Barandika eta Olharanen lesio larriek apur bat zapuztu badute ere Gerniako Grand Slama, ezin dakioke ezer ere kendu larunbat honetan 21.00etan hasita –ETBren bitartez 23.00etatik aurrera eskainiko da– Jai Alai pilotalekuan jokatuko den finalari. Erkiaga eta Del Rio alde batetik, Johan eta Zabalaren aurka, nor baino nor iaz Olharanek eta Lopezek –2017ko balentria errepikatu zuten iaz–lorturiko garaipenaren lekukoa zeinek hartuko.
Gernikako frontoia leporaino beteko da, Grand Slameko finalak faborito argia duen arren: Erkiaga eta Del Rio. Erkiagak badaki Gernikako Gran Slama irabaztea zer den; hau da, bera da laukoteko bakarra balentria hori lortu duena. Izan ere, Lekerika lagun hartuta irabazi zuen 2021eko saioa, duela gutxi erretiratu den Diego Beaskoetxea eta Manciri lekukoa hartuta
Johan Sorozabal eta Jon Zabala, bestalde, «estropezuka» iritsi dira finalera, nahi gabe Grand Slam honetako lesio larrien lekuko izatea egokitu baitzaie. Lehenbizi Barandika lesionatu zen eta Johanek ordezkatu zuen txapelketan. Ligaxkako azken partidan sartu zen Sorozabal eta galdu egin zuten, baina Barandikak etxeko lanak eginda utzi zizkionez, horrek ez zuen bikotea f¡inalerdietarako sailkapenetik atera.
Finalerdietan, berriz, horretan Olharan eta Lekerika ziren faborito argi, baina Olharanen lesioak finalean sartu ditu Biarritzeko aurrelaria eta Markina-Xemeingo atzelaria. Alabaina, merituriki kentzen jardutea zentzugabea da. Are gehiago finalerdietako aurreneko seta berdinduta zegoenean Olharanek min hartu zuen unean. Hargatik, txapeldun izango balira, ondo merezitako garaipena lortuko lukete.
Adituen iritziz, aurrean Erkiagak behar luke nagusi, nagusi baina Johan Sorozabal aurrerapauso handiak ematen ari da eta 21 urte baino ez ditu. Oraindik denbora bat behar du beste koxka bat gora egiteko, baina ezaugarri paregabeak ditu. Gorputz egokia, pilotari abiada ematen dio, atzera jeisten da defenditzera, errebesarekin bikain atzeratzen du eta errematean gero eta ausartagoa. Urrunago joan gabe, ostegunean ezusteko garaipena lortu zuen Donibane Lohizuneko Master 4ko finalerdietan. Jerome Portetekin 14-15 eta 10-15 nagusitu zen Laduche eta Lekerikaren aurka. Atzean abantaila handia emanda, alegia, bere pareko edo maila handiagoko aurrelari baten kontra.
Beraz, eta Gernikako finalak kolore gorria izatea espero den arren, urdinek ere izan dezakete euren aukera. Ustez, pilota biziarekin aritzen dira erosoen Erkiaga eta Del Rio, eta motelarekin sufritzen dute gehien. Nahiz eta gaur egun, pilota motelena ere beste garai batzuetako pilota bizia izan. Zer galdu gutxi dute Sorozabalek eta «Bullet» Zabalak. Bizkaitarraren egitekoa pilotari gogor eman eta huts gutxi egiten saiatzea da. Eta pilota bizitzen denean, indarrak ondo neurtzea, Erkiagak errebotean esku-eskura oparirik izan ez dezan. Bestela, lanak asko zailduko zaizkie.
Batak zein besteak irabazi, partida lehiatua izatea da Gernikakoo Jai Alai pilotalekura joango diren guztien desioa. Jendearen erantzunari dagokionez, aurreikuspenak gainditu dira, izan ere. Txapelketaren azken bi egunetan 3.000 lagunetik gora batuko dira eta, ondorioz, finalean pilotalekua leporaino beteko da.