NAIZ

Irungo bi telefono kabina «liburutegi libre» bilakatuko dira, irakurzaletasuna bultzatzeko

Erabiltzen ez diren bi telefono kabina liburutegi bihurtuko dituzte Irunen. Udalaren eta Telefonicaren arteko hitzarmenari esker «bigarren erabilera» bat emango zaie kabinei, herritarren artean irakurzaletasuna eta parte-hartzea ere bultzatzeko asmoa duen ekimen honen baitan.

Erabiltzen ez diren bi telefono kabina liburutegi bihurtuko dituzte Irunen.
Erabiltzen ez diren bi telefono kabina liburutegi bihurtuko dituzte Irunen. (Irungo Udala)

«Liburutegi libre» berriak izango dira jada erabiltzen ez diren bi telefono kabina Irunen. Urte luzez zerbitzuz kanpo egon diren kabinek beste erabilera bat izango dute hemendik aurrera, irakurzaleen txoko bilakatuz. Udalak martxan duen «liburutegi libreen» proiektua handitzeko erabiliko ditu bi kabina hauek.

Bi liburutegi «bitxi» hauek Argentinako Errepublikaren eta Arizmendi almirantearen kaleen arteko bidegurutzean eta Alzukaitz eta Uztapide bertsolarien kaleen artean kokatuta daude. Momentuz, Telefonicarekin bi hauek erabiltzeko hitzarmena sinatu du Udalak, baina aurrerantzean beste batzuk erabiltzeko aukera egon daitekeela ohartarazi du.

Azken hilabetetan ireki dituzte «liburutegi libreak» Irunen, herritarren artean irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz. Espazio hauetan, edonork har dezake gustuko duen liburu, baina baldintza batekin: beste bat utzi behar du trukean. Modu horretan, beti egongo da libururen bat irakurle zain.

Aurreko «liburutegi libreak» Almudena Grandes plazan eta Jostun plazan kokatuta daude. Hauek beirazko espazioak dira. Oraingoan, liburutegi berri hauen itxura «bitxiagoa» da, kontuan hartuta aurretik zuten erabilera. Hala ere, liburutegi itxura hartzeko «apaintzen» hasiko direla jakinarazi du Udalak.

«Kabina horiek ez dira ezertarako erabiltzen egun, eta horiek aprobetxatzea eta liburutegi bihurtzea irakurzaletasuna sustatuko duen ekimen polita da», adierazi du Nuria Altzagak, Irungo Kultura arloko ordezkariak.

Liburutegi hauen ekimenak hiritarren «elkartasuna» eta «parte-hartzea» bultzatuko duela uste du Altzagak. «Berdeguneak zaintzea edo zerbitzu publikoak mantendu eta indartzea bezala, hiria egiteko beste modu bat ere bada hau», azpimarratu du.