NAIZ

ELAk Amazonen azpikontrata den Vayven Deliveryren lan erregulazioko espedientea errefusatu du

ELA sindikatuak Vayven Deliveryren lan erregulazioko espedientea errefusatu du eta Amazoni langileen subrogazioa eskatu dio. Enpresa hau Trapagarango Amazonen azpikontrata izanik, sindikatuak adierazi du Amazonek bere gain hartu behar duela plantillaren subrogazioa.

LAk Vayven Delivery enpresaren lan erregulazioko espedientea errefusatu du.
LAk Vayven Delivery enpresaren lan erregulazioko espedientea errefusatu du. (ELA | Twitter)

ELAk Vayven Delivery enpresaren lan erregulazioko espedientea errefusatu du eta ,Amazonen azpikontrata denez, multinazionalari langileen subrogazioa eskatu dio. Vayven Delivery Trapagarango Amazonen azpikontrata den enpresa txikia da eta soilik multinazionalarentzat lan egiten du.

ELAk jakinarazi duenez, enpresak prozedura bat hasi du langileen kontratu guztiak amaitzeko, Amazonek azpikontrataren zerbitzuak alde batera uztea erabaki baitu. Orotara 23 pertsonek lan egiten dute mezularitzako eta paketeria txikiko zerbitzuen enpresan. Sindikatuak «bete-betean» egin du Vayven Deliveryk aurkeztutako EEEaren aurka.

Azpikontratako langileek Bizkaiko salgaien garraioaren hitzarmena aplikatzeko epaia irabazi zion Vayven Deliveryri, ELAk azaldu duenez. Hala ere, Amazonek «kostuak merkatzeko», azpikontratari epaia ez betetzera behartu zuen, kontratu hausteko mehatxua eginez. Sindikatuaren arabera, Vayvenek epaia ez bete arren, multinazionalak kontratua amaitutzat eman du.

ELAk salatu du gertaera honek agerian uzten duela Amazonek sortutako enpleguaren «etengabeko prekarietatea», langileena zein azpikontratena. Multinazionalaren politika «irregulartasunez eta legez kanpokotasunez» beterik dagoela nabarmendu nahi izan du.

«ELAk Vayven Deliveryn enpleguarekin jarraitzearen alde borrokatuko du, bai bide sindikaletik mobilizazioak planteatuz, bai bide juridikotik, Amazoni plantillaren subrogazioa exijituz», adierazi du sindikatuak.