NAIZ

Lakuako Gobernuak 4.236 enpresari gutuna bidali die, beroaz ohartarazten

Lakuako Gobernuak, datozen egunetarako aurreikusitako tenperatura altuak direla eta, 4.236 enpresari gutuna bidali die, ekainaren 23an bidali zien informazioa gogorarazteko. Besteak beste, Osalanerako esteka bat bidali diete, «kontuan hartu beharreko prebentzio-neurri guztiak jasotzen dituena».

Langile bat eguzkitan lanean, artxiboko irudi batean.
Langile bat eguzkitan lanean, artxiboko irudi batean. (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak 4.236 enpresari gutuna helarazi die, tenperatura altuen eraginpean egoteak langileen osasunerako izan ditzakeen arriskuen eta horiek ez betetzeak izan ditzakeen ondorioen berri emateko. Ekimena abiatzen duen bigarren urtea dela jakinarazi du Lakuako gobernuak. Asteazkenean bero handia iragarria da Euskal Herrian, barnealdean bereziki.

Uda hasi berritan LAB sindikatuak ‘Lantokietan beroaren arazoari aurre egiteko gida’ aurkeztu zuen. Izan ere, Inko Iriarte sindikatuko Lan Osasuneko idazkariak NAIZi azaldu zionez, «enpresak berea egin behar du txosten teknikoekin, legeak dioenaren arabera. Baina, badakigu ez dutela egiten». Iriarteren arabera, enpresariek jakin badakite lan inspektore gutxi daudela, eta horregatik araudiari muzin egiten diote lasai asko.

Arriskutsu izatera iritsi daitekeen egoera horri aurre egiteko, ekintza sindikala nola bideratu azaltzen du LABek plazaratutako gidan. Bertan, langileek babes neurriak nola hartu kontsultatu dezakete, nagusiek araudia betetzeko borondaterik agertu ezean.

EAEko Lan Ikuskaritzak bidalitako gutunean, enpresariei gogorarazi diete uda iristean areagotu egiten direla langileen segurtasunerako eta osasunerako arriskuak, tenperatura altuen eraginpean egoteak eragindakoak: «Estres termikoa areagotu egiten da, eta ondorio kaltegarriak ditu osasunean, muturreko egoeretan heriotza eragin baitezakete». Ildo horretan, gogorarazi diete Osalanen webgunean estres termikoari buruzko atal bat dagoela, bero handiegia egiten duen kasuetan lan egiteko gomendioak biltzen dituena.

Era berean, azpimarratu dute Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak «arreta berezia» ematen diela tenperatura altuen eraginpean dauden sektoreetako baldintzei, hala nola ostalaritzari eta industriari, eta enpresariei ohartarazi zaie langileen babes-betebeharra ez betetzea, arrisku espezifiko horiei eta arrisku horien adierazpenei dagokienez, arau-hauste larria edo oso larria izan daitekeela segurtasunaren eta osasunaren arloan.

Ohartarazpenak ohartarazpen, LABeko Lan Osasuneko idazkariak NAIZi azaldu zionez, ez dago behar beste ikuskari eta erabaki politikoa dela deritzo: «Lakuako Gobernuak eta Madrilgoak ez badituzte inspektore gehiago jartzen, enpresariei mezu bat bidaltzen ari zaie: ‘Zu lasai, ez bete legea, ez zaizu ezer gertatuko’».