk erantzun genuen.

Ikusi zenuen Popo Larre alde egiten?

Enfrentamendu armatua gertatu zen unean Popo joan zen. Ez zuen parte hartu tiroketan. Oihana aldera alde egin zuen, bakarrik. Atzo gertatu izan balitz bezala oroitzen dut! Tiroketa laburra izan zen, eta horren ondorioz jendarme bat hil zen eta bestea zauritu zen. Besteok alde egin ahal izan genuen jendarmeen ibilgailuan. Gu inguratzeko tranpa gehiago itxi zitzaigun egun hartan.