NAIZ

Aburto: «Erasotzaileek Udaltzaingoa, justizia eta herritarren arbuioa izango dute zain»

Harreman afektiboetan «baiezkoak eta adostasunak duten garrantzia» nabarmentzea da Bilboko Udalaren aurtengo Aste Nagusiko eraso sexisten, arrazisten eta LGTBIQ+fobikoen aurkako sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainaren xedea. Ostegun honetan aurkeztu dute.

Eraso sexisten aurkako udal estrategia aurkeztu du Bilboko Udalak.
Eraso sexisten aurkako udal estrategia aurkeztu du Bilboko Udalak. (BILBOKO UDALA)

Bilboko Udalak ostegun goiz honetan aurkeztu du aurtengo Aste Nagusirako prestatu duen eraso sexisten aurreko sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpaina eta jaietan gerta daitezkeen erasoei erantzuteko estrategia. Juan Mari Aburto alkatea, Kontxi Claver Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Immigrazioko zinegotzia eta Bilboko Konpartsen ordezkari bat arduratu dira aurtengo kanpainaren xehetasunak azaltzeaz.

Aurreko urtean bezala, ‘Solo sí es sí / Bakarrik bai da bai’ izango da kanpainaren leloa, eta bi «baiezkoa» eta «adostasuna» kontzeptuen garrantziaz mintzatu da Kontxi Claver bere hitzaldian: «Adostasuna, eta baiezkoa, edozein harremanetarako ezinbestekoak dira. Eta jaietan ere bai. Begiruneaz ari gara, bata bestearendako desiraz, elkarrendako plazeraz, berdintasunaz eta askatasunaz… Jaiak pertsona guztientzako gune bat dira, adin guztietako jendearentzako, sineste guztientzako, genero, identitate, joera, jatorri, kultura, sentimendu eta gustu guztientzako…».

Azaldu dutenez, Udalak hainbat xede ditu: «Gizonei nahiz emakumeei hel egitea, emakumeen ahalduntzea, eta erantzukizun aktiboa galdegitea gizonezkoei eta gizarte osoari».

«Erasotzaile izan daitezkeenak Udaltzaingoa izango dute zain, eta Justizia, eta Bilboko herritarren arbuioa, zeren eta gure hirian ez dugu onartzen ez indarkeria matxistarik, ez inolako indarkeriarik. Pertsona guztiek daukatelako beren lekua, libre izateko eta dibertitzea beste ardurarik ez izateko», nabarmendu du Aburtok.

Kanpaina eta bitartekoak

Abuztuan zehar, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Aste Nagusirako diseinatutako kanpainaren irudiak ikusi ahal izango dira, era bateko eta besteko publizitate-euskarritan, uriko kaleetan han eta hemen, eta halaber Udalaren sare sozialetan, eta baita webgunean.

Jaietan ere hedatuko da mezua, kontzertuen agertokietako pantailetan eta uriko turismo-bulegoetan; gainera, kanpainarekin bat egin nahi duten konpartsetan, saltokietan, jatetxeetan eta hoteletan ere zabalduko da. Era berean, Udalak animatu egin ditu herritarrak irudiak beren profil sozialetan erakustera, edozein eraso sexistaren aurrean baterako gaitzespena erakusteko.

Eraso sexisten kasuan aholkularitza emateko eta jarduteko protokoloa ezarri du ere Udalak. Azaldu dutenez, eguneratu egin da diseinua, eta ikusizkoagoa da haren edukia, eta ulertzeko errazagoa. Lehenengo aldiz, informazio- material horiek zortzi hizkuntzatan izango dira eskuragarri, eta euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, ingelesez, frantsesez, arabieraz, txineraz, errumanieraz eta portugesez ere kontsultatu ahal izango dira. Jaietan banatuko den beste material bat, egoera horiek ezagutzen jakiteko eta nola jokatu jakiteko, informazio-gidak izango dira.

Gainera, udalak abian jarri du zerbitzu bat LGTBIQ+fobiagatik eraso zaien pertsonei edo arrazakeria- edo xenofobia-gorrotozko gertakarien biktima izan direnei arreta eskaintzeko.

Aurreko Aste Nagusian bezala, Udalak Puntu Moreak izango ditu jende gehien biltzen den kontzertu-guneetan, hala nola Abandoibarran eta Europa parkean, eta aurten, Plaza Barrian, Casilda Iturrizar parkeko Pergola eta Plaza Biribilean. Langileak izango dira han, formazioa jasotakoak eraso sexistei buruz eta arrazakeriazko, xenofobiazko, ijituen kontrako eta LGTBIQ+fobiazko gorrotoaren ondoriozko gertakariei buruz, eskatzen dutenei arta eta laguntasuna eskaintzen.

Erasoak eragozteko beste tresna bat ere egongo da eskura jaietan, EraStop aplikazioa.