NAIZ

Mendigorria inguruan piztutako suteak baso bat erre du baina kontrolatuta dago

Ostegun arratsaldean baso sutea piztu da Artaxoa eta Mendigorria artean, eta oraindik ez dute itzaltzea lortu. Nafarroako Gobernuak lau parkeetako suhiltzaileak, bi helikoptero eta pare bat hegazkin bideratu ditu bertara. Gares eta Mendigorria arteko errepidea itxita egon da.

Suhiltzaileak lanean Artaxoa aldean.
Suhiltzaileak lanean Artaxoa aldean. (Eduardo Sanz | Europa Press)

Añorbe, Obanos, Artaxoa eta Mendigorriako inguruak kaltetuta daude, ostegun honetako 15.00ak aldera piztutako baso-sutearen ondorioz. Nafarroako Baso Suteen Planaren bigarren fasea aktibatu dute sutea kontrolatzeko suhiltzaileek izandako arazoengatik eta azkenean lortu dute, baina oraindik ez dute itzali. NA-601 errepidea itxita egon da bi noranzkotan, Gares eta Mendigorria arteko errepidea, alegia.

Ahalik eta baliabide gehien bideratu ditu Nafarroako Gobernuak bertara: Nafarroako lau suhiltzaile parketako hainbat kamioi, bi helikoptero eta lurrean kargatzen den hegazkin bat, suhiltzaile eta Foruzaingoko langileekin batera. Guardia Zibila ere bertaratu da, eta bertako animaliak babesteko beste toki batera eramaten dabiltza.

Horrekin batera, ondoko herri askotatik nekazariak hurbildu dira erretzen ari zen eremua isten laguntzeko, beren traktoreekin. Pozik eta esker onez agertu dira Mendigorriako biztanleak, jasandako laguntzarekin, baina triste Motxuelo izeneko pinudia erabat kiskalita gelditu delako.

Guardia Zibilak sare sozialetan jakitera eman duenez, Garesko igerilekuak hustu dituzte, helikopteroari ura biltzen lagundu eta sugarretara botatzeko. SOS Nafarroak jakinarazi du aireko baliabideak ura kargatzen ari direla Mendigorriako igerilekuan eta Artaxoako urtegian. Allotzeko urtegian ere ura kargatzen ari dira.

 


Gau partean tenperaturek nabarmen egin dute behera alde honetan eta honek ere sutea kontrolatzen lagundu du.

Sutea Aralarren

Bestale, Aralarreko mendigunean ostegunean piztu zen sutea orotara 10 hektarea inguru erre ditu. Goizeko 7.00tan hasi zen eta 9.30etan kontrolatzea lortu zuten. Erretako eremua Ernio eta Igartza artean dagoen mendi-hegala da, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan. Batez ere, larreak, sastrakak eta zuhaitzak erre dira.

Goizean sua itzaltzea lortu arren, baso-suteen alerta laranja piztuta zegoenez, suhiltzaileek egun osoan zehar burutu zituzten zaintza lanak, ostiral goizera arte.

Gipuzkoak Foru Aldundiak adierazi duenez, sutea kontrolatzeko lanean zebilen suhiltzaile bat erori eta zauritu zen.

Momentuz, adituak sutearen jatorria aztertzen ari dira.