Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevue
Iñigo Llopis
Igerilaria

«Urrezko domina amaiera bikaina izan da; asko disfrutatu dut urte osoan»

Urrezko bi dominarekin itzuli da Iñigo Llopis (Donostia, 1998) Manchesterren jokatu den Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketatik: 100 metro bizkar estiloan eta estiloetako 4x100 metro proban. 2024ra begira, marka minimoa egin eta Pariserako txartela erdiestea izango du xede.

Iñigo Llopis, Munduko txapelketan eskuratutako urrezko dominarekin.
Iñigo Llopis, Munduko txapelketan eskuratutako urrezko dominarekin. (@LLOPINI13)

Munduko txapelduna da Iñigo Llopis, Manchesterreko Munduko Txapelketan, 100 metro bizkar estiloan eta estiloetako 4x100 metro proban garaipena eskuratuta. Garaipen horiengatik ez ezik, lehiatu den proba guztietan «dena ematea» eta disfrutatzea lortu duelako ere «kontentu» agertu da GARArekin izandako solasaldian, Euskal Herrian lur hartu eta berehala.

100 metro bizkar estiloan, S8 kategorian, espezialista da igerilari gipuzkoarra eta bere marka segundo bat hobetu zuen, Espainiako marka berria ezarrita. Donostiarrak ez du zalantzarik bere saiorik onena izan zela esateko.

Non egon zen gakoa?

Arerioaren elbarritasuna jakinda eta berak egindako marken arabera, bagenekien bera lehendabiziko 50 metroetan ni baino azkarrago arituko zela eta itzulerakoa ondo egitea oso garrantzitsua izango zela.

Duela bi urte esan zenuen, Tokiora joan aurretik, minutu bat eta sei segundoko denbora egitea seinale ona zela. Denbora hori hobetu izanak zer suposatzen du?

Ilusio handia, batez ere datorren urteari begira. Bestalde, baita harrotasuna ere, lanean jarraitu dugulako, hobetzen jarraitu dugulako. Poz handia sentitzen dut erreleboetan ere 1.05.79 denbora egin nuelako. Seinale ona da, lan onaren ondorioa, eta hobetzen jarraitzeko ilusioa ematen du.

Inoiz baino hobeto iritsi zara Manchesterreko Munduko Txapelketara?

Oso forma onean iritsi naizela uste dut. 100 metro tximeleta estiloan seigarren geratu nintzen, baina Espainiako errekorra hautsi nuen; libreko erreleboan gure taldeko marka jaitsi egin genuen. Emaitzak oso onak izan dira, oro har.

Urtean zehar beste garaipen batzuk lortu dituzu, bai eta Berlinen Europako errekorra hautsi ere. Nolako denboraldia izan da?

Oso ona. Sentsazioak onak izan dira, emaitza onak lortu ditut eta hau amaiera bikaina izan da. Asko disfrutatu dut, emaitzak oso onak izan dira; oso balorazio ona egiten dugu denboraldi honetaz. Eta gainera, Munduko Txapelketa emaitza hauekin osatzea izugarria izan da.

Zer suposatzen dute urrezko domina hauek?

Azkenengo urteetan bigarren egin nuen eta urrezkoa lortzea sekulako saria da, egunero egindako lan eta dedikazioaren fruitua da, bai nirea bai entrenatzailearena, fisioterapeutarena eta talde osoarena.

Disfrutatzen ari zarela diozu. Zerk eraman zaitu hainbeste disfrutatzera? Edo zer da desberdina aurten?

Agian pixka bat lasaiago hartu izana: igeriketaz disfrutatzea, emaitzekin obsesionatu gabe. Entrenamendu guztiez disfrutatzea, taldekideekin ondo pasatzea, adi egotea denek nola egiten duten igeri, zuk nola... Giro on horrekin asko disfrutatu dut zentzu guztietan. Eta garaipenek ekarri dute amaiera bikain hori.

«Entrenatzailea, taldekideak, aita, bikotekidea, fisioterapeutak, lagunak... Horiek ibiltzen dira egunero nirekin eta horiei eskaini nien garaipena»

«Egunero laguntzen» dizutenei eskaini zenien garaipena. Nortzuk dira horiek?

Entrenatzailea, taldekideak, aita, bikotekidea, fisioterapeutak, lagunak... Horiek ibiltzen dira egunero nirekin eta horiei eskaini nien garaipena.

Orain oporrak hartuko dituzu. Irailetik aurrera zein asmo duzu?

Oraindik ez dugu hitz egin, baina Paralinpiar Jokoak izango dira datorren denboraldiko hitzordu nagusia. Lortu beharreko gutxieneko marka zein den dakigunean, horretan pentsatzen hasiko gara eta ia Pariserako txartela lortzen dugun.

Aurten sekulako denboraldia osatu duzu, orain arteko zure onena. Zaila da maila horretan mantentzea edo oraindik ez duzu goia jo?

Ez dakit sabaia jo dudan edo ez. Izan ere, hasi nintzenean ez nuen sekula pentsatu Paralinpiar Jokoetan lehiatuko nintzenik eta dagoeneko bi ediziotan aritu  naiz; ez nuen inoiz pentsatu jokoetan domina lortuko nuenik eta lortu dut... Sabairik ez egoteko lan egin eta egunero hobetzen saiatu behar dugu. Dena dela, igeriketaz disfrutatzea eta ahal dudan guztia ematea da xede nagusia, beti hobetzeko ilusio hori edukita.

Paralinpiar Jokoetan edonolako domina irabaztea gauza handia da.

Paralinpiar Jokoetan lehiatzea sekulakoa da eta domina lortzea, izugarria. Hori da, hain zuzen, gehien preziatzen dudan domina.

Munduko Txapelketako urrezko domina baino garrantzitsuagoa da?

Normalean jokoak izaten dira hitzordu nagusia edozein kirolarirentzat. Dominen koloreaz aparte, beti nahi dugulako kolore politena hartu; borroka horretan ibiltzea da garrantzitsuena.