Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Entrevue
Oier Arostegi
Kaskagorri Gazte Konpartsako kidea

«Gaur egungo sistema zisheteropatriarkaletik at dauden jaiak dira gureak»

Bilboko Aste Nagusia ate joka dugula, Kaskagorri konpartsaren errealitatea eta ikuspegia ekarri dizkigu Oier Arostegi kideak. Gizarte euskaldun, ekologista, feminista, independentista eta sozialista batean sinesten duten gazteen konpartsa dela azaldu du.

Oier Arostegi, Kaskagorri Gazte Konpartsako kidea.
Oier Arostegi, Kaskagorri Gazte Konpartsako kidea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Aste Nagusian txosna erraldoia jartzen duen gazte konpartsaz gain, zer da Kaskagorri?

Espazioa bera modu eraldatzailean baliatu behar dugula uste dugu eta, bide horretan, ezin dugu soilik txosna bezala ulertu Kaskagorri, baizik eta elkargune bezala, bertan modu erosoan elkartzeko eta harremantzeko. Gizarte euskaldun, ekologista, feminista, independentista eta sozialista batean sinesten dugunon topalekua da. Gu ez gaude juerga soil bat sortzeko, baizik eta borroka batzuk islatu, gizartean eragin eta borroka edo utopiak errealitate bihurtzeko.

Kapitalaren mesedetan dagoen aisialdi ereduaren aurrean, elkarlanean eta balore iraultzaileetan oinarritutako jai eredua bultzatzen duzue Bilboko Konpartsak federazioa osatzen duzuen taldeek. Zein da horren garrantzia?

Hemen dikotomia handi bat dago kapitalaren eredu hegemonikoaren eta Bilboko Konpartsetatik bultzatzen dugun eredu alternatiboaren artean. Berez, Bilboko Konpartsok sortzen ditugun jaiak hegemoniko bihurtu dira, baina argi utzi behar dugu modu alternatiboan eraikia direla. Hau da, nahiz eta hegemonikoak izatea lortu dugun, kapitalaren aurrean alternatiba gara.

Baina gatazka bat sortzen da, batzuetan gure jaien eredua ez delako modu alternatiboan irudikatzen. Eta hor dugu erronka, desberdintzea kapitalaren aisialdi eredu hegemonikoa eta Bilboko Konpartsak-ek bultzatzen duena. Gaur egungo sistema zisheteropatriarkaletik at osatzen diren jaiak dira gureak.

Zer da jai herrikoia zuentzat?

Denontzako espazio bezala aldarrikatzen dugu Bilboko Aste Nagusia. Jai eredu parte hartzailea bultzatzen dugu, jendeak jaiak bere sentitzea nahi dugu. Eta horretarako baliabideak jartzen ditugu.

Aste Nagusiaren eta txosnen atzean lan handia dago, askotan ikusten ez dena...

Bai, lan izugarria dago. Alde batetik, lan administratiboa dago. Bilboko Udaletik traba asko jartzen dizkigute, eta horiei aurre egiteko lan ikusezin handia dago. Bestalde, txosnen eta ekimen guztien atzean dagoen lana dugu. Harrigarria da nola, Bilbo bezalako hiri batean, bat-batean herri mugimenduaren erakusleiho diren ia 30 txosna agertzen diren. Ekainetik lanean gabiltza, uztailean KSK kanpaldia egin genuen dekorazioa prestatzeko, eta abuztuaren 9an hasi gara txosnaren muntaketarekin. Lan horretan sortzen dira benetako harremanak eta bilatzen ari garen topalekua. Lan handia dago, neke handia, izerdi asko... baina, noski, merezi du.

Kaskagorrin eraldaketa prozesu bat bizi izan duzue azken urteetan. Komunikatiboki ere jauzi garrantzitsua egin duzue, TikTok kontua sortu eta bideoak grabatuta.

Bai, esparru askotan eman dugu eraldaketa prozesua azken urteetan. Gazte konpartsa bat izanda, argi daukagu gazteen modernizazio eta eraldaketa batean gaudela. Aurretik datozen borrokak eta ideia zabalkuntza moduak (pankartak, pintadak...) mantentzeaz gain, beharrezkoa ikusten genuen jauzi bat egitea gazte sektore guztietara iristeko. Aipatu beharra dago kontraesanak sortzen direla halako sare sozialak erabiltzean. Kapitalaren tresnak erabiltzen ditugu, baina kontzienteki, kapitalari aurre egin eta irabazteko.

Nolako Aste Nagusia aurreikusi duzue aurten? Zer esango zenioke jendeari?

Aste Nagusian une oro bizi behar dela. Gauez ez ezik, egunez ere ekimen asko daude jaiez gozatzeko, eta horietan parte hartzeko deia egin nahi diet bereziki gazteei. Bide horretan, abuztuaren 21ean, Kaskagorri Eguna.