CONTENU SPONSORISÉ

Jaia eta Marijaia Bilbon dira

Bizkaiko hiriburuak bederatzi eguneko Aste Nagusia izango du aurten ere, hiritar zein bisitarientzako ehunka jarduerekin. Kontzertuak, kale antzerkia, kirola, umeentzako gunea, ikuskizunak... ez da ezer faltako, abuztuaren 19tik 27ra. Konpartsek gogoan izango dute 1983ko uholdeen osteko auzolana.

Bilboko txosnen irekiera, iazko Aste Nagusian.
Bilboko txosnen irekiera, iazko Aste Nagusian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Besoak zerurantz luzatuta ibiliko da aurten ere Marijaia, 43. Bilboko Aste Nagusia ospatzeko. Hain zuzen, larunbatean (abuztuak 19), Arriaga antzokiaren balkoitik jaiei hasiera ofiziala emango diete, eta parrandak ez du atsedenik izango abuztuaren 27a arte. Aiora Renteria, Zea Mays taldeko abeslaria izango da pregoilaria, eta txupinera, berriz, Izaskun Pinedo, Pinpilinpauxa konpartsako kidea.

Publiko zabalarentzako pentsatutako ehunka jarduera antolatu ditu Bilboko Udalak: kontzertuak, kale animazioa, kirol probak, barrakak... beti ere, ondo pasatzea helburu. Udalak gomendatu du «Bilbo.Aste Nagusia 2023» telefono aplikazio ofiziala deskargatzea, jaien inguruko informazio guztia eskura izateko; hala ere, aurrez aurre ere egongo dira informazio guneak: Jaietako sailean (Aznar eraikina), Txikiguneko standean eta Plaza Biribileko eta Guggnheim Museoko turismo bulegoetan.

Musika ekitaldiak ehun baino gehiago izango dira hainbat eszenatokitan: Abandoibarra eta Europa Parkea (kontzertuak), Plaza Barria (kulturarteko musikarik ezagunenena eta Udal Txistulari Banda), Gizakundearen eliza (musika klasikoa), Bilborock aretoa (Bilbao Metal, Pop-rock erakusketa), Casilda Iturrizar parkea (bilbainadak), Doña Casilda parkea (guatekeak), plaza Biribila (dantzaldiak eta orkestrak) eta Areatzako kioskoa (Bilboko Udal Banda). Gainera, abuztuaren 26an, 12:30ean, Bilboko Koral Elkarteak, hainbat musikarirekin batera, Itsasadarra zeharkatuko du kantari, Itsasmuseumean hasita.

Tradizioari eutsiz, goizero hiribildua esnatuko da, 10:00etan, txistulari eta gaiteroen musikarekin. Euskal dantzak Plaza Barrian izango dira arratsaldero, eta bertso saioak Santiago Plazan, 13:00etan. Arriaga Plaza herri kirolen gunea izango da abuztuaren 23tik 26ra: harri-jasotzea, txingak edo aizkolariak... Pilota profesionaleko partidak Bizkaia Frontoian izango dira, arratsaldez, X. Bizkaia Torneoa jokatuko baitute, hilaren 22, 24 25 eta 27an. Bestelako pilota partidak, aldiz, abuztuaren 25ean eta 26an jokatuko dituzte, Erripako kaian dagoen pilotalekuan, emakume eta gazteen mailakoak, besteak beste. Bestalde, emakume zein gizonen traineru estropadak abuztuaren 20an ikusteko aukera izango da, Bilboko Itsasadarrera. Horretaz gain, aurten ere piraguan doan ibiltzeko aukera egongo da, Itsasmuseumetik gertu dagoen arrapalan.

Nola ez, Su Artifizialen Nazioarteko XXXI. Lehiaketako pirotekniek Bilboko zerua argituko dute gauero, abuztuaren 19tik 25era, 22:30ean. Hilaren 26an, aldiz, Valecea Pirotekniak (Araba) erakustaldia eskainiko du.

Familien gozamenerako

Ume eta familiek dibertsioa bermatuta dute Aste Nagusian, eta, nola ez, haurren derrigorrezko geldialdietako bat Txikigunea da. Umeentzako espazio horrek Casilda Iturrizar parkea hartuko du berriro ere; 30 jolas-jarduera baino gehiago izango ditu eta kale antzerkia eskainiko dute Pergolan arratsaldero. Hitzordu arrakastatsuena, Bali Balearen desfilea, igande arratsaldean izango da, Plaza Biribiletik abiatuta. Bali Balea izango da protagonista nagusia, baina lagun izango ditu olagarroa, txangurroa, bisigua eta txirla. Publiko horri begira, barrakak eta zirkua Etxebarria parkean izango dira, abuztuaren 11tik irailaren 3ra arte.

Erraldoi eta buruhandiak abuztuaren 20tik 27ra ibili dira kalez kale. Bi orduko ibilbidea egingo dute goizero, baina egun bakoitzean desberdina izango da. Pasabideen Museotik abiatuko dira lehenengo zazpi egunetan (Iturribide kalea, 3) 11:00etan. Jaietako azken igandean, ordea, abuztuaren 27an, Plaza Biribiletik irtengo da desfilea, 10:30ean, eta lagun askok osatuko dute. Izan ere, Euskal Herriko hainbat txokotako konpartsa elkartuko dira, 32. elkarretaratzea osatzeko, Bizkaiko Gaiteroak taldearekin batera. Areatzan bukatuko dute ibilbidea, 13:00etan. Gainera, Aste Nagusi osoan zehar eta irailaren 10a arte, Bilboko Erraldoiak erakusketa zabalik egongo da Mariaren Bihotza Aztarnategian (Mirasolgo Kondea kalearen 2. zenbakitik du sarrera).

Inklusiboagoa eta garbiagoa

Jaiak inklusiboagoak egiteko bidean, hainbat neurri hartu ditu Udalak: zeinu interpretea izango da pregoian eta umeentzako zein kale antzerki ikuskizunetan, braillez idatzitako eta Irakurketa Errazera egokituta programak egin dituzte, eta elbarrientzako sarbide eta kokapen lehenetsiak edo komun egokituak izango dira, besteak beste. Era berean, soinu-alteraziorik gabeko ordu-tarteak egongo dira, autismoa dutenek edo soinu gogorrak gogoko ez dituztenek ere barrakez gozatzeko aukera izan dezaten, inolako kalterik jasan barik.

Bilboko Aste Nagusiak gero eta garbiagoa izatearen erronka jarri du, eta bat egin du 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarriko 17 helburuekin. Helburu horiek protagonista izango dira, esate baterako, Txikigunean. Horrela, beste helburu batzuekin batera, iraunkortasuna bultzatuko dute, haurren aisialdi jardueretan. Jaietan sortzen diren hondakinak gutxitzea ere bada erronkaren parte, batez ere, erabilera bakarrekoak. Horrela, zakarrontzi eta edukiontzi asko jarri dituzte, hondakinak gaika eta biltzeko eta birziklatzea sustatzeko.

1983ko uholdeak gogoan

Bilboko Konpartsek ere badute euren egitaraua, eta aurtengorako 500 jarduera baino gehiago antolatuko dituzte, abuztuaren 19tik 27ra bitartean. Jai Batzorde Mistoaren ekitaldiez gain, 1983ko uholdeen osteko elkarlana oroitzeko ekitaldia eta txupineren abestia izango dira aurtengo hitzordu garrantzitsuetako bi.

Programazioan badira urteroko ezinbesteko hitzordu potoloak, esaterako, Lehiaketa Gastronomikoa eta aurten 25 urte beteko dituen Hiri Krosa. Jarraituko dute orain arte antolatu izan diren saskibaloi, bloodbowl, goitibera, igel-toka, open magic, waterpolo eta xake lehiaketek, baita mus txapelketak eta piraguen igoerak ere. Jarduera berriak izango dira, adibidez, skate eta rap eta hip-hop lehiaketak. Gainera, haurrentzako programazio berezia egingo dute: antzerki obrak, gastronomia lehiaketa, igel-toka, puzgarriak...

Programazio musikalak ez du hutsik egingo Areatzan: Kristonak, J Martina, Zirkinik bez, Xiberoots, Tribade, Malakias, Goxua’n Salsa eta Las Fellini izango dira protagonistetako batzuk, eta elektrotxarangak, erromeriak eta DJak ere izango dituzte.

Palak eta erratzak eskuetan eta zirak eta katiuskak soinean, dozenaka konpartsakidek lan egin zuten guztia garbitzeko duela 40 urte, uholde handien ostean: «Auzoak garbitzeko ahalegin kolektibo erraldoia egin zuten. Horren harira, Bilboko Konpartsak federazioak, Elkarlan Uholdea kanpaina egin du aurten, konpartsek bertan izan zuten rol garrantzitsua nabarmendu eta elkarlanaren balioa azpimarratzeko». Kanpainari amaiera emateko, oroimen ekitaldia egingo dute abuztuaren 26an, 13:00etan, Plaza Barrian, eta hainbat lekuko eta artista elkartuko dira. Hori dela eta, aurten, edalontzi berrerabilgarri berezia atera dute, uholdeen irudiekin apaindua, uholdeak hasi ziren egunaren urtemugan saltzeko.

Ostegunean, Txupineren egunean, Xabi Aburruzagak egindako Txupineren abestiaren aurkezpena egingo dute. Txupinera guztien gorazarre abestia izango da, baina, batez ere, aurten zendutako eta konpartsen federazioko presidente eta txupinera izandako Lurdes Luqueren omenezkoa.

Programazioaren berri emateko, 15.000 liburuxka atera dituzte konpartsek eta sakelakoetarako aplikazioa eskura izango da app.bilbokokonpartsak.eus gunean.

Amaitzeko, konpartsek gogorarazi dute ez dutela inolako erasorik onartuko eta deia egin dute txupina garbia izan dadin, denontzako atsegina eta irisgarria.

Bilboko establezimendu laguntzaileak: Bilboko UdalaBikabi Aseguruak, Kric Krac, Bilbotex, Goiko kiosko, Txokomex takeria-kantina, Café Nervión, Motrikes Bar, Fermin taberna, Luciano berri taberna, Kasko jatetxea, La Gilda del Norte, La Muga, Café Bar Bilbao, gili-gili eta Bodega Joserra