NAIZ

Konpartsen aurka egin dute sindikatu polizialek, erasotuak beraiek direla esanez

Udaltzaingoaren partetik zenbait eraso jasan izana salatu zuten konpartsakideek asteartean Aburto alkatearen aurrean, eta biharamunean ELAk, CCOOk, ErNEk eta Esan-ek konpartsen aurka egin dute, erantzun gisa. Polizia dela «beren erasoak jasaten dituena» aipatu dute.

Konpartsakide bat txistuka, Aburtoren aurrean asteartean eginiko protestan.
Konpartsakide bat txistuka, Aburtoren aurrean asteartean eginiko protestan. (Aritz Loiola | Foku)

ELA, CCOO, ErNE eta ESAN sindikatuek «babes osoa» eman diote Bilboko Udaltzaingoari, guztiak batera sinatutako ohar batean, konpartsakideek asteartean egindako salaketari erantzunez, Juan Maria Aburto alkateari zuzenean helarazita. Zenbait eraso zehaztu zituzten protesta honekin konpartsek. Sindikatu polizial hauek ez dituzte gezurtatzen, baina «erasotuak» beraiek direla adierazten dute.

Konpartsei hiritarren segurtasunaren babesle gisa agertzea leporatzen diete lau sindikatu hauek, baina egunerokoan «hiritarren defentsan» ari diren «polizikideen lana oztopatzen» dutela salatzen dute.

Konpartsakideen partetik etengabe «erasoak» jasaten dituztela adierazten dute ELAk, CCOOk, ErNEk eta Esan-ek, inolako kasuren berri eman gabe. Aburtoren aurrean protesta egin zutenek, ordea, gauza ugari zerrendatu zituzten. Batzuk jakinak ziren aurretik, kaleko saltzaileen aurkako jazarpena kasu, baina beste zenbait orain eman dituzte argitara. Horien artean, bi emakume konpartsakide udaltzainek erretenitu izana, kalean txiza egiten ari zen gizonezko bati jokaera hori aurpegiratu ondoren. Dirudienez, kalez jantzitako udaltzaina zen eta bera laguntzera heldu ziren gainerako lagunak, 30 inguru, hauek uniformea jarrita.

Beren lana «profesionala» dela aldarrikatzen dute sindikatu hauek: «Sexu erasoen ustezko egileak» eta «lapurretan» ari direnak atxilotzen dituztela aipatzen dute. Hori bera erantzun zien Aburto alkateak asteartean tortila lehiaketan parte hartzen ari zela bere aurrean protesta egin zutenei: herritar gehienek polizi ekinbide honen indartzea eskatzen dutela.

«Politika egiten dute»

Hau guztia esana, Bilboko konpartsen «irain eta mehatxuak» salatu eta bertan behera uzteko eskatzen dute sindikatu hauek. Eta «behingoz» kritika hauei muga jarri behar zaiola eransten dute, adierazpen askatasunak ezin dituelako honelakoak babestu. «Politika egitea» ere egozten diete.

Jaien aurretik jada giroa nabarmen gaiztotu zen Udaltzaingoaren eta herritarren artean, kale saltzaile baten defentsan ari zen emakume bat atxilotua izan ostean. Honek udaltzain bati eraso larria egin ziola ziurtatu zuten sindikatuek eta Udalak, baina bideo irudiek ez dute tesi hori berretsi, kontrakoa baizik.