Festazaleek oraindik ere badituzte gordetako datak datozen egunetarako. Izan ere, uda bukatzen ari den honetan, oraindik ere jaiak ditugu han-hemen. Erandiok (Bizkaia) zabaldu du aste honetako zerrenda, eta Nafarroako hainbat herrik jarraituko dute.
Hain zuzen, ostegunean hasi zituzten San Agustin jaiak Erandion, eta astelehenera arte (abuztuak 28) izango dute jai giroa herrian, Bilboko itsasadarraren eskuinaldean. Elkarlanean aritu dira udal langileek, jai batzordea, kuadrillak, kolektiboak, merkatariak eta babesleak eta programazio betea osatu dute denen artean.
Basamortu Lagun Taldeak izan du aurtengo jaiei hasiera ematearen ardura, eta ondorengo jarduerak askotarikoak izango dira: kuadrillen jaitsiera, bertsolariak, parrilladak, kontzertuak, lehiaketak, apar festa, kantu poteoa, kukaña... gainera, kuadrillen artean lehiak izango dituzte, herri kiroletan eta playbackean abestuz euren onena emango baitute, eta, horretaz gain, gau bereziak egingo dituzte, 1980ko eta 1990eko hamarkadak oroituz.
Erandioko establezimendu laguntzaileak: La Plaza taberna eta Dathorren taberna.
Lakuntzako jaiak larunbatetik ostegunera izanen dira (abuztuak 26-31). Aurten, Lagun Arteako jubenilek botako dute jaiei hasiera emango dien txupina, 12:30ean, ezkil errepikaren ostean, eta hortik aurrera jaiak ez du etenik izango.
Lakuntzako Udalak festa inklusiboak izatea sustatu nahi du aurten ere, beraz, zenbait neurri hartu dituzte: udaletxeko beheko solairuan gune lasaia egonen da 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 22:00etara; atrakzioetan eta puzgarrietan behar bereziren bat daukan pertsonak edo familiek arduradunei eskaera egin diezaiokete, eta festen programan suziri batekin markatuta egonen dira suziriak botako diren ekimenak. Horretaz gain, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun zerbitzuarekin elkarlanean, Indarkeri matxisten prebentzioa eta sentsibilizaziorako gunea izanen dute herrian.
Gainontzean, ez dira festetako klasikoak faltako: Larrain Dantza, erraldoi eta buruhandiak, kontzertuak, herri kirolak... eta nola ez, Nafarroako auzate klasikoak. Gainera, igandean (abuztuak 27) Lakuntzako erraldoi eta buruhandien konpartsaren 20. urteurrena dela eta, kalejira berezia egingo dute, Irurtzungo erraldoi eta buruhandien konpartsarekin.
Lakuntzako establezimendu laguntzaileak: Lakuntzako Udala, Junkal Autoservicio eta Irumendi Construcciones.
Sei egunez izango dituzte San Ramon jaiak, aldiz, Irunberrin, abuztuaren 30etik irailaren 4ra. Ilunberri kirol elkartea arduratuko da jaiei hasiera emango dien txupina botatzeaz, izan ere, ehun urte bete ditu elkarteak. Asteazkenean (abuztuak 30), San Ramon bezperan, 12:00etan botako dute suziria Ilunberriko kideek, udaletxeko balkoitik, eta, ondoren, Ilunberri txarangak girotuko ditu herriko kaleak, erraldoi eta buruhandien laguntzarekin.
Musika eta adin guztiei egokitutako jarduerak izanen dituzte jaietan. Txarangak, kontzertuak, Larrain Dantza, entzierroak, jota-erronda, haur parkea, zezen suzkoa... denetik izanen dute. Eta azken egunean, udaletxeko balkoitik 'Gaixoa ni' abestuz agurtuko dituzte jaiak, datorren urtera arte.
Irunberriko establezimendu laguntzaileak: Camping Iturbero eta Edaska distribuciones.
Irunberriren egun berean hasiko dituzte jaiak Berriozarren. Izan ere, abuztuko azken asteazkenean hasten dituzte beti jaiak Berriozarren, eta bost egunekoak izanen dira; aurten, abuztuaren 30etik irailaren 3ra, eta ohiturari jarraituz, Eguzki plazako kioskotik botako dute txupinazoa. Iruñalde zentroko adineko pertsonek botako dute jaien hasierako txupina, 18:00etan: «Berriozarko adinekoen urtea izan da. Erreferente argiak izan dira integrazioari, dedikazioari, ilusioari eta herriarekiko konpromisoari dagokionez, eta benetako lezioa eman digute zaintza eta bizikidetza gaietan», aipatu du Iker Mariezkurrena alkateak.
Jaione Mariñelarena Farea berriozartarraren «Dena prest, bakarrik zu falta zara!» izeneko kartelak iragarri ditu aurtengo jaiak. Askotarikoak dira festetan antolatzen dituzten jarduerak: tradizionalak batzuk, jaietako osteguneko Maiordomoen dantzaldia esaterako, eta berritzaileak ere bai. Herriko elkarteek protagonismo berezia dute festak antolatzerakoan eta herri musikaria dela argi uzten dute, izan ere, presentzia izaten dute Musika Bandak, Erraldoien Konpartsak, Gaitariek eta Fanfarreak herriko kaleetan.
Eguzki Plaza, Ilargi Parkea eta Auzo Zaharrean izango da dantzaldietarako aukera, aukera zabalarekin, Edelweis, Zamburiñas, Eztita, Yatagan edota Juantxo Skalari eta Hirukiak taldeen eskutik.
Erraldoi zaharrak kalean izango dira, gainera, 15 urteren ondoren. Izan ere, 1983an iritsi ziren Berriozarrera lau erraldoi eta segituan Txomin, Maritxu, Mikel eta Miren izenak jarri zizkieten herrian. Bidaia asko egin zituzten, baina 2003an, ordea, baztertu egin zituzten guztiz, erraldoi berriengatik, jasaten ari ziren narriadurarengatik. 2008an atera zituzten berriro, 25. urteurrena ospatzera. Ez zeuden batere egoera onean, eta berrikuntza lanen ostean, kalez kale berriro laster dotore ibiltzea espero dute.
Berriozarreko establezimendu laguntzaileak: Berriozarko Udala eta A-Zero kopistegia.
Otsagabian egun bat beranduago hasiko dituzte jaiak edo xeiak (han dioten moduan), ortzegunean. Zehazki, abuztuaren 31tik irailaren 4ra izango dute ospakizuna. Txupina 12:00etan bota eta elkarrekin bazkalduko dute bizilagunek Arboledan.
Antolatutako jardueren artean, bingoak ez du hutsik egingo egunero eta lehiaketa gehiago izango dituzte: kalderete, paella, mus eta briska. Dantza emanaldiak eta haurrentzako jarduerak ere antolatu dituzte. Horretaz gain, trikidantz, Dj Txetxu, Mariaxitoz blai, Pancho Balbuena eta Los Relocos arduratuko dira, besteak beste, gauak girotzeaz.
Otsagabiko establezimendu laguntzaileak: Gartxot Elkartea eta Orhipean construcciones.