Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevue
Ioseba Amunarriz
Hondarribiko patroia

«Faltan botatzen dugu lehen eta bigarren postuetan gehiago egotea»

Azken bost estropadetan ligako emaitza txarrenak izan ditu Hondarribiak: lau laugarren postu eta bigarren bat. Urdaibai bederatzi puntutara dute, eta lau estropada falta dira liga amaitzeko. «Ligarako jokoan ez, baina aurrean ibiliko gara», esan du Amunarrizek. Kontxa «on bat» egiteko gogoa dute.

Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroia klubeko arraun elkartean.
Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroia klubeko arraun elkartean. (Jon URBE | FOKU)

Azken urteotan Hondarribia hobekien deskribatzen zuen hitza erregulartasuna izan da. Aurten hori falta izan zaio, pixka bat. «Laugarren postutik ez gara jaitsi, baina laugarren postu asko egin ditugu», adierazi du Ioseba Amunarriz (Hondarribia, 1979) ‘Ama Gudalupekoa’ traineruko patroiak. Hain justu, bost laugarren postu egin dituzte. Zarauzko Ikurrineko bi estropadetan haien «arraunketatik kanpo» ibili ziren, Amunarrizen ustez. Liga Urdaibairen mende dagoela esan du. Bihar Ondarroan lehiatuko dira (18.15ean), eta etzi Getarian (12.15ean).

Zarauztik sentsazio txarrekin bueltatu al zineten etxera?

Pixka bat bai. Galiziatik pozik etorri ginen egindako estropadengatik, eta ilusioa genuen Zarautzen ondo ibiltzeko, baina ez ginen ondo aritu. Bi egunetan ez genuen geure burua aurkitu, gure arraunketatik kanpo ibili ginen. Eta, azkenean, bi laugarren postu.  

Nola joan ziren estropadak?

Larunbatean egia da pixka bat galduta ibili ginela. Aurreneko luzean ondo ibili ginen, baina barrurantz ez ginen moldatu. Ez badituzu olatuak aprobetxatzen, atzean geratzen zara, beste estropada joko batean sartzen zara, eta azkenean buruak asko jokatzen du. Segundoak erraz erortzen dira. Igandean estropada txukuna egin genuen. Aurrekoekin bi-hiru luze borrokan ibili ginen. Bermeo joan zen, baina Donostiarrarekin hor aritu ginen, eta azkeneko luzera arte eutsi genion. Pozik gaude egindakoarekin.

Urdaibai geldiezin dabil. Zaila da haiek menderatzea?

Bueno, zaila... Agian zorte pixka bat eduki behar duzu haien mailan ibiltzeko. Oso indartsu daude, eta oso ondo ari dira. Baina gure maila eta ehuneko ehuna ematen badugu, hor ibiliko gara seguru.

Azken bost estropadetan, lautan laugarren geratu zarete. Bolada txar bat pasatzen ari zarete?

Bai, emaitzen aldetik esan daiteke bolada txar bat igarotzen ari garela. Urte honetako emaitza txarrenak dira: laugarren postutik ez gara jaitsi, baina laugarren postu asko egin ditugu. Agian beheraldi bat pasatzen ari gara, gu ere ez gara ondo aurkitzen. Ea buelta ematen diogun eta berriro estropaden lehian ibiltzen garen.

Iazko sasoiarekin alderatuta, hobeto ikusten duzu taldea?

Agian, beste urteak ikusita, erregularragoak izan gara. Ez gara jaitsi laugarren postura hainbeste, beti ibili gara lehenak, bigarrenak edo hirugarrenak, eta liga baten jokoan ibiltzeko, aurreko postuetan ibili behar duzu. Agian faltan botatzen dugu lehen eta bigarren postuetan gehiago ibiltzea.

Lau estropada besterik ez dira falta liga amaitzeko. Nola ikusten duzu ligarako lehia?

Ligara begira ematen du beraien mende dagoela. Bederatzi puntu dira eta lau estropadarako puntu asko dira. Estropadaz estropada joan beharko dugu. Saiatzen bagara ahal den estropadarik txukunena egiten eta ahal den aurreen ibiltzen, ligarako jokoan ez baina, aurrean ibiliko gara.

«Egia da gogoa dugula Kontxa on bat egiteko. Irabaztea zaila izango da denontzat. Gure maila ematen badugu, aurkari zaila izango gara»


Zierbenak Galiziako bi estropadak irabazita, 11 puntuetatik laura murriztu zuen Urdaibairekiko aldea.
 
Bai, gerta daiteke, jakinda Getariako eta Ondarroako eremuak oso aldakorrak direla; bai kaleetan, bai haize kontuetan. Ikusita izaten ari diren eguraldiaren aurreikuspenak, esan daiteke puntuak galtzeko edota irabazteko gaitasuna duenak irabaziko duela.

Urdaibaik bederatzi estropada irabazi ditu aurten, zortzi bandera. Nagusitasun handia erakusten ari da. Zuen demeritua baino, haiek oso ondo ari direla esango zenuke?

Niretzat beraien meritua ere bada. Kuadrilla handia dute, gauzak ondo egiten ari dira. Besteek ez baldin badugu egin, ez da beraiek huts egin dutelako; sekulako koadrila dute, koadrila on bat egin dute dena irabazteko, haiek esaten duten bezala, eta begira: ondo egiten ari dira eta beraien meritua da hori dena.

Zer esaten dizue Orbañanosek?

Ilusioa ez galtzeko inoiz. Ilusioarekin etortzeko, gauzak ondo egiteko, eta saiatzeko gure gauzak ahalik ondoen egiten. Hori falta zaigu aurten estropada askotan. Eta nire ustez, hori egiten saiatzen bagara,  hor ibiliko gara berriz.

Asteburu honetan itsasoan izango dituzue bi estropadak. Iaz Getarian gertatu zena eta gero, inoiz baino gogo gehiagorekin joango zarete?

Bai, urte guztiak diferenteak dira, eta egia da Getariko estropada hori ilusio batekin hartzen duzula. Iazkoa pasatuta, ziaboga txar hura... Jakinda zorte txarra pasatu dela eta zorte ona etorriko dela, hori bilatu behar dugu.

Nola ikusten dituzu arraunlariak?

Ilusioarekin daude. Egia da kolpea hartu genuela. Baina behin lehorrera iritsitakoan, aurpegia aldatzen zaie. Hondarribiko kuadrillak gaitasun bat baldin badu da oso azkar buelta ematen diela momentu txarrei, eta ondo ibiltzen garenean ere, ez garela igotzen. Orduan, erraza da buelta ematea eta berriz lehian jartzea, estropadak jokatzeko.

Kontxa motibazio iturri ederra izango da zuentzat, ezta?

Bai, Kontxa beste estropada bat da. Azkenean, uda osoan egon behar duzu erregularra izaten, dena oso ondo egiten, eta Kontxa hiru egun dira. Hiru egun ondo egin behar dira, zorte asko izan behar duzu Kontxa bat irabazteko, eta zorte gehien duenak eta gauzak ondoen egiten dituenak eramango du Kontxako bandera.

2018tik hiru urtez jarraian irabazi zenuten Kontxa. Bi urte pasatu dira irabazi ez duzuela. Luze egiten da?

Bai. Askotan Kontxa bat irabazten ez baduzu, hiru jarraian irabazi eta gero, aurrenekoan zapore hori geratzen zaizu, eta bigarrenak jada izorratzen zaitu gehiago. Eta hirugarrenean ea. Egia da gogoa dugula Kontxa on bat egiteko. Irabaztea zaila izango da denontzat. Gure maila ematen badugu, aurkari zaila izango gara. Nork daki; ez baldin bada aurten irabazten, hurrengo urteren batean irabaziko dugu.

Zein izango dira aurkari nagusienak?

Aurrean ibili garen bostak: Bermeo, Zierbena, Donostiarra eta Orio. Gero norbaitek zorte pixka bat badu kaleren batekin, edo txanda batetik bestera aldea badago, lehian ere egon daiteke.

Azken hamar urteetako Kontxak Gorka Aranberri eta zure artean banatu dituzue. Zuk bost dituzu, denak Hondarribiarekin, eta hark, zazpi, talde desberdinekin.

Egia da Kontxa asko direla bion artean. Berak bi gehiago ditu, baina horri ez diot begiratzen. Askotan ilusioa egiten dit etxeko taldearekin irabaztea. Hondarribian hainbeste denbora banago da gustura nagoelako, eta gustura daudelako nirekin. Azkenean etxekoekin bost Kontxa irabaztea polita da: ikustea herriko jendea, denak berdez jantzita, denak pozik, negarrez... beti betetzen zaitu gehiago.