NAIZ

Auto ilara luzeak Lasarte-Orian, N-1ari eragiten dion beste lan baten ondorioz

Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko errepideetan arazoak larriagotu dira larunbat honetan, oraingo Lasarte-Orian abiatutako lan berri batengatik. Allerruko lotuneko biribilguneari dagokio eta astelehenera arte iraungo du egoerak.

Lasarte-Oriako biribilguneko lanak, larunbat honetan.
Lasarte-Oriako biribilguneko lanak, larunbat honetan. (NAIZ)

Lasarte-Oriako hegoaldeko Allerruko lotunean biribilgunea egiteko proiektuko obrak direla eta, auto ilara luzeak sortu dira larunbat honetan. Lanak asteleheneko goizeko 6ak arte luzatuko direla jakinarazi du Gipuzkoako Aldundiak.

Auzokideek NAIZi azaldu diotenez, tarteka trafikoa guztiz moztua egon da, eta autoak ondoko gasolindegitik desbideratu dituzte, bi norabideetan. Auto ilarak Irungo noranzkoan sortzen ari dira batez ere.

Garabi handien laguntzaz burdinezko pieza erraldoiak mugitzen aritu dira aipatutako biribilgunea berritzeko.

Asteburu osoan, obrek sor ditzaketen eragozpenak saiheste aldera, A-15 errepidea erabiltzea gomendatzen du Aldundiak, Donostiara sartzeko edo bertatik irteteko.

Bosgarrena kilometro gutxitan

Gidarientzat oztopo berri bat dakar honek, jada lan asko pilatzen ari den zonalde batean. NAIZek aste honetan argitara eman zuenez, Andoain aldean afekzio handiak ari da eragiten 440. kilometroan kokatutako zubian egiten ari den moldaketa, hilaren 1ean hasita.

Ondorioz, Pasaiako Portuko Agintaritzak gauez lan egiteko ordutegia ezarri behar izan du, egunean zehar hara doazen kamioiak ezin direla Andoaindik pasa (Goierritik abiatzen direnak, esaterako).

Gainera, Donostiako Loiola aldean bi lan ari dira egiten, honek ere trafikoari eragiten: Marrutxipiko sarrera berriarena eta bertako errepide-zubiaren berritze lanena.

Nafarroatik datozen edo bertara doazen gidariek A-15ean arazo erantsiak dituzte. Bi by-pass gainditu behar dituzte Andoain eta Berastegi artean, errepide horren bi tunel berritzen ari baitira (Oindolar eta Gorosmendi). Fase ezberdinetan ari da burutzen moldaketa orokor hau, 2021ean hasita, eta 2025era arte luzatuko dira lanak.