NAIZ

Barrenetxeak 27 tanto behar ditu Urrizaren aurka finalera zuzenean sartzeko

Egungo txapeldunak ez du inolako aukerarik, baina hernaniarra 26 tanto edo gutxiagotan uzten badu, Ansa II.a izango da finalerako txartela eskuratuko duena.

Barrenetxea eta Urrizak final ugari jokatu dituzte elkarren aurka.
Barrenetxea eta Urrizak final ugari jokatu dituzte elkarren aurka. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Iazko buruz buruko finalaren errepikapena jokatuko da larunbat honetan Galarretan, hori bai, egoera arras desberdinean helduko dira final laurdenetako ligaxkako azken partidara bi finalistak. Endika Barrenetxeak finalerako sailkapena nahi du Urrizaren aurka eta horretarako hernaniarrak nahikoak ditu 27 tanto. Muga horretara helduko balitz, zuzenean sartuko litzateke finalera, finalerdia jokatu behar izanik gabe, lehen postuan amaituko bailuke ligaxka.

Egungo txapeldunak, ordea, Urrizak ez du inolako aukerarik aurrera egiteko. Azkenengo postuan geratuko da, nahiz eta garaipena lortu. Lehen bi partiduetan 23an geratu zen, Juanenearen eta Ansaren aurka, eta lau puntu ez dira nahikoak izango aurrera egiteko. Hala ere, txapeldun handia da eta garaipenarekin esan nahi dio agur Buruz Burukoari. Gainera, Barrenetxearen aurkako partidak beti dira pizgarriak eta azken urteotan klasikoak bihurtu dira txapel asko lehiatu baitituzte bi erremontistek.

Barrenetxeak zortzi puntu ditu sailkapenean partidu honen faltan eta jokaturiko biak irabazi ondoren. Ansak 10 puntu batu ditu hiru partiduetan. Bien arteko norgehiagoka Barrenetxeak irabazi zuen, 30-27, eta puntuen arteko berdinketan hernaniarrak lortuko luke sailkatzea. Aurtengo txapelketan izan duten ibilbidea ikusita Barrenetxea da faborito, sasoi betean dago, baina Urrizak orain arteko arantza atera nahi izango du, hainbeste eman dion txapelketa honetako bere azken partida izan daitekeenean.

Odei Arregiren agurra

Ziurra dena da, larunbatekoa izango dela Odei Arregi (Tolosa, 30 urte) erremontistak profesionaletan jokatuko duen partida. 2021eko azaroan debutatu zuen Oriamendi enpresarekin eta bi urte bete aurretik beste erronka batzuk ditu aurretik. Azkenengo partida Loitegirekin jokatuko du, Gurrutxagaren eta Zalduaren aurka. 18:00etan hasiko da partida eta jaialdia.